Liburuaren tituluak zehatz laburtzen du ikerketaren nondik norakoa, lehenik: «Erakunde publikoen bekak eta sariak». Eta azpitituluan dator ikerketa horren espiritua gero: «Kritika eraikitzaile bat». Lanartea elkarteak xehe-xehe aztertu ditu bertan Euskal Herriko gisa bateko zein besteko erakunde publikoek deitutako hamasei literatur sariketa eta hemeretzi beka deialdi, eta, ondorioztatu duenez, ohikoak izaten dira egile eskubideen urraketak udal, aldundi eta gobernuek antolatutako deialdi horietan. Horrez gainera, deialdietan gardentasuna falta izaten dela ere salatu du elkarteak. Esate baterako, gutxitan zehaztu ohi da aldez aurretik nork osatuko duen epaimahaia, eta, sariarekin batera lana argitaratu ohi denetan ere, ez da zehazten egileak nolako kontratua izango duen argitaratzailearekin.
Egiletza marka zehatzagorik gabe, elkartearen sinadura dakar azterketa osoak, eta oinarriak ere proposatzen ditu sari eta beka sistema «etiko eta duin bat» sortzeko praktika onen gida baterako. «Tamalez, hainbat legez kanpoko arau eta hainbat praktika oker nozitzen dugu isilik, urtea joan urtea etorri».
Sarien argi-itzalak aipatu dituzte liburuko sarrerako testuan. Batetik, elkarteak onartzen duelako onuragarriak izan daitezkeela egileentzat eta gizartearentzat. «Bestela nekez lortuko genukeen dirua eskaintzen dute Bekek eta Sariek». Horrez gainera, testuaren arabera, saritutako lanei ikusgaitasuna emateko ere balio dezakete aitortza horiek. Beste alde batetik, ordea, lehia ere badirela zehaztu dute sarreran, «lehia gogorra», eta horrek frustrazioa ere sor dezakeela. Eta, hain zuzen ere, itzalguneak aztertzea da bilketa lanaren helburua. «Nolabaiteko glamourraren azpian, Beka eta Sari asko, gehiegi, artearen eta literaturaren alde iluna dira. Ohitura nagusitzen zaio legeari. Anabasa baliatuz edo anabasak berak eramanez egileen eskubideak urratzen dituzte hainbat puntutan: administrazioak baztertu egiten du administrazioa».
Horregatik erabaki dute sari eta beken xedeak, arauak, jarrerak eta sortzaileei ematen dieten tratua aztertzea. «Kultura sustatuko bada, egilearen ikuspuntua jaso behar».
Obraz desjabetzea
Zehazki, erakunde publikoek egindako hamasei sariketa deialdi aztertu dituzte liburuaren lehen atalean. Udalek, aldundiek, unibertsitateek eta gobernuek egindakoak dira. Epaimahaia osatzeko duten modua aztertu dute, bai eta deialdian genero ikuspuntua kontuan hartzen ote den ere, besteak beste. Baina egile eskubideei buruzko oharra da kritikoenetako bat: deialdietako askotan zehazten denez, egilea behartuta baitago deialdia egin duen erakundearen esku uztera, denbora batez, saritutako lanaren gaineko egile eskubideak, eta horregatik egin du elkarteak oharra: «Egilea obraz desjabetzeak bere eskubideak ukatzea dakar».
Hain zuzen ere, egile eskubideak egileari dagozkiola dio legeak, liburuan aipatu dutenez, eta, beraz, lege horren aurka egiten dute aztertutako lehiaketa deialdi ez gutxik.
Edonola ere, bi eredu on ere badira. Getxoko Udalak antolatzen duen Ramiro Pinilla saria da lehena. Deitzaileak ez du bereganatzen saritutako obra, idazleak nahi duen argitaletxearekin eman dezake lana argitara, eta, behin kalean denean, 1.000 euro arteko erosketa egiten du udalak berak.
