Segurako antzerki taldeak errealitatea eta fikzioa uztartu ditu Iragana, lahar eta larrosa lanean. Goierriko (Gipuzkoa) herri batean dago girotua antzezlana, 1923tik 1937rako tartean, Jose Antonio Primo de Riveraren diktaduratik 36ko gerrara arte. Gaur egingo dute udako etenaren aurreko azken emanaldia, Gure Esku Dagorekin elkarlanean: Idiazabalgo (Gipuzkoa) Igarondo pilotalekuan izango da, 21:30ean.
Orduko bizimodua eta egoera politikoa josi dituzte. Izan ere, garai interesgarria iruditu zitzaion taldeari, Lourdes Imaz antzezlanaren zuzendariak azaldu duenez. «Orain Gure Esku Dago ari bada Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde lanean, frankismoaren aurretik euskaldunek ikusi zuten gure oinarrizko eskubideen alde egin zezaketela Errepublika garaian».
Mikel Aramendik 2010ean Itsasondon (Gipuzkoa) aurkitutako udal akta batzuetan du jatorria antzezlanak. Espainiako II. Errepublikaren garaian, orduko udal agintariek Euskal Errepublikaren aldarrikapena egin zuten, eta hainbat herritan onartu zuten testu bera. 2011n, Itsasondok Euskal Herriaren autodeterminazioa eskatu zueneko 80. urteurrena ospatu zuten, eta demokrazia garaiko alkate guztiak bildu zituzten ekitaldi batean. Han egon ziren antzerki taldekoak, eta taularatzeko moduko gaia iruditu zitzaien.
Bi familia dira antzezlanaren ardatza. «Ez da esplizituki esaten bakoitza zein ideologiatakoa den, baina bai denak abertzaleak direla, oso erlijiozaleak». Imazen esanetan, ordea, badira haien arteko desberdintasunak: «Haietako bat bereizten da aita errepublikazalea delako». Apaiz bi ere ageri dira, joera desberdinekoak horiek ere: langileekin bat egiten duena bata, eta boterearekin hartu-eman estuagoa duena bestea.
Antzezlanean garai hartako irudiak proiektatzen dituzte, adin guztietako ikusleek orduko bizimodua eta testuingurua errazago uler ditzaten; besteak beste, Euskadiko Filmategiak eta Sabino Arana Fundazioak utzitako irudiak dira. «Gaur egun, zaila izan daiteke duela ia ehun urteko garaiak ulertzea: esaterako, zergatik eskatzen zuten umeek ogi zuria; irin zuri gutxi zegoen, oso urria zen, eta irinarekin ordaindu behar izaten ziren gauzak».
Antzezlanari errealitatearen antza ematen dioten elementu gehiago ere badituzte: esaterako, sutondoa segurar batek egindako orduko tresneriarekin jantzi dute. Antzezlana fikziozkoa izan arren, dokumentazio lana egin dute lehenago: «Ahalik eta zorroztasun historiko handiena eman nahi genion, transmititu beharrekoa ahalik eta objektibotasun handienarekin transmititu».
Urrutira begiratzea
Iraganetik zer ikasia badela uste du Imazek, eta, beraz, beharrezko ikusten du hura berreskuratzea: «Iraganera joan behar dugu, eta aurkitu non dauden laharrak: laharrarte horretan sartu behar dugu, hura ezagutzeko, baina arrosak non zeuden ere jakin behar dugu, poza eta arnasa ematen digutelako».
Imazek beharrezko ikusten du orain ariketa hori egitea, epe luzeko estrategiak garatzeko. «Ikusi behar dugu zer komeni zaion herri honi, ez bakarrik orain, baizik eta gerora begira: jantz ditzagun urrutira ikusarazten laguntzen duten betaurrekoak, ahatz ditzagun epe motz-motzeko helburuak, ondorengoei herri honetako leihoak irekita uzteko».
«Traste asko» dituzte, muntaketa «handia» baitu antzezlanak, eta, orain arte Segura inguruan aritu diren arren, Euskal Herrian zehar ibiliko dira. Zenbait emanaldi lotuak dituzte irailetik aurrera: Bilbon, Getxon, Elorrion (Bizkaia), Tolosan eta Oiartzunen (Gipuzkoa), oraingoz.
Lahar eta arrosazko iragana
Segurako antzerki taldeak 'Iragana, lahar eta larrosa' lana emango du gaur Idiazabalen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu