Lanaz gogoeta egiteko ikusgarria ondu du Osa + Mujika konpainiak

Dantza garaikideko konpainiaren bosgarren ikusgarria da 'Lana'. Gaur estreinatuko dute Donostiako Gazteszenan, eta jarraian bira bati ekingo diote Euskal Herrian barrena.

Jaiotz Osa eta Xabier Mujika, 'Lana'  dantza ikusgarriaren sortzaileak. OSA + MUJIKA
Jaiotz Osa eta Xabier Mujika, 'Lana' dantza ikusgarriaren sortzaileak. OSA + MUJIKA
garbine ubeda goikoetxea
2025eko otsailaren 1a
04:05
Entzun

Jaiotz Osa koreografoaren eta Xabier Mujika eszenografoaren ahaleginaren emaitza da Lana. Dantza garaikidea lantzen dute, baina Lana ez da dantza hutsa; beharrak gaurko gizartean duen zamaz eta haren gaineko usteez gogoeta egiteko pieza ere bada. Guztiaren oinarrian sortzaileen sentipena eta urteetako nekea dagoela dio Osak: «Lanbide honi energia izugarria eskaini behar izaten zaio; azken biraren ondoren leher eginda ginen, eta zer pentsa eman zigun». Akidurak posta zerbitzuan aritzeko fantasia eragin zien, postariaren lanbidea idealizatzeraino eragin ere. Halaxe azaldu du dantzari eta koreografoak: «Ikusten genituen emakume postariak haien orgarekin paseoan, han eta hemen, kalez kale, eta 'horrela bai ederki' esaten genion elkarri, txantxetan».

«Lanbide honi energia izugarria eskaini behar izaten zaio; azken biraren ondoren leher eginda ginen, eta zer pentsa eman zigun»

JAIOTZ OSADantzari eta koreografoa

Luze gabe doitu zuten begirada konpainiaren bi sortzaileek, eta, arte eszenikoen munduaz harago jota, gizarte osoaren arazoa dela diote: «Denok gaude lanaren tranpan harrapatuta. Langile perfektuak izateko hezten gaituzte txikitatik, eta ia hil arte irauten du horrek».

Bada, bestalde, lanari buruzko uste oker bati aurre egiteko grina ere, Osaren hitzetan: «Jendeak uste du arte munduan gabiltzanak pribilegiatuak garela». Hein batean hala dela aitor du, besteak beste gustuko lanean ari direlako, eta langintza horretatik bizitzea lortu dutelako: «Baina hori ere tranpa da, oso gutxik lortzen dutelako hilean 1.000 eurotik gora irabaztea». Hain zuzen, alderdi ezkor horretatik heldu zioten proiektuari, gaur egun «beste alderdi positibo asko» ageri zaizkien arren.

Urdin-horiak

Egindako gogoetari irudia jartze alde, banaketa enpresa baten gorabeherak taularatuko dituzte, eta denborari —zehazki, denbora faltari— aparteko tokia emango diote, oholtzaren erdian jarriko duten erlojuaren bidez. Osaren esanetan, «inoiz nahikoa ez izatearen sentsazioa» nabarmenduko du. 

Lau langile ditu banaketa enpresa horrek, eta saiora helduko diren ikusleak langile horiekin identifikatuta sentituko direlakoan dago Osa: «Bat besteak baino gogotsuago aritzen da, eta langileen artean lehia handia dago, batek postuetan gora egiteko beste batek jaitsi egin beharko baitu». Jakina, buruzagi bat ere izango da tartean: «Nagusiarena egiten aritzen da beti. Jendearen atzetik ibiltzen da presioa egin nahian».

Pertsonaiok gorpuzteko, bost dantzari igoko dira oholtzara: Rafke Van Houplines, Maddi Ruiz de Loizaga, Paula Parra, Adrian Bolaños eta Jaiotz Osa bera.

«Enpresa askok urdina eta horia erabiltzen dute beren marketan; esate baterako, Michelinek eta BM supermerkatuak. Guk ere horiek berak baliatu ditugu»

JAIOTZ OSADantzari eta koreografoa

Xabier Mujika jantzigile eta eszenografoak arreta berezia eskaini dio estetikari orain arteko ikusgarri guztietan, eta bosgarrena den hau ezin salbuespena izan: Oro har, ikus-entzuleen begietara iritsiko den irudi osoa hartu du kontuan. Osa: «Kaxekin, orgekin eta paketeak biltzeko erabiltzen diren gauzekin koreografia asko egin ditugu». Ezer ez da kasualitatea Lana ikusgarrian, ezta koloreen hautaketa ere. «Enpresa askok urdina eta horia erabiltzen dute beren marketan; esate baterako, Michelinek, BM supermerkatuak eta Correosek. Guk ere horiek berak baliatu ditugu».

Bozgorailuetatik Gartxot Unsain musikariak espresuki sortutako doinuek girotuko dute ikusgarria. Eta argiztapenaz, berriz, Isa del Moral arduratu da.

Urtebeteko lana

Ordubete inguruko ikusgarri honek konpainiako bi zuzendarien urtebeteko ahalegina behar izan du. Asmoa gauzatzeko lehen urratsa diru laguntza lortzea dela dio Osak. Eta hori ere lana da: «Proiektua landu, horren gaineko txosten bat idatzi eta epaimahai baten aurrean defendatu behar duzu. Alfer lana ere izan liteke, ez baituzu diru laguntza beti lortzen». Proiektua abian jarriz gero, eginbeharrekoak andana bat dira: besteak beste, kontabilitatean aritu, sare sozialak eraman, saioak saldu eta sustapenaz arduratu.  «Dantzarientzat hiru hilabeteko lana izaten da; irailean hasi ginen koreografiak lantzen, baina guk iazko otsailean ekin genion, eta buru-belarri ari gara geroztik», esan du Osak.

Horri guztiari arte eszenikoetan eta bereziki dantzan zabaldu den «ziurgabetasuna» erantsi dio koreografo eta dantzariak: «Agonia moduko bat da. Proiektu baterako diru laguntza jaso eta ondo joanda ere, hurrengo proiekturako hutsetik abiatu behar duzu berriro».

Haatik, lan nekagarri horrek ordain polita izan du: Gazteszenako estreinaldirako sarrerak agortuta daude.

DATOZEN SAIOAK

  • Getxo. Otsailaren 7an.
  • Hondarribia. Otsailaren 15ean.
  • Elorrio. Otsailaren 21ean.
  • Arrasate. Otsailaren 22an.
  • Hernani. Martxoaren 13an.
  • Zornotza. Martxoaren 28an.
  • Lezo. Martxoaren 30ean.
  • Durango. Apirilaren 5ean.
  • Galdakao. Apirilaren 6an.
  • Barakaldo. Apirilaren 26an.
  • Tolosa. Maiatzaren 23an.
  • Gasteiz. Maiatzaren 29an.
  • Sopela. Azaroaren 14an.
  • Errenteria. Azaroaren 16an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.