Zazpi urte igaro dira Laetitia Sadierrek (Vincennes, Frantzia, 1968) bere bakarkako ibilbideko azken-aurreko diskoa kaleratu zuenetik —Find Me Finding You (2017), Laetitia Sadier Source Ensemble gisa argitaratua—, baina, orduz geroztik, Stereolab taldeko abeslaria izan zena ez da geldirik egon. Monjobo talde brasildarrarekin Modern Cosmology proiektuan parte hartu du, eta iaz atera zuten What Will You Grow Now? diskoa; Little Tornados bandarekin kolaborazio bat ere egin zuen; eta azkeneko urteetan Stereolabekin ere itzuli da agertokietara, nahiz eta oraingoz ez den Tim Ganerekin batera osatzen duen taldearen disko proiekturik bidean. Orain, berriz, berriro heldu dio 2010ean abian jarri zuen bakarkako ibilbideari, eta Rooting for Love (Drag City) lana argitaratu berri du.
Stereolab nortasun handiko taldea izan zen, iraganari bezainbeste etorkizunari begiratzen ziona. 1960ko hamarkadako pop musika, krautrocka, Brasilgo musika, musika elektronikoa eta bestelako ukituak uztartu zituen bi hamarkadako ibilbidean, ahots harmoniei garrantzi berezia emanez; eta musikagatik ez ezik, hitzetan eta elkarrizketetan zabaltzen zituen mezu politikoengatik ere nabarmendu zen.
Rooting for Love-rekin, Sadier ez da asko aldendu parametro horietatik, nahiz eta, oraingoan, batik bat maitasuna irakurtzeko moduetan jarri duen arreta. Nolanahi ere, musikariak berak aitortu duenez, historikoki gizakiak harremanak edukitzeko izan dituen era okerrez ere mintzo da diskoa, eta baita horri aurre egiteko bideez ere: «Geure buruari sentitu behar duguna sentitzen uztea, horixe du hizpide diskoak», adieraz du berriki Rooting for Love lanari buruz. Eta gaineratu du: «Bestela, gero eta min handiagoa egingo diogu elkarri. Gure bizitza nahasmendu betean egongo da, modu kolektiboan hitz eginda. Eta kolektiboki ikasi behar dugu horrek guztiak asko duela trauma kolektibotik».
Ingelesetik frantsesera
Parisko aldirietan jaio bazen ere, gaztetxoa zela AEBetan ere bizi izan zen Sadier, eta, Frantziara itzulita, berriz, Montpellierren. Halere, McCarthy taldeko Tim Gane ezagutu eta harekin Ingalaterrara alde egin zuenean deitu zuen Sadier gaztea musikak. McCarthyren azken garaian, 1980ko hamarkadaren amaieran, ahotsak sartu zituen, eta, proiektu hura bukatu zenean, Stereolab jarri zuten abian Sadierrek eta Ganek. Stereolaben hitzak batik bat ingelesez idatziak bazeuden ere, kantaria frantsesez ere aritzen zen, eta bakarkako bidean ere bi hizkuntzak tartekatzen ditu; Rooting for Love ez da, alde horretatik, salbuespena.
Stereolabek —nahiz eta taldeak garapen nabarmena erakutsi zuen disko batetik bestera— kantuak egiteko molde oso identifikagarria eraiki zuen bi hamarkadaz, zeinetan ahots harmoniek eta Sadierren kantatzeko modu pausatuak berebiziko garrantzia zuten. Bere bakarkako bidean —eta azken diskoan ere bai— bide horri eutsi dio Sadierrek, eta ez da zaila Stereolaben avant-poparen eragina antzematea haren musikan, taldearen eta bakarlariaren arteko lanetan aldeak ere badiren arren.
Who + What-ekin eta bere giro jantziarekin hasi eta berehala —emakume eta gizonezko ahotsak, ehundura sendoa eraikitzen duen organo bat, kutsu elektroniko leun bat—, Rooting for Love-k erakusten du Sadierrek eremu ugaritara eraman nahi duela bere musika. Une autre attente biziak Stereolaben oihartzunak dakartza, eta The Dash-en antzeman daitezke brasildar tropikalismoaren aztarnak ere.
Baina, erreferentzien gainetik, Sadierren azkeneko diskoak nortasun propioa duen artista bat erakusten du, orain dela 25 urte abiatu zuen ibilbide baten azken lagintzat ere jo baitaiteke Rooting for Love, oraingoz.
Stereolabekin behin baino gehiagotan izan zen Sadier Euskal Herrian, eta aurten itzuliko da, bere bakarkako proiektuarekin. Maiatzaren 22an izango da, Donostiako Dabadaba aretoan.