Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Final-laurdenak

Laburu «akabatzeko» arrazoirik gabe

Agin Laburu nagusitu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreneko final-laurdenean Urretxuko Ederrena pilotalekuan, ohi duen bertsokera bizia eta zirtolaria erakutsita.

Agin Rezola, atzoko saioko une batean. GOTZON ARANBURU / ARGAZKI PRESS.
Beñat Zamalloa Akizu.
Urretxu
2015eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Txapelketa entrenatzeko berarekin batera bere etxean bildu ohi direnek txukun aritu ezean «akabatu» egingo zutela iragarri zuen hasierako agurreko bertsoan Agin Laburuk. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurreneko finalaurreko saioan kantatu zuen hori: atzo, Urretxuko Ederrena pilotalekuan, 480 bat bertsozaleren aurrean. Entrenamenduetan lagun dituenek, ordea, atzo ez zuten Laburu «akabatzeko» arrazoirik bildu. Izan ere, bereizgarri duen bertsokera bizi eta zirtolaria maila txukunean ariketaz ariketa erakutsi zuen, noiz edo noiz maila jaitsi arren.

Labururen atzetik, Beñat Iguaran, Nerea Elustondo, Jexux Mari Irazu, Asier Azpiroz eta Eli Pagola sailkatu ziren. Bertsoaldi osorik ez zen izan, baina guztiek lortu zuten aleren batean nabarmentzea eta gora hurbiltzea. Nerea Elustondorentzat ez zen bere arratsalde «ederrena» izan, azken agurrean kantatu zuenez. Urretxun ez zuen beste txapelketa batzuetan erakutsitako distirarik. Irazu ez zen «atrebitu» arriskatzen finalaurrekoetan sartzeaziurtatzeko, eta garesti ere ordain lezake atrebitu ez izana, datozen lau finalaurrekoen faltan ziurgabetasunean delako.

Saioan kokatzen aritu ziren zortziko handiko lehen bi ariketetan Iguaran eta Azpiroz, eta Elustondo eta Irazu. Bertsoaldi biziena Pagola eta Labururena izan zen. Biek ala biek eutsi zioten tonu umoretsu eta biziari bertsoz bertso. «Gurasoak dira Eli eta Agin. Telebista piztu eta sekulako ezustekoa izan dute. 18 urteko semea agertu da reality show batean parte hartzen», jarri zien gaia Itziar Etxezarretak. «Xelebrea da, baina e'nun uste/ hain burugabea zenik», bukatu zuen Pagolak bere lehen bertsoa. «Lehen prestatzen genion beti/ txorizoa eta pan bimbo» hasi zuen berea Laburuk. Aurrerago ere erakutsiko zuen lehen puntuak detailez kargatu nahia. «Uste al zuen hor aterata/ ez genuela jakingo?», galdetu zuen aurrenekoaren azken puntuan. Saioa Euskal Telebistako Gu ta gutarrak zela zehaztu zuen Pagolak, eta Laburuk orduan: «Inuzentia ez da ba juan/ diruik ez dagon tokira».

Zortziko txikian, Iguaran eta Elustondori elkarrekin aritzea egokitu zitzaien. Igogailuan ez gora ez behera egongo ziren, eta Iguaranek, Elustondok ez bezala, ez zion oraindik larrialdi botoiari eman nahiko. Erdialdera esnatu zituzten entzuleak Iguaranen zirtoarekin. Elustondok galdetu zuen komunik ba ote zen, eta Iguaranek bertan egiteko gonbita egin zion, konfiantza hartzeko ez zela gaizki egongo. Jardun berean, hala ere, Azpiroz eta Labururena izan zen jardun osoena, freskoena eta umoretsuena. Txosnetan lanean ari ziren biak, baina Azpiroz lanean fin eta Laburu bezeroekin hitz eta pitz. «Ta marketina ere/ ein biharra ziok», botako zuen Laburuk bere aurrenekoan. «Alkandora ta guzti/ komertziante planta» zuela kantatu zuen bigarrenean lehenengo, ondoren Azpirozi zera egozteko: «Eta hik dakakena dek/ inbidi galanta». Erantzunean «astakirten» deitu zion Azpirozek, eta zer argitu: «Ta gainera ez diote/ kasorik egiten». Kasurik jaso ez izana zuritzeko bazuen azalpena Laburuk: «Plastikozko basuaz/ ez ziok errexa».

Sei puntuko motzekoetan tarteka lan batzuek gora egin arren, ez zen entzuleak asebete zituen lanik izan. Iguaranek eta Irazuk amarekin harremana galdu ondoren, ama gaixo zela jakingo zuten. Iguaranek amarekin galdutako harremana berreskuratu nahiko zuen; ez, Irazuk. Iguaranek lehen bertsoan asmatu zuen: «Ezgabiltz bere jarraika/ horrelakuak hamaika/ amakin hitzik egin gabe/ ta lurrazpian aita. / Nahiz igual egin zun nahita/ nahiz eta bera ez maita/ goazen bisitan anaia maite/ ama, ama baita». Ez zuten lortu Iguaranek ezarritako maila mantentzea.

Fase honetan rol banatatik hiruna bertso kantatu beharra dute hamarreko txikian. Esaterako, Irazu eguraldi gizona izan zen, eta Azpiroz nekazaria. Irazu bizien aritu zen ariketa izan zen. «Bihar ateri dezu/ inbernaderoan», bota zuen aurrenekoan. Pagolak sexu aholkulariaren ahotik kantatu zuen eta Elustondok hirugarren adinekoarenetik. Orgasmoa zer zen galdetu zion Elustondok, eta honela azaldu zion Pagolak bikain: «Definitzen zaila da/ baina, to, abisu;/ hontan saiatu arren/ hainbeste mukizu/ hor behean jolasean/ Nerea ari zu/ ta halako batean/ iristen bazaizu/ ximurrak ere plano/ jarriko zaizkizu». Ofizioetan plaza gehien lehertu zuen bertsoa izan zen.

Amatasuna eta aitatasuna

«Eskuetan duzu hainbeste desio izandakoa», izan zuten kartzelako gaia. Aitatasuna edo amatasunetik hartu zuten gaia guztiek, Iguaranek salbu: ama ezkongabeenetik kantatu zuten Elustondok eta Pagolak, aita izateko zailtasuna izan zutenetik Irazuk eta Azpirozek, eta zailtasunik gabekotik Laburuk. Kartzelan ere Laburu nagusitu zen, beretik kantatuta. «Begira zazu gure alaba/ politta bezain xalada/ hemen jaio da beste Agin bat / eta Aginen alaba», amaitu zuen bigarrena, eta honela biribildu zuen lana zirto ironikoz: «Oso gogorra izan da baino/ errexena egin degu».

Bigarren final-laurdena gaur jokatuko da, 17:30ean, Errenteriako Agustina Otaola Erraketista Profesionala pilotalekuan. Amaia Iturrioz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Martin ariko dira kantuan. Imanol Artola Felix aurkezle dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.