«Euskadi/ jende gutxi/ eta denok/ erdi lehengusu...». Iñaki Irazuren hitzok 1993an musikatu zituen Jabier Muguruzak, eta Les Mecaniciens taldearekin plazaratu. Ordutik, idazlearen beste hamaika poema jantzi ditu doinuz musikariak; zehazki, 32 kantu jaio dira urteotan bien arteko elkarlanetik. Horietatik 11 hautatu, «errebisatu», hainbat musikariren laguntzaz berriro grabatu, eta Lagun batek esan dit (Maramara) diskoan bildu ditu orain Muguruzak, idazle eta adiskideari omenaldia egiteko asmoz. Lana aurkezteko hainbat zuzeneko egingo dituela ere iragarri du.
Azken urteotan, haurrentzako kantuak sortzen aritu da, batik bat, musikaria; esparru horretatik kanpo argitaratutako azkena Geltokiak izarretara (2019) diskoa zuen orain arte. Iaz, ordea, Irazuri «omenaldi moduko bat» egin behar ziola erabaki zuen. «Arrazoiak bat baino gehiago ziren, baina nagusia hauxe: 32 kantu nituen musikatuak, hiru hamarkadatan, Iñakiren hitzekin. 32 kantu; erraz esaten da, baina horrek zerbait esan nahi zuen, dudarik gabe».
Ez da ohikoa artista batek idazle beraren hainbeste poema musikatu izana. Eta horrek Irazuren letretatik zerk erakarri izan duen pentsatzera eraman du Muguruza. Kantuok aztertu, eta hainbat gai eta giro joan zitzaizkion azaltzen: haurtzaroa, promesak, ezintasuna, giro lainotsua, maitasuna, bakardadea, kale bustiak... Baita umore fina, zoritxarra, samurtasuna eta beste ere. «Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, dudarik gabe, baina batez ere tratamendua, jorratzeko modua, Iñakiren begirada zen benetan liluratzen ninduena». Maitasunaz hitz egiteko modua jarri du adibidetzat musikariak: «Zerbait oso pertsonala zegoen maitasuna islatzeko modu horretan, gaurko estereotipo guztietatik urrun».
«[Poemetako] Gaiak eta giroak nire interesekoak ziren, dudarik gabe, baina batez ere tratamendua, jorratzeko modua, Iñakiren begirada zen benetan liluratzen ninduena». JABIER MUGURUZAMusikaria
Urteotan argitaratutako diskoetan arakatu, eta «buelta asko eman ondoren», Irazuren hitzak daramatzaten 11 kantu aukeratu zituen. Izen bereko diskoko Boza barruan abestiak ematen dio hasiera bildumari, eta Azaroak baditu gauza onak piezak, berriz, amaiera (Tonetti anaiak, 2015). Bi horien artean, beste bederatzi bildu ditu: Les Mecaniciensek kantatzen zuen Euskadi jende gutxi ez ezik, Urtain, Lagun batek esan dit (Txema Garcesek musikatua), Zure lapurra, Etxera berandu heltzean, Lausoa kristalean, Beldurrak, Jaka zahar bat, eta Mutiko arrotzaren kanta.
Kantu bakoitza garai batekoa izanik, giro eta instrumentazio desberdinak antzeman daitezke haietan. Hala, abestion «nolabaiteko errebisio bat» egitea bururatu zitzaionean, horiek guztiak «punta-puntako banda batekin» grabatuko zituela erabaki zuen, «obrari batasuna emate aldera». Oraingoan, hauek izan ditu lagun: Mikel Azpiroz (Rhodes pianoa eta Hammond organoa), Jean Marie Ekai (gitarra elektriko eta akustikoak), Fernando Neira (baxu elektrikoa) eta Karlos Aranzegi (bateria). Baita bi «gonbidatu berezi» ere: kantu batean Maite Larburuk parte hartu du, eta beste hirutan Mireia Otzerinjauregik. Iazko azaroa eta abendua bitartean grabatu zuten lana, Azpirozen ardurapean, Donostiako Mamusik estudioan.
Orain, zuzenean aurkezteko kontzertu gutxi batzuk egingo dituztela iragarri du Muguruzak. Oraingoz, Bilbon —martxoaren 23an—, Donostian —maiatzaren 3an— eta Bartzelonan —ekainean, data zehaztu gabe— arituko dira, eta litekeena da Irunen ere (Gipuzkoa) emanaldiren bat egitea.
Doinuetara «jaioak»
Irazuk ondo gogoan du Muguruzarekin elkartu zen lehen aldia. Barakaldon (Bizkaia) izan zen, Xabier Leteren kontzertu baten bueltan, duela 30 urte inguru. Haren poemen inguruko interesa agertu zion musikariak, eta halaxe abiatu zuten elkarlana. «Hor hasi zen dena, eta gero, urtez urte, harreman hori berritu izan dugu».
Bien arteko harremana azaltzeko, presentzia hitza hautatu du poetak: «Urtez urte, nire baitan, nire gogoan izan den presentzia bat izan da, bidelagun bat». Eta beste hitz bat gehitu dio jarraian: Itxaro. «Harreman horrek itxaro bat sortu du nire baitan; zerbait egiten nuenean, beti nuen gogoan banuela hartzaile bat, eta itxaro horrek eragin bat izan du nigan».
«Norbaitek norberak egiten duena aintzakotzat hartzen duenean, esango nuke poema horiek jaio egiten direla. Eta Jabierrek aintzat hartzean, jaio egin dira poema horietan bizi diren pertsonaiak eta haien bizipenak». IÑAKI IRAZUIdazlea
Jaio hitza ere zerrendara batu du idazleak azalpenean sakondu ahala. «Nolabait, norbaitek norberak egiten duena aintzakotzat hartzen duenean, esango nuke poema horiek, letra horiek, jaio egiten direla. Eta Jabierrek aintzat hartzean, jaio egin dira poema horietan bizi diren pertsonaiak eta haien bizipenak: iluntasunaren aurka ukabilka ari den boxeolaria, kristalak lausotzen direnean zer egin ez dakien pertsona, amesgaiztoak gauaren erdian iratzarri eta loak hartzen ez duen gizasemea, eta abar».
Horiek denek, gainera, jaiotza berezia izan dute, idazlearen hitzetan: «Boz batera jaio dira, musika batera, eta esango nuke, hitza edo poema bat behar bezala jaiotzeko, behar duela musika, behar duela boz batean bildua izan». Beste bi hitz, maitasuna eta osatu ere josi dizkio Irazuk azalpenari, amaitzeko. «Kantu hauek entzun ditudanean, iruditu zait, bozean bilduak izatean, poema, letra, pertsonaia edo momentu hauek osatu egin direla. Osatu, bere hainbat adieratan: falta zaiona jarri, sendatu, bere onera etorri... Pertsonaia hauek behar zuten maitasun pixka bat. Eta Jabierrek bere bozean bildu dituenean, maitasun kutsu bat sumatu dut».