Lagunek eman diote soinu ehundura

Rock garapen indartsu eta askez landu ditu Joseba Irazokik lan berriko zortzi kantuak.Talde izaeran eta soinuan sakondu nahi izan du 'Joseba Irazoki eta lagunak' disko kaleratu berrian

gorka erostarbe leunda
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Istorio guztiek dute hasiera une bat. Joseba Irazokik (Bera, 1974) Bidehuts zigiluarekin plazaratu berri duen diskoak 2012ko urte hondarrean dauka abiaburua. Abenduaren 28an, inuzenteetan inuzenteena ere gutxienik ukituta, non eta ez hunkituta, utzi baitzuen Donostiako Imanol Larzabal aretoan eskainitako kontzertuan. Lagun musikariez inguratuta eskaini zuen kontzertu hura. Gerora beste emanaldi batzuk etorri ziren eta orain Joseba Irazoki eta lagunak diskoa plazaratu du, Bidehutsekin. Musikari ipurterreak kantu berri batzuk osatuak zituen ordurako, eta artean probatu gabeko zerbaiti bidea ireki zion; bere kantu propioak talde batez inguraturik eskaintzeari, hain zuzen. Buruan ideia bat zuen, soinu bat. «Eta nuen susmoa frogatu ahal izan nuen. Ikusi nuen kantuak hazi egin zirela kontzertu horretan, eta diskoan ondo geratzen ahal zirela». Ondoren, diskora bildu dituen zortzi kantuetatik lauzpabost jo zituen lehen kontzertu hartan. «Giro berezia sortu zen. Arrats polita izan zen, konexioa sortu zelako publikoarekin».

Grabagailu bat hurbil izaten du, betiere, Irazokik: «Etxean gitarrarekin jolasean ari naizela datozkidan ideiak grabatzen ditut. Lugaritzeko kontzerturako grabaturiko pieza horietako batzuk hautatu behar nituenez, karpetetan antolatzen hasi nintzen grabatuak nituen ideiak, eta ondoren haiek lantzen hasi. Batzuk kontzerturako, eta beste batzuk geroago ere bai diskorako. Lugaritzen jotako piezetako bat grabaziotik kanpo utzi zuen: «Lehen hautaketa igaro zuen kantu horrek, baina grabaketako galbahea ez», dio zorroztasunez eta umorez aldi berean. «Kantu dezente geratu zaizkit kanpoan, baina batez ere estrofa-errepika egitura dutenak, kantautore kutsuko horiek alboratu nituen».

Talde soinu bat, banda soinu bat lantzea eta islatzea izan baitu erronka eta helburu. Eta taldea osatzeko bildutako lagun saldoa ez da nola halakoa. Lagunak, bai, baina musikari aritu eta abilak ere bai. «Miresten ditudan musikariak dira guztiak. Topatu nahi nituen multinstrumentistak zirenak. Kontzertuan probatu nahi nituen kolore desberdineko soinuak, eta hauek horretarako aukera ematen zidaten, eta nahiko erraza izan zen aukeraketa».

«Estilo gogorrago bat»

Felix Buff (Willis Drummond; bateria eta perkusioa), Iban Urizar (Andrakan, Cafe Teatro, Bizarra...; tronpeta eta klarinetea), Igor Telletxea (Maixa ta Ixiar, Xabier Montoia...; tronboia eta bibrafonoa; ), Jaime Nieto (We Are Standard; baxua) eta Ager Insunza (Audience; gitarra eta biolina) izan ditu musikari lagun horiek grabaketan, lehen kontzertuan izandako berberak, alegia.

Bere musika ibilbidean askotariko estilo eta moldetan aritua da Irazoki. Sekula ez nahikoa aldarrikaturiko Onddo pop bandako kide izan zen; rock —and—roll izerditsua landu zuen On Benito bikoteko atal erdi modura; bakarkako ibilian folkaren (Gizona zakur egin zen, Folk me laztana, Euria ari du...), inprobisazioaren (Do proiektuarekin) edo gizon orkestraren (Oso banda) bideak urratu ditu batik bat, eta musikari profesional gisara hainbat proiektutan aritu da; Nacho Vegas eta Duncan Dhu laguntzen berriki eta oraindik, eta Atom Rhumba rock taldeko kide ere bada, baina bazuen arantza moduko bat barnean, bazuen zerbait egiteko irrika berezia; bere kantuak rock talde baten sonoritatez jantziak izan zitezen nahi zuen. Azken hamarkadan Euskal Herrian sortutako hainbat musika talde oso gustukoak izan ditu; Borrokan, Gora Japon eta Jupiter Jon, esate baterako. «Atom Rhumbarekin alde rockeroago hori lantzen dugu, baina aspaldian pixka bat geldi egon gara, eta nahi nuen talde soinu hori landu». Beste hainbatetan ere aipatu izan dituen Jim O'Rourke gitarra jotzaile estatubatuarra, haren proiektu Gastr Del Sol , Tortoise... eta 90eko hamarkadan sortutako beste hainbat post-rock talde indartsu beti izan ditu buruan. «Oraindik ere entzuten ditut horien diskoak eta nahiko egungoak iruditzen zaizkit, edo ondo sartzen zaizkit». Jazzaren alderik askeenaren ahaire batzuekin, «batez ere haize instrumentuekin», eta Afrikako ukituekin —«bibrafonoa eta beste»— osatu du Irazokik buruan zuen soinu ehundura.

Hitzei heltzeko orduan, sarri jo izan du hurbileko idazleengana Irazokik. Ez du dinamika hori eten lan berrian ere. «Azken urteetan ez naiz animatu hitzak idaztera. Ez dut denbora hartzen ongi idazteko. Uste dut badela jendea hobeki egingo duena, eta nahiago izaten dut nire denbora musikari dedikatzea».

Aurreko lanetan, sarri, poemak hartzen zituen musikatuak izan zitezen; oraingoan, berak proposatu dizkie gaiak. Eta lengoaia poetikoa baztertu gabe, «kaleko hizkuntzara» hurbiltzeko eskaera egin die; «akaso, musika bera rockeroagoa delako, bortitzagoa delako». Eta gaiek ere eman diote hizkera kaletarrago bat erabiltzeko lizentzia. «Azkenaldian musikarion solasaldietan ere gai sozialek protagonismo handiagoa dute, eta badaude bizpahiru kantu kezka hori azaltzen dutenak». Beñardo Goietxe musikari herritarrak idatzi dion Desauzidioa da adibiderik argiena; «Etxegabetzeen gaiak bereziki eragin dit azken boladan». Goietxerenak dira Plisti plasta eta Bonbilla eta elektrotxatarra pieza luze eta erritmo-dantzari nahiz girotzaileak. Mikel Tabernak idatzi dizkio Ahotik ahora eta Iragana; Dani Irazoki herrikidearena da diskoa zabaltzen duen Inuxente bortxatua eta Pello Lizarralde idazlearena amaiera errematatzen duen Baso ertzean. Neretzat ote haiz? da kasurik bereziena, sorkuntza prozesuari begira, ziur asko. Orixe poeta klasikoarenak baitira hitzak, eta Felix Buff taldeko kideak ondutakoa musika.

Felix Buffekin batera egin du kantuen soinu egituraketan aurretiazko lan handia, eta haren anaia Johannes Buffek lagundu dio soinu eta ahots ekoizpenean; «aspalditik nuen gogoa nire ahotsa beste modu batera lantzeko». Ahots indartsuagoa da lan berrikoa, baina bere esentzia jostari eta folk propioa bazterrean uzten ez duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.