Laboa, elektroniko bilakatua

Delorean taldeak musikariaren errepertorioa bere egingo du, gaur, Bilboko Arriaga antzokian

Delorean taldeko kideak 2014an Donostiako Viktoria Eugenian emandako kontzertuan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
2016ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Delorean taldeko kideak ere harritu egin ziren 2014an Mikel Laboaren errepertorioa beren kaxara berrinterpretatzeko jaso zuten proposamenarekin. Adarra Saria ematen zuten aurreneko urtea zen, eta sei urte lehenago zendutako Donostiako musikari handiari eman zioten, ekainaren 21ean; ekitaldi harekin loturik Viktoria Eugenia antzokian omenaldi kontzertua emateko gonbita jaso zuen Deloreanek. «Harritu egin ginen hasieran, bai. Mikel Laboaren musika ezagutzen genuen, baina haren musikaren eta gurearen artean ez genuen lotura handirik ikusten. Hala ere, erronka polita iruditu zitzaigun, eta aurrera egin genuen», azaldu du telefonoz bestaldetik Ekhi Lopetegi taldeko kantari, baxu jotzaile eta kantuen sortzaileetako batek.

Erronka izan zen, beraz, Lopetegi, Unai Lazkano (teklatuak), Guillermo Astrain (gitarra) eta Igor Escuderorentzatbateria). «Guk beti nahi izan dugu ikasi egiten dugun horrekin. Errepikatzea ez zaigu interesatzen. Talde asko dago beti abesti berdina konposatzen duena, eta batzuetan ondo dago hori egitea. Gure kasua desberdina da, gauzak probatzea gustatzen zaigu. Eta eroso sentitzen gara gure soinua ez den zerbait probatzen». Horra Lopetegiren zehaztapena.

Duela bi urteko omenaldi hartan 45 minutu inguruko saioa egin zuten. Gaur, Bilboko Arriaga antzokian (20:00etan) egingo dutenaren oinarria izango da orduko hartakoa, baina orduerdi gehiago luzatuko dute. Bai lehen kontzertua osatzeko, bai eta gaurkorako ere, Laboaren ia katalogo osoa eskuratu eta entzun zuten lehen-lehenik. «Elkar etxearen bidez, estudioko bobinak lortu genituen modu digitalean, eta, horrela, ahotsak eta musika bereizi ahal izan genituen. Hor lan pixka bat egin dugu guri interesgarrienak iruditzen zitzaizkigun pasarteak aukeratzeko». Bi modutara osatu dituzte zuzenean emateko piezak: «Batzuetan, abesti osoak moldatu ditugu, abestiaren estrukturak errespetatuz, baina beste batzuetan ahots zati batzuk hartu ditugu eta testuinguru elektroniko batean sartu, sampler bat izango balitz bezala».

Deloreanek normalean ematen dituen zuzeneko emanaldiekin alderatuz, arras desberdina izango da gaurkoa, batez ere oholtza gaineko antolaerari erreparatuz gero. Batik bat sintetizadoreekin egingo dute lan, eta Lopetegik ez du abestuko. «Mikelen ahotsa errespetatu nahi genuen, eta haren ahotsa grabatuta eramango dugu. Baxua, gitarra eta bateria ere egongo dira, baina gutako bakoitzak izango du sintetizadore bat. Nik batzuetan hartuko dut baxua, Guillermok batzuetan hartuko du gitarra; bateria ia kontzertu osoan joko du Igorrek, baina hark ere badu bere sintetizadorea. Soinuarekin jolasean ibiliko gara gehienbat».

Gehiago emateko prest

Deloreaneko kideentzat, «artista handia» zen Laboa, baina batez ere haren alderdi esperimentalena egiten zaie «interesgarri eta erabilgarri». Hala esplikatzen du Lopetegik: «Haren alde hori zen akaso gutxien oroitzen genuena txikitatik, baina horretan sakontzen saiatu gara. Ikertu egin dugu haren alderdi hori, hark zeukan ikuspuntu esperimental hori, eta hortik sortu dira pieza berriak».

Viktoria Eugenian emandako kontzertua asegarri egin zitzaien Deloreaneko lagunei; «oso eroso sentitzen gara formatu horretan». Ordu eta laurden ingurukoa izango da gaurko emanaldia, eta ez dute baztertzen aurrerantzean beste hainbat lekutan ere emateko aukera izatea. Beraiei gustatuko litzaieke, gainera. «Egin dugun lana bi kontzertutara mugatzea gutxitxo iruditzen zaigu. Formatuarekin eroso eta gustura sentitzen gara, eta gustatuko litzaiguke bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo ere aurkeztea».

Deloreanek 2013an kaleratu zuen azken lan luzea, Apar izenekoa. Aurrez, nazioarteko sona eskuratua zuten Subiza (2010) eta Into the Plateau (2006) lanei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.