Lagunartean kontatzeko modukoak

Istorioak, mitoak eta bestelako narrazioak bildu ditu Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'-k 'Bizien gaubeilan' lanean

Jesus Mari Olaizola Txiliku idazlea, Bizien gaubeilan liburu berria eskutan, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Ipuinak kontatzearen inguruan pentsatzen jarrita, sutondoan dagoen amonaren irudia etorriko zaio bati baino gehiagori burura. Baina «irudi topiko» hori gaurkotu nahi izan du Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1951). Gaur egun oraindik ipuinak kontatzen direla, batez ere umeei, eta tradiziozkoak izan litezkeela uste du idazleak. Baina egun ahozko literatura beste era batera egiten dela uste du, istorioak kontatzen dituzten kantuen bidez, edo hor zehar dabiltzan legenda urbanoen bidez. «Horiek guztiak ikusi beharko genituzke, eta geure euskarazko literaturan sartzen joan». Horixe egin du berak, eta 23 istorio bildu ditu Bizien gaubeilan lan berrian (Elkar).

«Gertatzen edo kontatzen diren gauzez» dihardu liburuak, idazlearen hitzetan. «Ez dut esango ipuinak direnik; badu ipuinaren kutsu bat, badu kondaira eta mitologiako zenbait kontakizunena ere». Askotariko istorioak bildu ditu, Antxine Mendizabal editorearen hitzetan, eta hark ere ez lieke ipuin esango. «Ipuin antz handiagoa dute batzuek, eta beste batzuk gehiago hurbiltzen dira istorio laburretara, pasadizoen tankerako kontuetara, narrazio txikietara». Narratzaileak kontatzeko darabilen «hurbiltasuna» da istorioak lotzen dituen ezaugarria, editorearen ustez. «Esan liteke etxean, familia artean, bazkalondoren-edo kontatzen diren pasadizoen antza dutela askok». Hain zuzen, familiari eskaini dio liburua idazleak, «Txilikun elkartzen garen klan-eko guztiei».

Istorioak kontatzeko moldearekin du horrek zerikusia. «Ahozko kontaketatik asko du liburuak», idazlearen ustez. «Badira liburu batzuk atrilean irakurri behar direnak; beste batzuk mahai gainean jarrita, patxadaz, gauza serioak baitira; beste batzuk mesanotxean egoten dira, edo autobusean irakurtzeko gure bizkar zorroan eramaten ditugunak; eta badira komunean irakurtzeko bereziki egindakoak ere», azaldu du. Lan berriko istorioak, aldiz, «egutegiaren atzealdean» joan daitezkeela esango luke, edo «lagunartean afaltzen nahiz basoerdi batzuk hartzen» kontatzen diren moduko istorioak direla. «Niri gustatuko litzaidake hemengo ipuinak, gero, noizbait, irakurri dituenak berriz kontatzea; uste dut horretarako ipuinak direla».

Gaubeilaren sentsazioa

Gaubeilak normalean hildakoei egin ohi zitzaizkiela azaldu du idazleak, haiei azken unean gaua pasatzen laguntzeko. «Baina badira ere bizien gaubeilak egiten dituzten pertsonak; adiskidea, semea, alaba edo norbait falta dela eta, goizeko ordu txikietan esna, zain gelditzen da, zerbait txarra gertatu ote den kezka edo sentsazioarekin askotan». Sentimendu hori maiz agertzen da liburuko istorioetan, idazlearen ustez. Baina denetarik dago. Hari gertatutako pasadizoak dira batzuk, lagunei entzundakoak eta ondoren berak moldatutakoak beste batzuk, eta asmatutako batzuk ere badira.

Txilikuk ahozkotasuna eta jolasa nola konbinatzen dituen nabarmendu du Mendizabalek, eta ipuin berrietan ere «horren aztarnak» aurkitu ahal direla uste du. Aurreko lanetan baino ironia gutxiago baliatu du kontakizun berrietan, eta ipuin «samurragoak» ondu ditu, haren iritziz.

Testugintzan eta editore gisa eginiko lanengatik ez ezik, bere literatur sorkuntzagatik da ezaguna Txiliku. Haur eta gazte literaturako hainbat lan ditu onduak, tartean, Osaba Bin floren, 2004an atal horretako Euskadi Saria ekarri ziona. Bizien gaubeilan-en aurretik, narratibako beste hiru lan kaleratu ditu: Hontzaren orduak, 101 gau eta Bizitza eredugarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.