Edonola ere, bi eredu on ere badira: Getxoko Udalaren Ramiro Pinilla saria eta Zarauzko Udalaren Lizardi saria.
Zarauzko Udalaren Lizardi saria da elkarteak aztertzen duen beste eredu ona. Horretan ere deitzaileak ez ditu bereganatzen saritutako obrak, eta idazleak nahi duen editorialarekin eman dezake argitara. Horrez gainera, udalak 1.000 eurorekin laguntzen du saritutako liburuaren ilustratzailea. Gainera, dirua osorik helarazten dio sariaren irabazleari, eta horregatik ere bada eredugarria Zarauzko Udalak antolatutako deialdia. Udalak bere sariarentzat «sari garrantzitsu» izendapena eskatu duelako da hori posible, eta, hain zuzen ere, PFEZ zerga salbuetsi ahal izateko egin beharreko urratsak zein diren ere zehaztu du Lanarteak liburuan. Horretarako aukera duten gainerako erakundeek ere bide hori har dezaten.
Ondorioetan ere txertatu dituzte bi salbuespen horiek. «Gaur egun, Getxoko eta Zarauzko Udalak izan ezik, gure Erakunde Publikoak urrun daude artistek, idazleek eta irudigileek merezi duten tratutik. Sariek beren beregiko legerik ez izateak eta urteetako ohitura baldarrek eraman gaituzte horretara. Eta baita sortzaileon ezjakintasunak eta pasibotasunak ere».
Sari komertzialak eta bekak
Argitaletxeek sariketetan parte hartzearen arriskuez ere mintzo dira liburuan. Hainbat sariketatan, adibidez, argitaletxeetako kideek ere izaten dutelako hitza hartzeko eskubidea, nahiz eta boto eskubiderik izan ez. Eta Lanartea kritiko da horrekin ere: «Argitaletxea sariketara ekarriz, sari instituzionalak direnek sari komertzialak bihurtzeko arriskua dute».
Deialdiak hobetzeko hainbat proposamen ere egin ditu elkarteak. Epaimahaietan emakumezkoen presentzia ziurtatu behar litzatekeela proposatu du, adibidez. Argitalpena barne duten sariek argitalpen horren kontratuaren berri eman behar luketela uste du elkarteak. Egile eskubideak errespetatu beharra ere aipatu dute gomendioetan.
Deialdiak hobetzeko hainbat proposamen ere egin ditu elkarteak. Epaimahaietan emakumezkoen presentzia ziurtatu behar litzatekeela proposatu du, adibidez.
Guztira, hemeretzi beka deialdi aztertu dituzte liburuaren bigarren atalean, eta sariketetan ikusitako akats paretsuak ikusi dituzte bertan ikertzaileek. Beka deitzaile asko ere sortzaile langilearen lanaz jabetzen direla zehaztu dute liburuan. Deialdietan aipatu gabe uzten dituzte epaimahaia osatzen duten kideak ere. Argitaletxeen zein udalaren ordezkariak onartzen dituzte haietako batzuetan. Apelaezina da erabakia hainbatetan, eta, beka irabazi duen lana argitaratzeko tratua egiten duten argitaletxeen kasuan, ez da zehazten zer kontratu izango den.
Beka deialdiek bete beharko lituzketen hainbat neurri ere gomendatzen ditu elkarteak. Argitalpena barne duten bekek kontratuaren berri eman behar luketela zehaztu dute, adibidez. Eta diru kopurua gordina edo garbia den ere zehaztu behar litzatekeela. Egile eskubideak egilearenak direla gogorarazi dute. Eta, zehaztu dutenez, erakundeen ordezkariek ez lukete ez hitzik ez botorik izan behar epaimahaietan, ez eta argitaletxeetako ordezkariek ere.
Lanarteak elkartzeko eta eragiteko deia ere egin die sortzaileei liburuan. «Eraldaketa sakon bat behar dute arte eta literatur sariek. Iluntasunak luze jarrai lezake ordea indar egiten ez badugu anabasa hau garbitzeko».