Literatura

Lanbropean gelditutakoaz galdezka

Orainean hasi, eta orainean bukatzen da Pello Lizarralderen nobela berria, baina iragan hurbila du jomuga. Bi ahotsetan idatzia, gertatu zenaren metafora izan liteke 'Lanbroa'.

Pello Lizarralde, Donostian. JON URBE / FOKU
Pello Lizarralde, Donostian. JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko apirilaren 15a
16:50
Entzun

Gertaera bat, aspaldikoa. Baina bi ahots, lehen pertsonan idatziak biak ere. Gizonezko batena bata, eta emakumezko batena bestea; aldizkatu egiten dira, eleberriaren hari nagusia osatzeko, elkarren kontrasteaz. 22 urteren ondoren, merkataritza gune batean egokitu dira gizon-emakumeak, ezustean. Gizona familiarekin dabil paseoan; emakumezkoa, berriz, erosketan. Ez dute begiradarik gurutzatu, baina ezin esan elkar ikusi ez dutenik. Tupustak eragin dien asaldurak denda artetik lehenbailehen atera, eta etxera itzultzeko premia larria ekarri die batari zein besteari. Atzean utziriko gertaera hura biziberritzeko ahalegina egingo dute, nork bere etxean: lanbroak hartutako lurralde batean barrena ibili ziren ihesi, zazpiren bat orduz edo, autoz, helburu zuten muga lausora noiz iritsiko. Horixe du hezurdura eleberriak, eta horixe ilustratzen du liburuaren azalak ere. Jose Ignacio Agorreta margolariak (Iruña, 1963) egina da.

«Lehen orrialdeek irakurketa politikoa egiteko tentaldia eman dezakete beharbada, baina, azala utzi eta barrura eginda, oso nabaria da ez dela hori nire asmoa: ez dago analisirik, ez proposamenik, ez ideiarik; galdera besterik», esan du idazleak. Hain zuzen, galderak zaizkio axola, bereziki zailak zaizkionak eta erantzun bat baino gehiago dutenak. «Horien oinarrian iragana dago beti: iraganak dituen bihurguneak, norberari uzten dioten zama, infernu txikiak». Gogoratze eta ez gogoratze horretatik dator memoria, aspaldion hitzetik hortzera darabilen kontzeptu hori bera. Eremu zabala hartzen du, eta adiera ugari izan ditzake. «Memoria jardunak konnotazio argitsuak dituela uste da, inoiz okertutako hori zuzen dezakeela, baina ez da beti horrela izaten».

«Ahaztu egiten dugu salbatu ere egin gaitzakeela ahanzturak, eta bizitza eramangarria egiten laguntzen duela». PELLO LIZARRALDE Idazlea

Memoria eta ahanztura

Gogorapenaren ifrentzuan ahanztura ageri da. Memoriak ez bezala, oihartzun ilunak ekartzen ditu, ordea. «Baina ahaztu egiten dugu salbatu ere egin gaitzakeela ahanzturak; bizitza eramangarria egiten laguntzen duela».

Lanbroa eleberriko bi protagonistak lehenik ahanztera behartu ditu bizitzak, eta, ondoren, gogoratzera, baldin eta aspaldiko iluntasun hura behin betiko atzean utziko bazuten. Eremu horretakoak dira Lizarralderi axola zaizkion itaunak: «Gai ote gara nahi duguna ahanzteko? Gai ote gara nahi duguna gogoratzeko?». Memoriak edo gogoak ezinbestean bere bidea egingo duela uste duenarentzat zentzugabeak izan litezke galdera horiek. Idazleak ez du hala uste: «Normalak ere badira, batez ere erruak eta hutsegiteak tarteko direnean eta trumilka datozenean». Misterioz josita daude, bestalde: «Inoiz ez baitakigu ustez ahantzitakoa noiz arte geratuko den ahanzturaren putzuan, edo zein neurritan garen gauza gertatu zena gogoratzeko».

Gertaera jakin bat eta berorren gainean norberak gogoan gorde duena bat eta bera direla uste izateko joera dagoela nabarmendu du Lizarraldek. Aldamenean beste inor egon denean, ordea, bestelako bertsioak sortzen dira, eta horrelakoetan ere galderak datoz: «Zer irabazten dugun ahanzten dugunean, eta zer galtzen dugun ahanzten gaituztenean». Galderei erantzuteko alderdi garrantzitsu zenbait aipatu ditu: «Nondik begiratzen duzun, eta zein neurritan barneratu duzun hala zeurea, nola ondoan zegoenarena».

«Oinazea berpizten denean konturatzen zara kosta egingo zaizula beti argia ikustea, baita bestearen lekuan jartzea ere». PELLO LIZARRALDE Idazlea

Erantzun garbirik ez

Erein argitaletxeko editore Inazio Mujikak esan duen gisan, lanbroa «gertatu zenaren metafora gisa» uler liteke. «Galderetatik abiatu nintzen, baina neronek ere ez dut erantzun garbirik», baieztatu du Lizarraldek. Distantziak ere zailak dira lanbrotan: «Oinazea berpizten denean konturatzen zara kosta egingo zaizula beti argia ikustea, baita bestearen lekuan jartzea ere». Ildo horretan, lan handia egin duela aitortu du Lizarraldek: «Pertsonaia guztiak maitatu behar direla iruditzen zait, denei eman behar zaiela aukera, eta alde horretatik orekatuta dagoela uste dut».

Lizarralderen aburuz, lanbroa ez da erabat saretuko, baina aurrera egiteko modua bilatu behar da, betiere, «kontsolamendurik gabe».

Zaila egin zaio bi ahots taxutzea: «Irakurlea elkarrizketekin konbentzitzea oso zaila da». Bestalde, literaturan ideia gehiegi sartu nahi izaten dela iruditzen zaio. Hark, bai irakurle gisa baita idazle gisa ere, nahiago ditu kontakizun sentsorialak, hots, «zentzumenek erakusten dutena jaso, eta horien bidez eusten diotenak narrazioari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.