KRITIKA. Antzerkia

Lana noiz etorriko zain

'Almazenean' antzezlanaren eszena bat. TXALO PRODUKZIOAK
'Almazenean' antzezlanaren eszena bat. TXALO PRODUKZIOAK
2024ko apirilaren 24a
05:00
Entzun

'Almazenean'

Egilea: David Desola. Itzulpena: Martin Agirre. Zuzendaria: Begoña Bilbao. Aktoreak: Iker Galartza, Zuhaitz Gurrutxaga. Eszenografia: Asier Sancho Senosiain. Jantziak: Jokin Aierregarai. Argiztapena: Julen Zaballa. Lekua: Lezoko Gezala auditoriuma. Eguna: apirilak 21.

Lezoko antzerkizaleek berehala agortu zituzten Almazenean ikusteko sarrerak. Egia esan, bertako antzerkizaletasunak badu tradizioa, eta igandeko saioan belaunaldi ezberdinetako ikusleek osatu zuten publikoa. Poztekoa. Barre algara batean ibili ziren denak, gazteak zein ez hain gazteak. Horrez gain, aktoreen hautaketak publiko arrakastan zerikusia duelakoan nago. Iker Galartzak bere jarraitzaileak ditu, eta Zuhaitz Gurrutxagak ere bai. Gurean ere aktore-amuak egon badaudelako.

Lantoki bateko almazenean bost egunen buruan jubilatuko den Abelinok (Galartza) eta bera ordezkatuko duen Nin izeneko langile gazteak (Gurrutxaga) azken bost lanegun horiek elkarrekin pasatu behar dituzte. Kontua da lanaren zain egongo direla antzezlanean zehar, deskargatzeko kamioiak noiz agertuko zain, telefonoak noiz joko zain, aluminiozko hagak edota makilak noiz sailkatuko zain. Beti zain, egonean, hor dago koxka.

Eszenografiak almazeneko bulegoa irudikatzen du, konplikaziorik gabe. Eszenen arteko trantsizioak musika italiarrak ohartarazten ditu era errepikakorrean, erloju analogiko batek orduak aurrera doazela jakinarazten digun bezala. Oholtzako elementuak funtzionalitate teatralaren menpe daude, asmo berriztatzaile edo sortzailetik at.

Almazenean antzezlanaren meriturik handiena Galartzaren antzezpenari dagokio. Igandekoan mundial eta aldi berean neurrian ibili zen. Amezketakoak pertsonaia bere egiten du guztiz, bai gorpuzkeran, bai hizkeran, bere Abelino hori benetakoa dela ematea lortzeraino. Komedia gazi-gozo honek absurdotik asko du, baina protagonista honek guztiz sinesgarria dirudi non-sense honen barruan. Lezoko emanaldian, aktore belaunaldi ezberdinen lanaren lekuko izaki, Galartzaren jarduera mirestea baino ez zegoen. Abelino (pertsonaia) zein Galartza (aktorea), biak maisu. Gurrutxagaren rola, aldiz, ikastun batena dugu; isil-isilik egotetik amarruetan ibiltzeraino sofistikatzen den protagonista izan arren, teatralki garrantzi gutxiagokoa suertatzen da. Hala ere, Gurrutxagak lan txukuna egiten du.

Lan kontuak zeini ez zaizkio axola? Gazte ala heldua izan, denok dugu enplegua izateko kezka hori. Eta enplegua gure bizitzaren muina bilakatzen bada? Eta erretiroa ez hartzea nahiago dutenen bizitzari buruz zein ondorio atera daiteke? Eta zure ogibidean gezurra bada nagusitzen dena? Eta lanerako izan dezakegun menpekotasunaz, zer esan? Galdera hauek, besteak beste, zeharkatzen dute komedia hau. Afera ez da txatxua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.