Laburrean eta handian

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren jaialdiak 148 film proiektatuko ditu bihartik hilaren 18ra bitarte. Erabat aurrez aurrekoa izango da berriz aurten

Zinebiko Sail Ofizialean dago Anna Fernandez de Paco zuzendariaren Nisam je stigao voljeti/ I Didn´t make it to Love Her film laburra. ZINEBI.
Inigo Astiz
2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Justu %50 egonkortu du flotazio lerroa Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak azken urteetan. 2018an hartu zuen haren zuzendaritza Vanesa Fernandezek, eta hirugarrenez errepikatu dute titularra aurten. 2020an jakinarazi zuten lehenengoz jaialdian parte hartuko zuten zinemagileen erdiak baino gehiago emakumezkoak izango zirela. Gero, erdira joan zen langa 2021ean, eta aurten berriz ere gora egin du kopuruak, zuzendarien erdiak baino gehiago izango baitira emakumezkoak. Guztira, 148 lan proiektatuko ditu jaialdiak bihar hasi eta hilaren 18ra arte, eta langa horrek ezarrita dirudi jadanik hurrengo urteetarako. Euskaraz sortutako hiru film labur ere emango dituzte, gainera: Ainhoa Olasoren eta Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna, Josu Martinezen Hitzak, eta Marta Gomezen eta Paula Iglesiasen Hondarrak.

Erdi presentzialak eta erdi digitalak izan dira azken bi jaialdiak, baina erabat aurrez aurrekoa izango da berriz aurten, etxetik aretoetara itzulita.

Bihar egingo dute irekiera jaialdia, Bilboko Arriaga antzokian. Maria Goirizelaia antzerki zuzendariak eta Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak zuzenduko dute ekitaldia, Merina Gris taldearen emanaldia ere hartuko du, eta lehiaketa ofizialean parte hartuko duten zazpi euskal filmak proiektatuko dituzte. Hilaren 18an egingo dute itxiera festa; palmaresaren berri emango dute, eta, ohi dutenez, saritutako filmen emanaldia antolatu dute 19rako.

SAIL OFIZIALA

Bi adar ditu Zinebiko sail ofizialak. Film Laburren Nazioarteko Lehiaketa dago batetik, eta ZIFFZinebi First Film Nazioarteko Lehiaketa, bestetik. Jaialdiko arduradunek 3.400 film baino gehiago ikusi ondoren hautatu dituzte laburren sailean lehiatuko diren 57 filmak. Emakumezkoek zuzendutakoak dira haietako 38, eta gizonezkoenak beste 31. Eta tartean dira irekiera ekitaldian proiektatuko dituzten zazpi euskal lanak ere. 7.000 euroko saria jasoko du film laburrik onena izendatuko duten lanak.

Euskal film laburrik onenaren saria ere emango dute (6.000 eurokoa), eta 5.000 euroko sari bana izango dute fikziozko labur, dokumental labur eta animaziozko film labur onenek.

Zinemagile berrien sailean bederatzi film luze izango dira lehian. Theo Montoya zuzendari kolonbiarraren Anhell69 da horietako bat. Sorterriko bortizkeria eta etsipen giroaren erretratu bat egiten du lanak, eta Veneziako Kritikaren Astean sari sorta jaso ostean helduko da Bilbora. Suitzako Vision du Reel jaialdian Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso du Marusya Syroetxkovskaia zinemagilearen How to Save a Dead Friend dokumentalak, Errusiako belaunaldi oso baten lekukotza gordina uzteagatik. Eta, saririk eskuratu ez arren, Berlinalen estreinatu ostean helduko da Zinebira Ines T. Alvesen Juunt Pastaza Entsari filma. Ekuador eta Peru arteko mugako lurretan bizi diren umeen egunerokoa erakusten du lanak.

Film luzeen kasuan, 12.000 euroko saria jasoko du epaimahaiak apartatutako lanak, eta 2.000 euroko beste sari bat eskuratzeko aukera ere izango dute: Epaimahai Gaztearen Saria, hain zuzen.

Sail ofizialekoez aparte, bestelako sariak ere egongo dira, eta, esate baterako, bi film proiekturentzat hamarna mila euroko laguntzak emango dituzte Zinebi Network izeneko atalean.

EUSKAL EKOIZPENAK

Lehia ofizialetik kanpo, Bertoko Begiradak izeneko sailak biltzen ditu euskal ekoizpenak, eta aurten lau film luze eta hamasei film labur proiektatuko dituzte bertan. Hautatutako filmen artean dira, esaterako, Tetuán (Iratxe Fresneda, 2022), Bigarren ekitaldia (Ainhoa Urgoitia eta Enrique Rey, 2022), aurten Sitgesen aurkeztutako Velasco Brocaren Alegrías riojanas film laburra (2022), eta Izaro Andres musikariak eta Ander Merinok zuzendutako Izaro, limoiari eztia dokumentala.

Horrez gainera, Beautiful Docs izeneko saila da jaialdiaren beste nortasun ikur nagusietako bat. Bederatzi film eskainiko ditu aurten. Hautatze batzordeak nazioarteko beste hainbat dokumental jaialdi esanguratsutan ikusitako dokumental luzeak dira guztiak, eta bi euskal herritarren lanak daude bertan. Maria Elorza zinemagileak, adibidez, Zinebin iaz jasotako 10.000 euroko laguntzari esker sortutako eta aurten Donostiako Zinemaldian estreinatutako A los libros y a las mujeres canto aurkeztuko du, eta Ainara Verak, aurrez Cannesen estreinatutako Polaris.

OHOREZKO SARIAK

Hiru Ohorezko Mikeldi banatuko ditu aurten Zinebik. Agnieszka Holland gidoilari eta zuzendari poloniarrarentzat izango da bat; Albert Serra zinemagilearentzat beste bat, eta berriki hildako Iñigo Salaberria zinemagile eta bideogile gipuzkoarrarentzat beste bat.

Larunbatean Bilbon izango da Holland, publikoarekin solasean, eta hilaren 17an Serra. Biak Guggenheim museoan.

UKRAINAREN ATALA

Ukrainako zinematografiaren ale batzuk ere erakutsiko ditu jaialdiak. 2022an ekoitzitako hiru film labur eta hiru film luze erakutsiko dituzte, zehazki. Aurten Cannesko jaialdian estreinatutako Mariupolis 2 izeneko filma proiektatuko dute, besteak beste. Mantas Kvedaravicius zuzendariak hasi zuen filma, baina atxilotu eta hil egin zuten, eta, azkenean, haren bikotekide Hanna Bilobrovak bukatu behar izan zuen filma. Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen pelikulak Cannesen, dokumentalen alorrean.

GODARD ETA ROHMER

Eric Rohmer ere izango dute gogoan, eta saio berezia antolatuko diote. Jean-Luc Godard ere oroituko dute —berriki hil da—, Nicole Brenez adituak hari buruzko eskola magistral bat eskainiko baitu asteartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.