Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finala

Lan itzulezin baten aitortza

Gaur iluntzean, Iñaki Muruak txapela jantziko dio aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari. Ibilbide luze bezain oparoa du bertsogintzan, eta, hain zuzen, hori aitortu nahi izan dio elkarteak.

2. Bertsoaroa jaialdian. 1995eko azaroan, Iruñean. JOXE LACALLE / EUSKALDUNON EGUNKARIA.
Miren Mujika Telleria.
Beasain
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Orain 40 urte aurkeztu zen lehen aldiz Bertsolari Txapelketa Nagusira Iñaki Murua (Gabiria, Gipuzkoa, 1956). Geroztik, bi bider kantatu du gaurkoa bezalako egun batean. Bertsolari gisa ez ezik, ibilbide oparoa egin du bertsogintzan ere; izan ere, Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen 2005etik 2018ra. Ageriko lan horrez gain, «isilpean» egindakoa ere eskertu nahi izan dio elkarteak. Eta, hain zuzen, horren guztiaren aitorpen gisara, hark jantziko dio aurtengo txapeldunari txapela gaur iluntzean.«Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, egindako lana itzulezina bada ere, ikusgarri egin eta merezimenduaren aitortza moduan».

Pozarren jaso zuen albistea Muruak, eta are gehiago poztu du ingurukoen poztasunak, eta bere jardunari egin dioten eskertzak. «Ohore handiegitzat» dauka, halere, aurtengo txapeldunari txapela jartzeko ardura: «Azken batean, elkarte xume baten alde, borondatez, ahal duzuna egiten aritzen zara, baina elkartean benetako meritua bertan lan egiten duen ekipo horrek dauka; jende oso ona da».

Gaineratu du, halaber, pribilegio bat iruditzen zaiola. Izan ere, haren hitzetan, «asko dira» merezita ere inoiz omenaldirik izan gabekoak: «Edozein baserritarrek eguraldiaren kontra egiten duen lana, azokara joan, saldu, bere bizitzaren alde borrokatu eta besteoi bizi osasungarri bat eskaintzeko egiten duen lana inork ez du omentzen; horrek zer pentsatua ere ematen du».

Dena dela, «gauza batek ez du bestea kentzen», azaldu du Muruak. Izan ere, ondo daki denbora asko eskaini diola bertsogintzari eta elkartearentzat egindako lanari. Nolanahi ere, azaldu du elkarteari eskainitako denborak «hutsune bat» sortu duela bere inguruko beste alor batzuetan: «Elkarteari eskaini diodan lana falta izan da etxean eta beste hainbat esparrutan. Etxekoek nozitu dute nire falta hori; bereziki, seme-alabek eta Blancak [bikotekideak]. Beraz, uste dut haientzat ere polita izango dela finalekoa». Aipatu dituen esparru horietan «zor asko» dituela sentitzen du, eta, ahal dela, zor horietako batzuk kitatu nahiko lituzke gaur 13.000 lagunen aurrean duen egitekoarekin.

Egona da Murua, gaurko zortzi bertsolarien antzera, hainbeste bertsozaleren aurrean kantari; ondo ezagutzen ditu, beraz, oholtzara igo aurretik eta oholtzan bertan sentitzen diren tentsio eta urduritasunak. «Egun ona duenarentzat gozamena izaten da finala, baina hala moduzko eguna edo aldarte eskasa duenari goi-goiko harmailetan dagoen jendea gainean erortzen zaio. Asmatu ezinik dabilenak sufritu egiten du horrelako egoera batean».

Gogoan ditu bere bi final handiak. Donostiako Belodromoan jokatu zituen biak; 1986an eta 1989an. Lehendabizikoan, Sebastian Lizaso, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Andoni Egaña, Jon Sarasua eta Anjel Mari Peñagarikano izan zituen lagun. Honela hasi zuen saioa: «Udaberriak odol berriaz/ hornitu ohi du gaztea/ halere nahiko lan izango da/ zaharrenei irabaztea».Gogorarazi du elkarteak antolatzen zuen lehen txapelketa zela 1986koa. «Hunkigarria izan zen niretzat egun hura. Lopategi, Enbeita, Amuriza... Horiek jainkoak ziren guretzat, eta horiekin kantatzea plazer hutsa zen». Bosgarren egin zuen final hartan, eta «oso oroitzapen goxoa» gordetzen du harrezkero.

