Bertsolaritza

Lagunarteko bertso txapelketa

Duela bi urte bezala, taldekako Xilaba berriz eginen dute aurten. Irailaren 22an hasiko da, Ozazen, eta Aiherran bururatuko, azaroaren 18an. Hiru multzotan banatu dituzte bederatzi bertsolari taldeak. Multzokako ligaxka batekin hasiko dira. Talde bakoitza saio antolatzaile ere izanen da.

2019ko taldekako Xilaba txapelketako finala. Bukaerako agurra. BOB EDME / IPARLA
Iñaki Etxeleku.
2023ko irailaren 8a
11:48
Entzun

Bederatzi talde eta 38 parte hartzailerekin, taldekako Xilaba bi asteren buruan abiatuko dute Ozazetik, irailaren 22an, eta Aiherran bururatu, azaroaren 18ko finalarekin. Bertsularien Lagunak elkarte antolatzaileak Ipar Euskal Herriko banakako bertsolari txapelketarekin bi urtetarik aldizkatzeko usaia hartu nahi du taldekakoarekin. Banakakoak duen “seriotasunaren” aldean lagunarteko girokoa izatea nahi du.

Ortzi Idoate elkarteko sustapen taldeko langileak dioenez, taldekakoa “beste manera” batez erabiltzen dute: “Txapelketa parte hartzaileagoa da, herrikoiagoa” taldeka egiten dena. Maindi Murua sustapen taldekoak ber ildotik segitu du: “Lasaitasunari eta giroari leku handiagoa ematen dio, bertsoaren epaiketa teknikotik haratago beste freskotasun bat ekartzeko txapelketari”.

Antolatzaileen arabera, nahasketa handiagoa ekarri du taldekakoak bertsolarien aldetik. Banakakora aspaldian gehiago agertzen ez direnak hurbiltzen dira, eta belaunaldi desberdinetako bertsolariak elkartzen dituela diote; eskolarteko bertsolari txapelketan ibilitako lizeotar jalgi berriak, helduen bertso eskoletako adin handiagoko batzuekin batean.

Bertsolariek egin behar dituzten ariketetan ere taldekako Xilabak berezitasunak badituela adierazi du Muruak: “Badira txapelketetan ikusten ditugun usaiako ariketa klasikoak, eta, bestalde, badira informalagoak: atea irekitzen diotenak musikari, antzerkiari…”.

Taldeak antolatzaile

Aitzineko taldekako Xilaban bezala, taldeko partaide guziek ez dute baitezpada kantatuko saioetan, talde bakoitza saioen antolatzaile ere bai baita lehen fasean. “Taldekideak gai emaile izan daitezke beste taldeen saioetan, eta epaile ere bai”, erran du Muruak. Horri esker herri eta saio leku gehiagotara heltzen direla dio.

Bizkitartean, multzoka egin ligaxka bururatu eta finalerdiak jinen direlarik, beste gisako antolakuntza izanen dela zehaztu du Idoatek: “Lehia bat ere badenez, finalerdietara iristen garelarik gauza seriosagoak dira, eta elkarteko gai emaile eta epaile taldekoek parte hartuko dute”. Horiek horrela, taldekakoak duen berezitasun batekin jarraituko dute: publikoko epailea atxikiko dute. “Saioa antolatzen duen taldeak badu publikotik epaile bat xerkatzeko ardura”.

Ligaxka lehenik

Hiru multzotan —A, B eta C— banatu dituzte bederatzi bertsolari taldeak lehen faseko kanporaketak edo ligaxka egiteko. Bederatzi saio izanen dira denetarat kanporaketa horretan, irailaren 22tik urriaren 20ra.

Finalerdiak egun hauetan eginen dituzte sailkatuko diren taldeek: urriaren 28an, Muskildin, eta azaroaren 4an, Azkainen. “Bi finalerdi horiek eginen dira taloen laguntzaz, Xiberoko ikastolek eta Azkaineko ikastolak segurtaturik”, Muruak zehaztu duenez.

Finala Aiherran jokatuko da, azaroaren 18an. Eguerditan, bazkaria, eta finaleko saioa bera, 17:00etan.

Taldekako Xilabarako irudi bat ere eginarazi du Bertsularien Lagunak elkarteak, geroan ere erabiliko duena. Amaia Karrere ilustratzaileak ondu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.