«Mikel Laboaren funtsa hor atzematen dut. Arrisku guztiak hor hartu ditu. Eta berak defendatzen zuen lan hori, asko, eta domaia da, Mikel Laboa biziki famatua baita Euskal Herrian, baina ez dakit arrazoi zuzenengatik den, ez naiz segur, enetako bere obran garrantzitsuena Lekeitioak direlako. Arrisku guztiak hartu ditu horretan». Birritan aipatu du arriskuak hartzeko beharra Mizel Theret dantzari eta koreografoak (Hazparne, Lapurdi, 1959), Mikel Laboaren Lekeitioak multzoko abestiez ari dela. Hamar urte inguru eman ditu abesti horiekin lanean, eta sakon ezagutzen die zirrikitu, bihurgune eta plegu bakoitza. Gorputz osoz. Orduak eman ditu kanta horiek dantza bilakatu nahian, eta ia hamarkada beteko frustrazioen ostean, orain topatu du horretarako bidea. Bihar estreinatuko du Lekeitioak dantza ikuskizuna, Fundicion aretoan, eta Loraldia jaialdiaren programazioaren barruan doa emanaldia.
Lekeitioekin bezainbeste, kasik esan liteke Lekeitioen kontra ere aritu dela Theret. Izan ere, urteak eman ditu bihar estreinatuko duen pieza sortu nahi eta ezinean. Hasten zuen zerbait, gustatzen zitzaion, osatzen zuen hogei minutuko koreografia bat, eta, bat-batean, akabo. «Hasierak beti baikorrak ziren, biziki baikorrak, baina gero horma baten aitzinean kausitzen nuen neure burua, eta ezin jalgi hortik». Berriz saiatu eta berriz ere porrot, eta hala behin eta berriz, harik eta, azkenean, etsita, proiektua bertan behera uztea erabaki zuen arte. «Ez nuen atzematen dantzarekin nahi nuen koherentzia, kantu guztiak arrunt diferenteak baitira. Baina, bestetik, kanta horietan nagusi den Mikel Laboaren garrasia arrunt indartsu da, eta egoten nintzen entseguetan horren menpe, eta hori ez da egokia».
Eta proiektua sekula egingo ez zuela uste zuenean, entzun zituen abesti haiek berriz egun batez, eta oharkabean topatu zuen ordura arte hainbeste eta hainbeste entsegutan inondik inora ageri ez zitzaion bidea. «Leiho ttipi bat erdi ireki zen, eta sartu nintzen mundu horretan, eta berehala sortu zen, mirakulu bat bezala. Ez naiz ni pertsona bat sinestuna, baina horrela izan zen».
Musikarekin erabat lotuta ez aritzea izan da, azkenean, Theretek topatu duen bidea. Baina dioenez, tarteka, badira «zenbait hitzordu» doinuaren eta mugimenduaren artean.
Barne oihua
Araztasuna izan ohi da Thereten koreografien ezaugarririk nabarmenena, eta oraingoan ere ohiko duen abstrakzio eta zehaztasun maila horrekin landu du emanaldia. Dioenez, ordea, lanketa abstraktu horretan tanta espresionista batzuk sartzea izan da Laboaren Lekeitioetako garrasiak koreografian txertatzeko modua. «Adierazkortasun pixka bat sartu dut dantzan», zehaztu du. Baina aski izan da pixka hori. dioenez. «Laboaren oihua denean, zabaldua da; baina enea erran nezake barne oihua dela».
Minimalismotik hurbil dabil Theret eszenografian ere. Hiru limoi baino ez zituen erabili, esate baterako, 2013an Hiru zitroin lur hotzean ikuskizunean, eta, kasu honetan, soka gorri bat soilik edukiko du agertokian.
Oraindik ere, Laboaren musikaren parean jartzerakoan, bertigoa sentitzen duela dio dantzariak. Beharrezkotzat du bertigo hori, halere. «Zure indar guztiekin sartu behar zara horretan, eta behar duzu xerkatu zure barne katarsi hori». Haren hitzetan, gainera, Laboak ere sentitzen zuen bertigo hori Lekeitioak sortzerakoan. Thereten aburuz, horregatik tartekatzen zituen doinu herrikoiak abestiaren atalik libreenen artean. «Noiztenka itzultzen da ezagutzen dituen gauzetara. Adibidez, Itsasoa eta lehorra-n baduzu kantu tradizional bat; beharbada, ziurtasun zerbait bilatzen zuen berak ere horren egitean. Eta hortik abiatuz sartzen zen inprobisazioetan eta baita mundu horretan ere, baina behar zuen nolazpait bermatu bere bilketa gauza tradizionaletan ere, eta biziki inportantea izan da hori enetako ere, pieza horrek eman didalako parada ezin hobea oin bat ukaiteko euskal kulturan, sustraian, eta beste oin bat idazkera garaikide batean. Horrela da Laboaren musika».
Musika entzunaraztea
Ez zuen abeslaria pertsonalki ezagutu, baina beti maitatu du haren musika. Lekeitioak bereziki, eta gitarrarekin soilik abesten zuen sasoiko abestiak ere bai. Horietan sentitzen du Laboa gertuen Theretek, eta biluztasun horretan interesatzen zaio dantzariari. «Ene dantza hurbildu da horra nahiko errazki, baina bada zerbait arrunt salbaia haren oihuan, eta nik ez dut hori ematen ene dantzan, eta bada kontraste bat hor. Argia ematen diot haren musikari, eta entzunarazten dut».
Guztira, zortzi abestik osatzen dute Lekeitioen multzoa, eta haietako bost hartuz osatu du ia ordubeteko emanaldia Theretek. Orreaga-rekin hasi, eta Dialektikaren laudorioa-rekin bukatu. Gehiagorako gogoz gelditu da, ordea. «Ene xedea litzateke heldu den urtean edo hurrengoan, osoa egitea, baina hori xede bat da».
Pozik da Theret azkenean lortu duelako, baina, dioenez, soinean darama izandako ezinaren memoria ere. «Ez dakit publikoak ikusiko duenetz, baina lanean emandako urte horiek daramazkit ene gorputzean. Nik sentitzen ditut, bederen: badakit nondik pasatu naizen, eta zer bide hartu duten. Hori ere agertuko da».
EMANALDIAK
Bilbo. Bihar, Fundicion aretoan, 19:00etan.
Miarritze. Martxoaren 24an Koliseoan, 20:30ean.
Aulesti. Apirilaren 3an, Arte Drama topaketen programazioan.
Laboa gorputzaz abestea
Urteak eman ditu Mizel Theret dantzariak Mikel Laboa oinarri hartuta 'Lekeitioak' ikuskizuna sortzen, eta bihar estreinatuko du Bilboko Loraldia jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu