SOSLAIA. Arantxa Urretabizkaia

Lan nekezaren ordainez

JON URBE / FOKU.
itziar ugarte irizar
2019ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ororen gainetik idazle, eta egiten dituen lan ororen artetik nekezenetakoa, idaztea. «Bada jendea esaten duena idazleak ongi pasatu behar duela idazten, irakurleak igartzen duela... Orain, dena da ondo pasatzea. Ba, ni, ondo pasatzeko, etxean geratzen naiz bonsaiak zaintzen, jartzen dut musika pixka bat eta altxatzen naiz lurretik gutxienez hamar zentimetro [barrez]. Baina idaztea da lanik zailenetakoa. Gainera, dakizunean lan handi horrek oihartzun hain apala izango duela, ez zarela mundua aldatzen ari, ez zara ezta auzoa aldatzen ari, ezta etxea ere, eta hala ere tema hori... Baina segitzen dut».

1970eko urteetan Lur argitaletxearen bueltan lehen urratsak egiten hasi zenetik, fokuetatik ez oso hurbil baina idaztearen lan nekeza bazter utzi gabe egin du bere bidea Arantxa Urretabizkaiak (Donostia, 1947). Euskaraz, hastapenetik. Eta hautu eta ibilbide hori sarituko dizkio orain Gipuzkoako Foru Aldundiak Anton Abbadia sariarekin, «bizitza osoa euskararen alde lanean jarduteagatik, baita egoerarik zailenean ere».

1979an plazaratu zuen estreinako lana, Zergatik panpox. Eta prosa izan du gerora ere, batik bat, langai: Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik (1983), Koaderno gorria (1998),3 Mariak (2010)... Hondarribiko alardean ardaztutako Bidean ikasia (2016) du orain arteko azken lana. Alardean aurrendari, eta aurrendari literaturan. Lehen emakumea izan zen nobela modernoa argitaratzen, eta euskal letretan «emakumearen gaineko imajinarioaren aldaketan aitzindaria» izatea ere aitortu nahi dio aldundiak. «Beste askok egina zuen hori nire aurretik. Euskaraz ez, horixe aldea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.