Altzai eta Lakarri (Zuberoa) aldeko gazteak prest dira maskaradaren abiatzeko. Igandean izanen dute lehen emanaldia, Lakarriko plazan. Goizarekin, barrikadak emanen dituzte eskualdeko sei herrietan. Altzai-Altzabeheti-Zunharreta herri elkartuak baitira, eta halaber Lakarri-Arhane-Sarrikotagaine. Bazkalondoko joko nagusia, berriz, Lakarriko plazan izanen da lehen aldi honetarako. Hamabigarren eta azken emanaldia, herrira itzulirik, Altzaiko plazan eginen dute, martxoaren 30ean. Arte horretan, Basabürüko eta Pettarreko hamar herritan ibiliko dira.
Iragan udako Gamere-Zihigako (Zuberoa) Ligetx Koblakaria(k) pastoraleko sujetetarik zen Marie Ürruti kantaria. Igandeko maskaradan xorrotxaren roletan ariko da, Kattin ahizparekin. Lakarriarra da, eta hogei urte ditu. «Txipitik» ari dira kantuz etxean, aitarekin eta ahizparekin. Nicolas aita kantaria da, eta 2007an, Gamere-Zihigako Eñaut Elizagarai pastoraleko sujet izan zen. Jean-Louis Bidabe abeslari zuberotar ezagunarekin ere aritua da kantaldietan. «2002an ere, Gamereko maskaran xorrotx izan zen bere kusiarekin».
Aurten Marie eta Kattin Ürrütik dute xorrotxen kargua eramanen, beraz. Ahizpa biek usaia handia dute elkarrekin kantuan aritzeko. 2015eko Urdiñarbeko (Zuberoa) haur kantu txapelketan aritu ziren. Euskal Herrikorako sailkatu ziren, eta Bilboko finalean bi sari irabazi zituzten: binakako hoberenaren saria eta a capella saria. «Geroztik, kantaldiak egiten ditugu». Ahizparekin xorrotx izateak ilusio handia egiten dio Ürrütiri: «Izigarri kontent nauzu Kattinekin kantan aritzeaz eta horren partekatzeaz. Elkarrekin kantan aritzeko usantza baitugu; aiseago duzu».
Hautatu behar izan balu maskaradako karguen artean, dudarik gabe xorrotxena hartuko zukeela aitortu du kantariak. Beltzerian aritzeko lotsa da, jende aitzinean antzezten eta umorez aritu behar baita. Eta plazaren erdian ororen begiradaren pean dantzan aritzea ere beldurgarria zaio. Kantuz aritzeak, haatik, ez du izutzen. «Hor naiz goxoenean». Izatekoz, xorrotxen jokaldiko antzezte zatiek dute durduzatzen. «Gaitzena duzu, Pitxu deitzen dudalarik inprobisatzea; ez baitakit sekula nondik ilkiko den, zerekin eta nola».
Kantari nagusiak ez ezik, xorrotxak maskaradetako koblakariak ere badira. Goizeko barrikadetan batzarri egileei kantatzen dizkiete bakoitzarentzat espresuki egin bertsoak. Arratsaldeko plazako joko denboran, rolari finkatu urteroko koplez gain, ari diren herriari ere zuzentzen dizkiete batzuk. Marie eta Kattin Ürrütik aitarekin prestatu dituzte aurtengoak. «Kattinekin ideiak xerkatzen ditugu, eta aitak ditu idazten eta xuxentzen». Altzai eta Lakarri eskualdeko, beraz, denetarat sei herrirentzat aritu dira prestatzen. Igandean, sei herri horietan iragarriak dituzte goizeko barrikadak: Zunharreta, Altzabeheti, Altzai, Arhane, Sarrikotagaine eta Lakarri. Bedera bertset egin behar zaie. «Adibidez, Zunharretan baldin bada berri bat ilkirik, umorez edo aipatu dugu; baina ez bada deus ere, herritarrak eskertzen ditugu batzarri egiteaz».
Arratsaldeko xorrotxen jokaldian ematekoa duten kantua Johaiñe Sarraillet bertsolariak idatzi hitzekin izanen da, eta Jean-Louis Bidaberen doinu batean. Zalu behar izan dute ikasi joan den astean. «Neskenegunean genizun errepika orokorra, eta kantorea ukan genizun astelehen gauean. Aste batez behar genituen ahaidea eta hitzak ikasi».
Ürrütik gogo eta esperantzaz beterik abiatuko du igandean maskaradaren aroa. «Espero dut maskarada on bat emanen dugula. Araiz laket izanen gara denak elkarrekin, bestan eta gozatzen».
