Neu naiz nire filmaren aurkaririk arriskutsuena». Umoretsu bota du esaldia Alex De la Iglesia zinemagileak (Bilbo, 1965), baina ez dabil oso oker. Eskuzabal eman ditu Zugarramurdin (Nafarroa) asteotan bertan grabatzen ari den filmari buruzko zehaztasunak. Hogei urteko ibilbidea du, baina, halere, xehetasunez xehetasun kontatu ditu bere pelikulako une umoretsuenetariko batzuk, baina esaldi bakarrarekin biribildu ditu denak: «Komedia zoro bat da». Aktore talde osoarekin egin zuen atzo aurkezpena, Sorginen Museoan. Izan ere, Las brujas de Zugarramurdi (Zugarramurdiko sorginak) izango da bilbotarraren lanaren izenburua, eta sorginak agertu behar. Sorgin mordoa. Mila estra baino gehiago jantzi, eta akelarrean jarri ditu koban, gainera. Filmeko azken eszenetariko bat da. Apoteosia. Mila sorgin estasian, Ziripot, joaldunak, munstroak, Mikel Laboa eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa... Elementuak pilatuz joan ahala, ez zaio asko kosta azalpen bat eman beharrean zela ulertzea: «Noski, sorginak daude pelikulan, baina sakon ezagutzen dudan arren, ez dago errealitate historikoaren oihartzunik».
Madrilen denda batean urrezko eraztun mordo bat lapurtu, eta ihes egin nahian dabiltzan gizon batzuen istorioa kontatzen du pelikulak. Sorginduta daude, ordea, eraztun horiek, eta nahikoa kalamitate pasatu beharko dituzte horregatik protagonistek Zugarramurdi igaro ahal izateko. Eta hor dago umorea. Endredo horietan. «Imajinatu zeure burua gizonezko protagonistaren paperean. Milaka emakume eder eta posesibo dituzu inguruan, denak zuri heltzeko gogoz, eta ihes egiteko aukerarik ez duzu. Zer gehiago behar da bada? Hor dago komedia!».
Aspalditik zuen bueltaka buruan ideia De la Iglesiak. Hemezortzi urte zituenetik, zehazki. Bilboko liburutegi batean Julio Caro Barojaren eta Joxe Migel Barandiaranen euskal inauteriei buruz egindako lanak irakurri zituenetik. Libreki erabili duen arren, aitortu du haiei zor dielafilmeko iruditeria. «Ordutik hasita daukat barruan euskal mitologia. Horregatik, ikonografikoari dagokionez, oso presente izan ditut Caro Baroja eta Barandiaran. Saiatu naiz nortasun baten tradizioa erakusten». Hizkuntzara ere eraman nahi izan omen du jarrera hori. «Erdiz euskaraz, eta erdiz gaztelaniaz filmatzea zen nire asmoa, baina, produkzio arazoak zirela medio, azkenean ezin izan dugu egin». Gaztelania hutsean, beraz, azkenean, baina euskal espirituz. «Aktoreek ikasiak zituzten hainbat esaldi ere. Ezin izan dugu egin, ordea, baina arima hori mantendu nahi izan dugu lanean».
Herrian jasotako harrera nabarmendu du zuzendariak. Izan ere, Euskal Herriko ehunka emakumek onartu dute filmean estra gisa parte hartzea. Seiehun baino gehiago elkartu ziren, adibidez, akelarreko eszena grabatzeko. Haien lana nabarmendu nahi izan du bereziki zinemagileak, eta berdin jokatu du aktore taldeak ere. Loreak baino ez dituzte izan pelikulan parte hartu duten pertsona horientzat Carmen Maura, Terele Pavez, Hugo Silva eta Carolina Bang aktoreek. Eta berdin aritu dira inguruaren edertasunari buruz ere. Lore bat bestearen atzetik. Zuzendariak bota du handiena, halere: «Nafarroa da zinema egiteko Europan dagoen lekurik erakargarriena».
Benetakotasunaren alde
Kobaren presentzia nabarmendu du De la Iglesiak bereziki. «Beharrezkoa zen filma hor egitea». Horrek ere indar berezi bat eman omen dio aktoreen lanari.Txiste artean defendatu du zinemari buruzko bere ikuspegia. Benetakotasunaren apologia moduko bat. «Ikusi edozein pelikula amerikar. Sekulako dirutza gastatzen dute filmak egiten, baina, hala ere, ez diete piper handirik ateratzen beren aktoreei.Ez da harritzekoa. Atzean sumendi bat duela ageri da aktorea, adibidez, baina atzean inolako sumendirik ez duela grabatu ohi du eszena. Atzeko sumendia benetakoa izango balitz, erabat aldatuko litzateke haren lana, ezta?». Barreak gero.
Serioago eman ditu bere ibilbidean ikasitakoari buruzko azalpenak. Hogei urte dira aurten Acción mutante bere lehen filma estreinatu zuela. «Kolpeak nola jaso ikasi dut. Orain badakit nola aurre egin filmatu bitartean sor daitezkeen arazoei. Lehen baino hobeki egiten dut hori. Kolpeak ematen ez dut ikasi, ordea. 18 eta 20 urte dituzunean sortzen da talentua nire ustez, eta horri eustea da gerora egin behar duzuna. Kolpeak emateari buruz, adin horretan dakizun gauza bera dakizu zahartuz joan ahala ere. [Isilune bat]. Garai bateko tipo bera naizela alegia, baina pixka bat zaharragoa eta pixka bat itsusiagoa».
Gaur bukatuko dituzte Nafarroan lanak, eta postprodukzio lan luzea izango dute gero. Zuzendariaren hitzetan, hurrengo urteko udaberrirako helduko da zinema aretoetara.
Laboa, Ziripot eta sorginak
Alex De la Iglesia zinemagilea sorginak abiapuntu dituen komedia bat errodatzen aritu da Zugarramurdin, Julio Caro Baroja eta Joxe Migel Barandiaranen lanak oinarritzat hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu