Durangoko Azoka

Landako guneak itxura berria izango du

Durangoko Azokak egurrezko erakusmahaiak jarriko ditu aurrerantzean. Abenduaren 5etik 8ra, guztira, 200 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte, eta 405 nobedade egongo dira.

Durangoko Azokako antolatzaileak Landako Gunean izango diren stand berriekin. BERRIA
Inigo Astiz
2019ko azaroaren 20a
13:36
Entzun

Aurpegi berria izango du Durangoko Azokak. Azken 30 urteetan azokaren eskeletoa osatu duten erakusmahai zuriak kendu, eta egurrezko mahaiak jarriko dituzte hemendik aurrera. «Gure asmoa izan da gaur egungo joeretara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea», azaldu du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak. «Azokak bere burua eguneratzeko eginahaletan jarraitzen du». Gaur aurkeztu dituzte, Durangon bertan, 54. aldiaren nondik norakoak, eta webgunean jarri dute programa osoa. Azoka osatzen duten gune guztietako ordezkariak egon dira prentsaurrekoan, eta, zehaztu dutenez, guztira 264 erakusmahai izango ditu aurten Landako guneak; 405 nobedade aurkeztuko dira bertan, eta 200 kultur ekitaldi baino gehiago biltzen ditu programak. Baina aurtengo berrikuntza ez da soilik estetikoa izango. Espazio berri bat ere izango du azokak, eta antzerki eta dantza jaialdi bat antolatuko dute asteburuan Szenatokia gunean.

Azokaren zabalpena

Durangoko Bartolome Ertzilla musika eskola ere hartuko du aurten azokaren programazioak. Landako gunearen atzealdean bertan dago eraikina, eta azken urteetako zabalpenerako joerak eraman ditu antolatzaileak espazio hori ere baliatzera. "Azoka handitzen ari da, eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza", azaldu du Mujikak. Eta horregatik gune berria. Hantxe inauguratuko dute azoka, adibidez; hara mugituko dituzte Gogoetaren Plaza programako solasaldiak, eta DA! PRO izeneko profesionalentzako egitasmoa ere han egingo dute.

Abenduaren 5ean egingo dute saio hori, goizez, lehen egunean. Eta proiektu hori izango da azokaren beste nobedadeetako bat. Lehenengo aldiz musika sektoreko sortzaileentzako, programatzaileentzako eta profesionalentzako topagune bat izango da DA! PRO. Musika Bulegoarekin elkarlanean sortu dute espazioa Gerediaga elkarteko kideek, eta sektoreko jendearen arteko hartu-emanak sustatzea da helburua.

Antzerki eta dantza jaialdia

Azoka asteburuan egingo den antzerki eta dantza jaialdia da aurtengo beste nobedadea. Arantza Arrazola da gunearen koordinatzailea, eta berak aurkeztu du proiektua. Euskal Herriko 10 konpainiak hartuko dute parte jaialdian, eta 30 emanaldi baino gehiago eskainiko dituzte. Formatu laburreko lanak izango dira guztiak, eta Sanagustin gune osoa hartuko dute. Agertokian egingo dituzte saio batzuk, baina ganbaran, bulegoan eta eraikineko beste txokoetan ere egingo dituzte emanaldiak.

Ahotseneak bi gune izango ditu aurten ere: solasaldi formatuetarako bata, eta zuzeneko emanaldietarako bestea. Unai Pelayok aurkeztu du bertako programa. Esan duenez, 49 disko aurkezpen eta 62 solasaldi emango ditu guneak guztira, eta 111 sortzaile bilduko dituzte. Disko gehienak autoekoizpenak direla ere zehaztu du Pelayok, eta, azaldu duenez, azken bi urteetan euskarazko komikigintzak bizi duen loraldia ere igar daiteke Ahotsenearen programazioan.

Kanona mintzagai

Aurkezpenak egiteko gunea izango da Landako guneko Areto Nagusia, baina bi mahai inguru ere nabarmendu ditu programan Esther Soto koordinatzaileak. Euskadi Sariak jaso dituzten idazleek eskainiko dute haietako bat, abenduaren 7an, Euskadi Sariak euskal literaturaren kanonetatik at? titulupean. Eta dokumentazio zentroen erronkei buruzkoa izango da bestea, abenduaren 8an. Bestetik, Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak eta Rachel Newton musikari eskoziarrak elkarrekin osatutako Throwing voices ikuskizuna ere eskainiko dute azokako larunbatean.

Dokumentalek eta sarerako sortutako euskarazko ikus-entzunezkoek izango dute pisua aurten Irudienea gunearen programazioan. ETS, Zetak, Arcada Social eta Maider Zabalegiren kontzertuak hartuko ditu Plateruenak azokako gauetan. Aurkezpenak eta tailerrak egingo dituzte Saguganbara gunean. Eta programazio ikastaroak, bideo jokoak eta Wikipedia elikatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Kabi@ guneko arduradunek. Autoekoizleen plaza izeneko gunea ere egongo da Landako gunean, eta 14 proiektu egongo dira bertan eskuragarri.

Antzeko aurrekontua

675.450 eurokoa da aurten aurrekontua: gutxi gorabehera, erakunde publikoek jartzen dute kopuru horren erdia, eta babesle pribatuek jarritako diruarekin eta erakusmahaien alokairuarekin osatzen da beste erdia. «Handia» da diru horrekin azokak egiten duen ekarpena, Gerediaga elkarteko ordezkarien hitzetan. Azokak euskal kulturaren transmisioan egiten duen lana jarri du horren adibidetzat, eta kulturgintzaren sektorean eta Durangoko inguruan uzten dituen etekinak ere izan ditu gogoan. Azken urteetan izan duten diru kopuruaren «antzekoa» da aurtengo aurrekontua, Mujikaren arabera.

Durangora garraio publikoz joateko gonbita egin diote jendeari antolatzaileek. Halere, autoz etortzen direnentzat, autobide guneko aparkalekuetatik Durango erdialdera joateko doako autobusak jarriko dituzte, 10 minututik behin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.