1989ko txapelketaz duen oroitzapena ez da, ordea, aurrekoa bezain atsegina. Haren hitzetan, ez zuen erabat gozatzerik lortu: «Erabat anestesiatuta banengo bezala gogoratzen dut final hori». Izan ere, azaldu du egun batzuk lehenago jaio zela bere alaba Leire. «Zorionez, ederki dabil orain, baina erdi gaixorik zegoen orduan. Final hartan, buruan neukan Leireren irudia zen gaixo zegoen haur jaioberri batena». Bazkalosteko saioan indarberritu zen, ordea. Izan ere, kontatu duenez, arratsaldeko saioan sartzeko zain zeudela, erditzean egon ziren medikuetako bat hurbildu zitzaion, eta esan zion alaba ondo zegoela. «Detaile polit hori izan zuen. Ez dakit inoiz behar adina eskertu diodan niregana etorri eta modu horretan lasaitu izana, baina berriro ere eskertu nahiko nioke detaile hori».

Zortzigarren egin zuen bere azken final horretan, eta honela agurtu zituen Belodromoan bildu ziren ikus-entzuleak: «Barrena goibel neukanez/ nahiz eta jardun benetan/ bertsorik ezin gozatu/ horrelako egunetan/ zortzigarren bat behar zan/ inor ez egon penetan/ denak egurtuko ditut/ datozen lau urteetan».

Gipuzkoako bi finaletan ere kantatutakoa da; 1991n eta 1995ean, zehazki. Honela kantatu zuen lehendabiziko txapelketako hasierako agurrean: «Ongi etorri, lagun entzule/ zerk du hainbeste bertute?/ Gugatik soilik hainbeste mila/ txoratuta al zaudete?». «Ikaragarria» egiten zaio, oraindik ere, hainbeste jende, «bertsozale eta euskaltzale», leku berean batuta ikustea.

«Tradizio modernoa»

Bere azken finaletik gaur arte bertsolaritza oro har aldatu egin dela uste du Muruak, eta gizartearen eboluzioak horretan eragin zuzena izan duela gaineratu. «Amurizak esan zuen, behin, bertsolaritza tradizio moderno bat dela. Kontraesana dirudi termino horrek, baina egia da. Izan ere, tradizioa betikotu ordez berritu eta gaurkotu egiten deneko erakusle da bertsolaritza».

Saioz saio entzun du Muruak aurtengo Txapelketa Nagusia, eta «egundoko maila» dagoela nabarmendu du. «Bertsotara ederki ekarritako elementu zinematografiko asko ikusi ditut nik bertsolari guztiengan. Saio guztietan gozatu dut, eta zoragarria izan da haiek entzutea».

Are, gaur kantatuko duen zortzikotea «mundiala» dela dio. Horregatik, hain zuzen, gaurkoa egun ederra izango dela uste du. «Punta-puntako zortzi bertsolari izango dira oholtzan. Gainera, jendeak gogo handia zuen aurtengo txapelketarako, eta saio guztietan ikusi da gogo hori. Zoragarria da hori, noski, Bertsozale Elkartearentzat».

Ez dio berebiziko garrantzirik eman nahi txapeldunari txapela jarriko dion uneari. Izan ere, haren ustez, hori ez da aparteko lan bat; «txapela irabazteak dauka lana». Halere, harmailetan gertu izango ditu lagun eta senideak, eta bertan egongo direla jakiteak «poz handia» ematen dio. «Gai horien gainean hobekien moldatzen denari eta epaileek txapeldun izendatzen duten horri jarriko diot txapela, baina polita izango da beste zazpi bertsolariak ere atzean, taldean sentitzea. Den-denei desio diet egunaz goza dezatela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.