Laborategia, Dantzaz-en aro berria

Atalak 2.0 abiatu dute hainbat instituzioren artean. Ekoizpenean bainoago, koreografo eta dantzarien elkarlanean jarri nahi dute arreta

Atalak 2.0 proiektuan parte hartu duten erakunde guztietako ordezkariak, Coronado eta Lopezekin. A. CANELLADA / ARP.
Maialen Unanue
Donostia
2017ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Etapa berri bati ekin dio Dantzaz konpainiak, Atalak 2.0 proiektuaren bidez. Hamar urte inguru daramatza martxan konpainiak, eta honako hau eguneroko lanari gehituko dioten laborategi bat izango da. Sare indartsu batekin abiatu dute proiektua, dantzaren alorrean gutxitan ikusten den argazki bateratuarekin: Tabakalerak, Azkuna zentroak, Malandainen Biarritze Balletak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostia Kulturak egin dute bat Dantzaz konpainiaren etapa berrian. Atalak 2.0 zer izango den jasotzen duen manifestu bat ere egin dute.

Urtero, sei koreografok astebeteko egonaldiak egingo dituzte konpainiaren egoitzan. Koreografo eta dantzariek elkarrengandik ikastea izango da helburua; hau da, egonaldi bakoitzean teknikak banatuko dituzte elkarrekin, eta, nolabait, gerora jarraipena izan dezaketen proiektuak ereingo dituzte.

Aurtengo lehenengo egonaldia egin dute dagoeneko: Marta Coronado eta Fabio Lopez koreografoek astebete pasatu dute Dantzaz-eko dantzariekin, bata bestearen atzetik. Bruselako PARTS dantza eskola prestigiodunean irakaslea da Coronado; Illicite Konpainiaren sortzailea da Lopez, eta Miarritzeko ballet eskolarekin zein Malandain konpainiarekin lan egindakoa da. Astelehenean eta atzo erakutsi zuten egonaldiek eman dutena, Dantzagunean eta Miarritzen; bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan izango dira.

Coronadok azaldu duenez, «oso desberdinak» dira Lopezek eta berak landu dituzten aspektuak. Bruselan lantzen dituzten teknikak erakutsi dizkie dantzariei: «Desberdina da han eta hemen egiten den lana». Pozik agertu da Atalak 2.0 proiektuan zenbat erakunde bildu diren ikusita, eta, era berean, konpainiari ere inbidiaz begiratzen diola aitortu du: «Duela hogei urte, alde egin behar izan nuenean, gustatuko zitzaidan halako proiektu bat egotea».

Lopezen esanetan, dantzaren edo tekniken inguruan beharrean, bestelakoak transmititu nahi izan dizkie dantzariei. Batetik, talde lanaren garrantzia: «Balletean, taldea osatu behar da: norbanakoa gorde behar da taldea azaleratzeko, indibidualismorik gabe». Keinu bakoitzak «atzean duen emozioaren garrantzia» erakutsi die, bestetik. Azaldu duenez, «ia hasieratik» jarraitu du Dantzaz, baina sekula ez zuen pentsatu horrekin batera lan egiteko aukera izango zuenik. Beraz, «oso pozik» agertu da.

Aurten egingo dituzten beste egonaldiak ere finkatu dituzte. Mikel Aristegi eta Iker Gomez koreografoek apirilaren hasieran egingo dituzte egonaldiak, eta hil amaieran, berriz, aurkezpenak. Azaroan egingo dituzte azken bi laborategiak, Eneko Gil eta Eneko Alcaraz koreografoekin.

Sare zabala oinarrian

Sortu zenetik gaur arte, Malandain Ballet Biarritzekin eta Viktoria Eugeniarekin lan egin du Dantzaz konpainiak. Atalak 2.0-ri esker, sare zabalagoa ehundu dute, eta egonaldietatik sortzen dena erakusteko bi erakusleiho gehiago izango dituzte: Tabakalera Donostian eta Azkuna zentroa Bilbon. Fernando Saenz de Ugarte konpainiako zuzendariak azaldu duenez, ez dituzte itun hertsiak hitzartu; aurtengo emanaldiak zehaztuak dituzten arren, aurrera begira zentro bakoitzarekin unean-unean adostuko dituzte.

Manifestuan jaso dutenez, Atalak 2.0-ren egitekoetako bat da «tokiko» sortzaileen sorkuntza koreografikoa sustatzea, dantza konpainia egonkor baten bidez—Euskal Herrian jaiotakoak zein bertan bizi direnak dituzte tokikotzat—. Sortzaileak eta euren lanak erdigunean jarri nahi dituzte, eta sorkuntza laborategi gisa funtzionatu. Dantza egitura egonkor guztiak barne hartu nahi ditu Atalak 2.0-k, eta abiatze sendoa izan badu ere, erakunde gehiagoren elkarlana bilatuko dute.

Etapa berria ez ezik, Dantzaz konpainiak izan duen bilakaera ere izan dute ahotan erakunde eta koreografoek. Esperientziarik gabeko edo askorik izan ez duten dantzariei dantzaren mundura sartzeko lehen aukera eskaintzen die, eta gehienez bi urtez egon daitezke. Epe hori pasatzen denean, edo beste lan bat lortzen dutenean, dantzari hasiberri batek hartzen du postua. Taldearen berezitasuna aipatu du Lopezek: «Estudio batean hamabi dantzari egotea oso arraroa da: konpainia bat daukat, eta badakit diru asko behar dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.