Imanol Urbieta. Musikaria eta musika irakaslea

«Lagunartean egin dut nik nire lan guztia»

Gerediaga elkarteak Argizaiola saria emango dio gaur, «urteetan egin duen eta egiten dabilen lana» gogoan

Juan Luis Zabala
Zarautz
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Gauean Argi ekitaldian jasoko du gaur Argizaiola saria Imanol Urbietak Durangoko Azokako lehen egunean. San Agustin kulturgunean izango da ekitaldia, 20:30ean hasita, Atarte kultur elkarteak diseinatu duen egitarauari jarraituz. Ekitaldi hori antolatzeaz gain, bloga sortu dute Urbietari «omenaldi digitala» egiteko asmoz, imanolurbieta.blogspot.com helbidean. Esker on, adiskidetasun eta maitasunezko adierazpen asko iritsi da dagoeneko blog horretara. Urbietaren kasuan, gustuko lanaz harago, bizitzari eta giza harremanei zuzenean lotutako zeregina izan da beti musika. Harekin musikaz hitz egitea, horrenbestez, bizitzaz, adiskidetasunaz eta maitasunaz hitz egitea da ezinbestean.

Zer sentitu zenuen Durangoko Azokan Argizaiola saria emango zizutela jakin zenuenean?

Ni urte askoan umeen munduan sartuta ibili naiz, pentsatu gabe gauza handirik egiten nuela. Ez nekien Durangoko Azokan horrelako saririk ematen zutenik ere. Hau baino lehen, jaso ditut beste sari batzuk ere, kontuan hartzekoak, garrantzitsuak, baina beharbada kazetarien aldetik-eta honek adinako interesa sortu duenik ez.

Musikari lotua egon da beti zure bizitza. Nondik datorkizu musikazaletasuna?

Zarauzko plazan jaioa naiz, eta kioskoa etxetik pauso batzuetara neukan. Han jotzen zen musika oso atsegina egiten zitzaidan. Harekin esnatuko zitzaidan niri barruan neukan jenio txikia. 8 urterekin txistua jotzen nuen, eta pianoa jotzen ere gazterik hasi nintzen. Ni jaio nintzen etxean aitona atezaina zen, eta etxeko bi pisu San Pelayo Langile Katolikoen Etxearenak ziren. Etxe hartan pianoa zegoen. Aitonak debekatua zigun piano hura jotzea, baina bai amak eta bai nik, biok jotzen genuen ezkutuan. Gero, solfeoa ikasten hasia nintzela, bandako zuzendaria konturatu zen musikari bat zetorrela han, eta bandan klarinetea jotzen hasi nintzen. Aurrerago, musika irakasleak izan nituen, Narbaiza bergaratarra lehenengo, eta gero Maria Barbara.

Noiz hasi zinen kantuak sortzen?

Konposatzen aspaldi hasi nintzen, koadrilako eta lagunarteko gauzak, protestakoak... Lehenengo kantua 14 edo 15 bat urte nituela egin nuen, hitzetan euskara eta erdara nahastuta: Gosea. Errebeldia eta protestarako joera zegoen aurreneko kantu haietan. Ni mutil argia nintzen. Eskolan, jokaeran nota txarrak izaten nituen beti, baina asignatura guztietan nota onak. Denak atseginak egiten zitzaizkidan, eta ikasitakoari musika jartzen nion, ikasteko eta buruan sartzeko oso egokia zela jabetuta.

Beraz, beti inguruko denari musika jartzen aritu zara, txikitatik.

Bai. Beti lagunartean aritu naiz. Lagunartean egin dut nik nire lan guztia. Bizitza osoan. Pianoa ikasi nuen, eta gero harmonizazioak eta konposizioak [Francisco] Escudero jaunarekin. Hark esperantza handiak zituen nirekin. Baina herriak ez zituen eskatzen kontzertistak, herritik kanpora joan eta txalo eta sari bila ibiltzen ziren musikariak. Nik herrian egin ditut gauza guztiak. Musika beti izan da, niretzat, pertsonekin elkartzeko bide bat. Uste dut herrian estimazioa izan didatela. Ez dut imajinatzen nire bizitza musikarik gabe.

Umeekin oso ondo moldatu zara beti, eta umetan zure ikasle izandakoek ez zaituzte ahazten.

Bai. Beti izan dut erraztasuna horretarako. Abesti asko egin ditut umeekin eta gazteekin, eta poz handiak izan ditut, oso handiak.

Oso ezagunak dira zuk sortutako kantuetako asko, eta egungo umeek horiek ikasten jarraitzen dute: Alaken!, Ranroberra, Euskera oi euskera, John Brown, Mak Mikel badoa, Txiki-txiki-txikia, Txoria nintzela...

Kuriosoa da. Kanta horietakogehienak inprobisatuak izaten ziren. Asko gustatzen zait Ranroberra nola sortu zen kontatzea. Martutenen lanean hasia nintzen orduan. Bazen han ume bat betibegira baina isil-isilik egoten zena. 'Hau autista izango duk', pentsatzen nuen neure artean. Halako batean, Gabonetan, Errege Magoak zetozela eta, haiek zer ekarri behar zioten galdetu nion. Soltatu zen, eta esan zidan, kirri-marra nabarmenez: 'Motorra, traktorra eta Ranroberra'. Eta orduantxe hasi nintzen «Ranroberra popopo popo po...» kantatzen.Beste mutil bat bazen, Zarauzko Antonianoetan, beti bakeroak marrazten zituena zaldi gainean, eta hari begira sortu nuen Mak Mikel badoa kantua. Inprobisatuz, bertsolarien antzera. Hizketaldian bezala.

Eta Alaken!? Nola sortu zen?

Alaken! zaharragoa da. Hemen sortu zen, Zarautzen, ikastolan lanean hasi aurretik. Ezkongabea nintzen orduan, eta etxean eskolak ematen nizkien ume batzuei, Anjel Illarramendi horien artean. Haien lagunekin-eta Gabonetan sortu zen kantua. Niretzat oso garrantzitsuak izan dira beti onomatopeiak. Grazia dute zentzuari begiratu gabe ere.

Hainbeste urtetan umeekin aritu ondoren, orain zaharrekin ari zara.

Maitatua sentitzen naiz, benetan maitatua. Eta gustura aritzen naiz lanean. Beti beharra ikusten dugu, eta horri erantzuten saiatzen gara. Aitona garrantzitsua izan zen niretzat. Umetan, askotan ibiltzen nintzen harekin, batera eta bestera eramaten ninduen, bere txakurtxoa nintzen. Eta gaur egun ere aitona-amonekin egoten dira askotan umeak, eta azkeneko diskoa horiei eskainita egin dut, Aitona-amonekin kantari. Aitona-amonek parte hartu dute diskoan, eta oso gustura egindako lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.