Lan berritzailea, biziberrituta

Xabier Lizardiren 'Bihotz-begietan' liburuaren edizio berri bat plazaratu du Susak, egungo ortografia estandarrera ekarrita. Anjel Lertxundiren hitzaurrea eta Zuhar Iruretagoienaren obrak ditu liburuak

Josu Landa eta Leire Lopez Susa argitaletxeko kideak, atzo, liburua aurkeztu aurretik, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Anomalia zoragarri bat» da Xabier Lizardiren Bihotz-begietan, Josu Landaren hitzetan; «Euskal poesiako liburu inportanteenetako bat», Leire Lopezen esanetan. 1932an argitaratu zen poema liburua, bizi izan zen artean Lizardik plazaratu zuen bakarra. Azken urteetan, baina, zaila izan da irakurleentzat hura eskuratzea, eta, ezagutu beharreko testua dela iritzita, edizio berri bat plazaratu du Susa argitaletxeak. Liburuko hemezortzi piezak gaur egungo ortografia estandarrera ekarri ditu Landak; hitzaurrea idatzi dio Anjel Lertxundik, eta Zuhar Iruretagoienaren esku hartze artistikoarekin biribildu dute argitalpena. Jatorrizko edizioa ere gehitu diote amaieran, eranskin modura, eta Zarauzko Udalarekin lankidetzan eman dute argitara, poeta sortu zeneko 125. urtemugan.

Susako editore Lopezen hitzetan, «belaunaldi guztietako poetengan» eragina izan du Lizardiren lanak; «mintzaira poetiko berri bat sortzeko ahaleginagatik, haren irudiengatik, sinbolismoagatik, besteak beste». Beste hainbat klasiko bezala, baina, urteotan ez da liburu dendetan eskuragarri egon, eta liburutegietan aurkitzea ere gero eta zailagoa zen, Lopezen arabera: «Azken urteetan Lizardi gehiago zen literaturaren ikerlariena, are hizkuntzalariena, literaturazaleena baino. Eta literaturazaleei itzuli nahi izan diegu, bereziki literaturazale gazteei». Hala, Lizardi XXI. mendera ekarri nahian ekarri dute bere lana ere egungo grafia estandarrera.

Gainera, argitaletxeko kideentzat garrantzitsua zen, batetik, liburuaren gaineko «proposamen bisual bat egitea gaur egundik», eta, bestetik, obra zergatik den garrantzitsua eta euskal literaturari zer ekarri dion azalduko zuen hitzaurre bat izatea. Iruretagoienari eta Lertxundiri eginiko lana eskertu die editoreak. Eta jatorrizko testua gehituta osatu dute edizio berria. «Guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz».

Gabriel Arestiren Harri eta Herri salbu, Susak berreskuratutako klasiko bakarra Bihotz-begietan dela gogorarazi du Landak. «Eta ez da kasualitatea. Esango nuke liburu hau, euskal poesia ez garaikidearen barruan, Harri eta Herri-ren pare dagoela. Oso liburu gutxi egongo dira gure poesiaren historian Lizardiren honek adina eragin izan dutenak, eta esango nuke ez dagoela Aresti entenditzerik Lizardi gabe, Bihotz-begietan gabe». Arestik berak idatzitakoa ekarri du gogora argitaletxeko kideak: «Lizardi nirea da, nire esku biak, nire poesia eta nire herria nireak diren bezala, gizarteko komunio batean». Eta baita ere: «Pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik distiratsuena. Haren izena munduko abangoardian aurkitzen da». Hala, Landak gaineratu du ilusio berezia eragiten diola egungo euskal poeten lanetan Lizardiren arrastoa sumatzeak, «kate bat» dagoela ikusten baitu: «Bihotz-begietan liburuak irautea lortu du, eta hori asko esatea da literaturaren barruan».

Bere ustez zergatik iraun duen azal dezaketen hainbat arrazoi ere eman ditu: «Distantziatik ikusita, esango nuke Bihotz-begietan anomalia bat dela, anomalia zoragarri bat, arrazoi desberdinengatik». Hasteko, lana idatzi eta argitaratu zeneko testuinguruagatik: «Orduko panorama poetikoa desoladorea zen mintzamolde poetikoaren ikuspegitik». Lizardiren garaikideak ziren beste idazleen eta haren mintzaira poetikoak alderatuz gero, «poesia minimo batez maite duen edonor konturatuko da gaur egungo ikuspegitik nolako salbuespena, nolako anomalia zoragarria izan zen 1932. urtean Bihotz-begietan liburua».

«Indar espresiboa helburu»

Testuari dagokionez, Landak nabarmendu du kontuan hartzekoa dela Lizardik liburuan hamabi urteko produkzioa bildu izana, eta lehen poemetatik azkenetara «eboluzio bat» nabaritzen dela: lehenetan «aurkikuntza formal puntualak» ageri direla, eta «poemak berak metafora bihurtzeko ahalegin bat» bukaerakoetan.

Haren poesiaren beste ezaugarri nagusi bat «trinkotasuna» litzateke, Landaren ustez: «Badauka joera bat hizkera trinkotzeko, hitz gutxirekin ahalik eta gauza gehien adierazi nahian». Era berean, «garbizalekeria gutxi» du lanak, eta Landarentzat «meritu handia» da hori garai hartarako. «Batez ere indar espresiboa zuen helburu. Nazioarteko ereduak zituen Lizardik poeta gisa, eta poesia jasoa egin nahi zuen, noranahikoa; mintzaira poetiko berri bat sortzea zuen helburu». Hori guztia liburu bakarrarekin egin izana ere nabarmendu du. Gainera, argitaletxeko kideak adierazi du testuei erritmoa jartzeko poetaren gaitasunak liluratzen duela: «Iruditzen zait poema guztiak ez, baina poemen erdia baino gehiago gaur egun rapeatzeko modukoak izango liratekeela».

Lopezek bezala, edizio berrian Iruretagoienak eta Lertxundik egindako lana txalotu du Landak ere. Artistak, bere esku hartzearekin, beste gorputz bat eman dio lanari, haren ustez. Halaber, liburua lehen aldiz hartzen duenari hitzaurretik hasteko gomendatu dio: «Ikaragarria da, oso konpletoa, eta pista asko ematen ditu gero datozen hemezortzi poemak testuinguruan kokatzeko, ordukoan eta gaur egungoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.