«Euskal kulturari bere bizitza eskaini zion gizon baten omenez musika eta oroitzapenak uztartuko dira». Hala definitu du Loraldia Festibalak 2023an zendutako Jonan Ordorika musika teknikariari gaur egingo dioten omenaldia. Mila esker, Jonan Ordorika izenpean kontzertu baten egitura hartuko duen omenaldia egingo diote, eta harekin lan egin zuten hainbat musikarik hartuko dute parte. Besteak beste, Hiru Truku taldeak, Anarik, Micek, Rafa Ruedak, eta Tapia eta Leturiak. 19:30ean izango da, Bilboko Arriaga antzokian.
Joseba Tapiarentzat kolpe latza izan zen lagunaren heriotza. Hala aitortu zion BERRIAri soinu teknikaria hil berritan. Orain, handik urte eta erdira, lagunaren omenaldian parte hartuko du. Bitan izango da oholtzan gaur: Xabier Leturia kidearekin, alde batetik, eta Hiru Trukuko beste bi kideekin ere bai, bestetik; Ruper Ordorikarekin —Jonan Ordorikaren anaiarekin— eta Bixente Martinezekin, alegia. Omenaldian parte hartuko duten artista guztiek bezala, Tapiak ibilbide profesionalean bidelagun izan zuen Ordorika. Musikariaren hitzetan, bere diskografia osoaren «zati handi bat» harekin landua izan zen, eta laguna omentzeko baliatu nahi du ekitaldia. «Gure soinu teknikaria, ekoizlea eta masterizadorea izan zen Jonan. Bidaia asko egin ditugu elkarrekin, eta familiakoa zen; taldeko torloju garrantzitsu bat».
Loraldia festibaleko arduradunek izan zuten Ordorika omentzeko ekitaldi bat egitearen ideia, eta geroago iritsi zitzaion proposamena Tapiari. Ez zuen birritan pentsatu, ordea. «Jonanen omenaldian parte hartzea da etxeko norbaiten omenaldian egotea. Ilusio eta emozio handiz gogoratuko dugu, eta oso arratsalde berezia izango da».
Azkarate testigu
Nafarroako Azkarate herriak berebiziko garrantzia izan zuen Ordorikaren ibilbide profesionalean. Euskal artista askoren lanek dute Ordorikaren zigilua, eta denen testigu izan da Azkarate. 1991n, Katarain estudioa ireki zuen bertan Angel Katarainekin eta Amaia Apaolazarekin batera, eta hainbat musikari pasatu ziren handik. 2015ean amaitu zuten estudioa, baina Ordorikak, Mamia Mastering zigilupean, masterizazio lanetan jarraitu zuen bere kasa. «Bi etxe ziren, baina herri berean zeuden biak. Geografikoki sormenaren zati bat zen Azkarate, eta orain galdu egin ditugu sormeneko sentsazio horiek guztiak», adierazi du Tapiak. Bi egoitza horietan makina bat ordu igarotakoa da, eta Ordorikaren iritzia «oso garrantzitsua» zela adierazi du Tapiak berak. «Kanpo begirada batetik ematen zuen iritzia, eta guk ikusten ez genituen gauza asko ikusten zituen hark. Laguna, taldeko partaidea eta estratega zen».
«Kanpo begirada batetik ematen zuen iritzia, eta guk ikusten ez genituen gauza asko ikusten zituen hark. Laguna, taldeko partaidea eta estratega zen»
JOSEBA TAPIAMusikaria
Hainbat artistak hartuko du parte omenaldian. Baina Hiru Truku taldearen itzulera izango da unerik hunkigarrienetako bat. Euskal Herriko kantu tradizionalak berreskuratu zituzten hiru musikariek. 1994an atera zuten lehen diskoa, Hiru Truku, eta 2004an, berriz, hirugarrena eta azkena: Nafarroako Kantu Zaharrak. 2005ean utzi zuten oholtza talde moduan, eta bakoitzak bere proiektuetan jarraitu zuen. Tapiak argitu nahi izan du ez direla talde moduan itzuliko —«dagoeneko herriren batetik deitu digute kontzerturen bat emateko eta»— eta lagunaren omenaldiak elkartu dituela. «Etengabe gaude harremanetan Bixente, Ruper eta hirurok, eta alde horretatik azken egun hauek ez zaizkit arraroak egiten ari. Jonani omenaldi bat egingo zaio, eta horixe egingo dugu guk, laguna oroitu».
Hala ere, berezia izango da hirukotea berriro elkartzea. Hogei urte dira taldeak azken diskoa atera zuela, eta geroztik ez dute berriro kontzerturik eman. Dena den, ederki gogoratzen ditu garai horiek Tapiak: «Hiru Truku lan pedagogiko bat egiteko sortu zen, eskoletan kantu zaharrak erakusteko. Eta eskoletan egin genituen lehen kontzertuak. Ondoren etorri zena sorpresa hutsa izan zen. Bakoitza bere ibilbidea egiten ari zen, Bixente Oskorrin, Ruper bakarrik eta ni Tapia eta Leturian. Eta hiru proiektuak puri-purian zeuden».
Hainbat aldiz aritu zen Ordorika Loraldia Festibaleko soinu teknikari moduan, eta antolatzaileek hura oroitzeko baliatu nahi izan dute ekitaldia. Hala adierazi dute kazetariei zabaldutako oharrean: «Loraldiak, Jonan Ordorika soinu teknikari gisa hainbat aldiz izan duenak, omenaldi publiko hau eskaini nahi izan dio. Ikuskizun hau eskerrak emateko ekintza kolektibo bat da, itzaletik euskal musikaren garapenean funtsezkoa izan den pertsona bati». Hala ere, Ordorikari egingo zaion omenaldia soinu teknikari lanetan ari diren eta aritu izan diren profesional guztiei zabaltzeko baliatu nahi izan dute: «Atzealdean lanean ari diren soinu teknikari guztiei; musika magikoa posible egiten duten horiei».