Prediku idazleak
Johaiñe Sarraillet bertsolaria kauteren taldean ari da maskarada horretan. Xorrotxen eta maskaradako azken kantua idatzi ditu, baina prediku edo plazako hitzaldien idazteko bi taldeetan ere badabil: kauterenean eta buhameenean. Lehentze du ariketa horretan ari dela. Azken aste hauetan, lehen maskaradetarako berri biltzen ibiliak dira ezker-eskuin: «Joaten gara herrietako berrien biltzera, eta gero baditugu gordezkako berri emaileak», erran du Sarrailletek.
Plazara ekartzeko istorioen biltzea ez zaio lanik gaitzena. Kabana Handiren eta buhame jaunaren ahotik aterako den elea ahalik eta molderik ederrenean idaztea desafio zailagoa iduritu zaio. «Istorio horiek predikuko erranaldi zenbaitetan ederki idaztea da lanik gogorrena». Abilezia aski atzeman nahi luke idazte taldeak gauzak, gaiak plazan erranak izan daitezen, baina behar gabeko mugarik gainditu gabe. «Justuki nahi dugu gauza zenbait jende orok ez dezan entelega. Entseatzen gara aski fin izatea, eta ez umore pisu eta latz batean egitea. Bada muga bat, eta entseatzen gara muga horretarik hullantzea, latz izan gabe», adierazi du Sarrailletek.
Jakina da azken urteetan beltzen kargu nagusietan aritzeko euskaldunen atzematea lehentasun bat bilakatua dela zenbait lekutan. Predikuen idazteko euskararen menperatzea baldintza dela oroitarazi du Sarrailletek: «Beharrezkoa da. Ez da hauturik: behar da euskara ontsa menperatu ahozkoan eta idatzian; ez egun oroz elestan ari garen bezala idazteko. Indar bat egiten dugu erranaldien ederki inguratzeko».
Gehiago dena, Altzai eta Lakarriko prediku egileak ausartu dira aurten forma berezia ematera, errimatuz: «Geure burua bortxatu dugu bi predikuen burutik buru errimaz idaztera, bai kabanarena, bai buhame jaunena». Ez da erronka ttipia, ezen aste batetik bestera herri bakoitzari egokitu testu errimatua egin nahi dute.
Rola plazan eramanen dutenentzat Sarrailletek ez du uste jokoa zailtzen duenik. «Buhame jaunak buruz ikasiko du, aldikal bera baitu. Kabanak aldikal irakurriko du. Erraten duenarendako ez dut uste zailtzen duenik. Idazte lana du ainitzez haboro konplikatzen». Ikus-entzuleentzat, berriz, «anitzez ederrago» dela iduritzen zaio.
Dena ez da idatzirik
Kauteren jokorako, prediku idatziaz bestalde, zati anitz libre uzten dituzte idazleek. «Kabanak badu bere predikua, baina gure arteko jokoa ez dugu landu; hori momentuan ilkiko zaigu... ala ez; ikusiko. Pitxuren jokoa xorrotxekin edo kerestuekin ari delarik, ez dugu landu. Inprobisazioari lekua utziko diogu».
Pagolako maskaradako beltzeriak, iaz, eszena antzeztu batzuk landu zituen usaian baino gehiago. Sarrailletek erran duenez, ez dira horretan sobera sartu Altzai eta Lakarrin. «Entseatu gara usatuzko gauzak ontsa egitea. Badaitezke eszena txipi bat batzuk, baina ez Pagolakoak bezain luze».
Sarraillet zaharrenetan da taldean, eta gazteak gogotsu ikusten ditu maskarada denboraldiaren abiatzeko. Besta egiteko gogoz, nagusiki, aitortu duenez. «Maskarada bateko parte hartzaileek usu hori dute arrazoi lehena: bestaren egitea. Maskaradaren zentzua eta funtsa baino haboro. Ez dakit gauza ona den; baina ez da gauza txarra ere».
maskaradaren egutegia
- Urtarrilaren 12a. Altzai.
- Urtarrilaren 19a. Zalgize.
- Urtarrilaren 25a. Larraine.
- Otsailaren 1a. Altzürükü.
- Otsailaren 9a. Ligi.
- Otsailaren 15a. Pagola.
- Otsailaren 23a. Atharratze-Sorolüze.
- Martxoaren 1a. Gamere-Zihiga.
- Martxoaren 9a. Idauze-Mendi.
- Martxoaren 15a. Barkoxe
- Martxoaren 23. Urdiñarbe.
- Martxoaren 30a. Altzai.