Pandemiak nabarmen eragin du bertsolaritzak plazetan duen espazioan, eta, 2020ko martxoan koronabirusak murrizketa handiak ekarri zituenez geroztik, asko gutxitu dira lagunarteko eta plaza libreko saioak. Aurten, ordea, formatu horretako ekitaldiak beren lekua berreskuratzen hasi dira, eta hori datuetan islatu da modu agerikoan. 2020an, 266 bertso zaio egin ziren orotara urtarriletik ekainera bitartean; iaz, 245 izan ziren; eta, aurten, 488. Pandemia aurreko datuetara ez dira iristen horiek —2015ean, 548 izan ziren; 2019an, 501—, baina Bertsozale elkarteak ontzat jo ditu. Izan ere, martxotik maiatzera bitarteko epea aintzat hartuz gero, aurtengo datuak 2019koak baino hobeak izan dira kopuruari dagokionez.
Saio horietan parte hartu duen bertsolari kopurua ere handitu egin da aurtengo lehen seihilekoan: 1.419 bertsolarik kantatu dute plaza librean —2020ean 1.054 izan ziren; 2021ean, 928—.
Elkartearen iritziz, kopuruaz harago, beste zantzu on batzuk ere ekarri ditu lehen seihilekoak. Izan ere, lagunarteko eta libreko saioen itzulerak ez du eragin handirik izan gizon eta emakume bertsolarien parte hartzearen orekan. «Saio mota hauetan oraindik gizonezkoen parte hartzea handiagoa bada ere, azken urteotan eman diren aurrerapausoei esker, 2019ko datuetatik urrundu eta azken urteotako noranzko parekideari eutsi ahal izan zaio». Bertso plazan ari diren %53 gizonezkoak dira, eta %47 emakumeak.
Saio horiek ikusi eta entzutera, berriz, 36.500 zale inguru joan dira.