Mikel Laboaren bidelagun fidela izan zen Mari Sol Bastida (Donostia, 1938), eta orain, musikariaren alboan izandako bizipenak argitaratu ditu. Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat liburua kaleratu du alargunak; Laboaren gertuko lekukotzak eta bere bizitzako datu zehatzak bildu ditu bertan. Gazteleraz idatzi du liburua, eta gaztelaniaz eta euskaraz argitaratu. Euskarazko itzulpena Koro Navarrok egin du eta azala Jose Luis Zumetarena da.
Mikel Laboaren biografiarik «osatuena» eta «sinesgarriena» dela esan du Antxiñe Mendizabal liburuaren editoreak, aurkezpenean. Izan ere, Laboa arlo artistikotik harago azaltzen du; musikaria bera pertsona modura nolakoa zen erakusten du. Ibilbide kronologiko bat da liburua: nerabezaroan Bastidak Laboa ezagutu zuenetik musikaria hil zen artekoa. «Datu zehatzak eta gertuko testigantzak daude, baina baita Donostiako eta Euskal Herriko historia ere. Urte askotako giro kulturala eta beste sortzaile batzuekin izan zituen harremanak agertzen dira», adierazi du Mendizabalek. Gaineratu du, aldi berean, Bastidaren ikuspegiaren erretratu bat ere badela lana, ezinbestean. «Maitasunetik, emozioetatik eta mirespenetik eginda dago».
Liburua idazteko bi arrazoi nagusi izan dituela aipatu du Bastidak. Bata historia zabaltzea izan da. «Gizarte ororen iragana oso garrantzitsua da, eta historia hori ezagutarazteko nire ekarpen txikia da honako hau». 50-60 urteko testuinguru soziokultural baten berri ematen du lanean. «Iñakik [Salvador] esaten du Mikel oso maitatua dela, asko hitz egiten dela hartaz, baina jende askok ez dakiela zer egin zuen zehazki». Liburua egiteko bigarren arrazoia pertsonalagoa da. Memoria hauek idazten oso ongi pasatu du Bastidak. «Irakurtzean iruditzen zait bizi izandakoa berriz bizitzen ari naizela», esan du hunkituta.
Helburu argirik gabe, 60ko hamarkada hasieran Laboaren dokumentuak gordetzen hasi zen Bastida. «Orduan hasi nintzen egiten zuena baloratzen, nolabait». Ezohiko dokumentu batzuk zeuden, tartean. Lehenengo dokumentu horien artean zegoen, esaterako, Laboa oraindik Medikuntzako ikasle zela, 1963an, Zaragozan (Espainia) atera zuen dokumentu bat. Zirkuko artista eta askotariko emanaldien agiria zen, eta publikoan kantatzeko aukera ematen zuen, garai hartan.
Zeruko Argia-n 1965ean argitaratutako elkarrizketa bat ere gorde zuen Bastidak. «Sendagile gazte hartaz hitz egiten dute, eta hilabete batzuk lehenago egindako diskoa aipatzen dute». Kazetariak Laboari galdetzen dio nolatan grabatu zituen kantu tradizionalak, orduan ez baitzegoen modan. «Berak abesti tradizionalak ezagutzeko beharra aipatzen du, baina ez dela hor gelditu behar. Eduki sozial eta espirituala duten kantuak sortzeaz ere mintzo da».
Ondorengo hamarkadetan askotariko dokumentuak biltzen jarraitu zuen Bastidak: kritikak, grabazioak... 1984tik aurrera, Laboa Iñaki Salvadorrekin batera zuzenekoetara itzuli zenean, musikariak ematen zituen kontzertu guztietako oharrak hartzen hasi zen. «Horregatik, esaten didatenean zein oroimen ona duzun, nik esaten diet: 'ez ez, idatzita daukat'», azaldu du barrez alargunak. Oharretatik koadernoetara pasatu zen. Senarraren ibilbide artistikoarekin lotutako istorioak ziren koadernoetako ardatza, baina bizipenak, haurtzaroko oroitzapenak, inguruko jendearen kontuek ere hartzen zituzten orriek. «Mikelek nire proiektuarekin jarraitzera animatu ninduen, amaierara arte. Beste behin ere arrisku bat hartzen ari zen, ez zekielako zer egingo nuen zehazki ohar horiekin, baina Mikelentzat ohikoa zen arriskuak hartzea».
Duela lau urte hasi zen memoriak idazten Bastida. Ikasturte batean amaitu zituen, eta geroztik, zuzentzen ibili da. «2012tik hona hainbat laguni pasatu dizkiet testuak, eta kritikak eta aholkuak jaso ditut».
Lagunartean eta elkarlanean osatutako proiektu bat izan da, beraz, eta hori aurkezpenean bertan ikusi ahal izan zen, atzo. Kultur arloko pertsona asko egon ziren agerraldian. Tartean zeuden Bernardo Atxaga idazlea, Jose Luis Zumeta margolaria eta Iñaki Salvador musikaria, esaterako.
Juan Kruz Igerabide idazle eta Mikel Laboa katedraren zuzendariarengana iritsi zen testua, iaz. Katedra martxan jarri eta gutxira irakurri zuen, eta berehala harrapatu zuen lanak. «Gure sukaldeko beste lan bat izan da, laguntzaile bakarrik ibili garen arren. Ohore bat». Katedraren eginkizuna euskarazko itzulpena bultzatzea izan da. «Nik memoriak gazteleraz neuzkan idatzita; ez naiz gai euskaraz liburu bat idazteko. Baina argi neukan, baita ere, euskaraz argitaratu beharra zegoela», adierazi du Bastidak.
Zalantzak izan ditu, nolanahi ere. Duela lau hilabete liburua argitaratzeko «beldur handia» sartu zitzaion; egokia ote zen edo ez pentsatzen hasi eta ingurukoen bultzadaren eraginez ausartu da aurrera egitera, azkenean.
«Dokumentu historikoa»
Testuak asko hunkitu du Igerabide. «Dokumentu historiko bat da, eta idazkeraren estilo xalo eta xumea azpimarratu nahiko nituzke». Amaiera harrigarria iruditu zaio, gainera, zuzendariari. «Narratzailearen ikuspegi aldaketa bat dago, oso barrura heltzen dena».
Koro Navarro itzultzailearentzat «berezia» izan da egitekoa. «Hamabi urterekin entzun nuen, lehen aldiz, Mikel Donostiako Trinitate plazan. Oso berezia izan zen. Txundituta geratu nintzen». Urte batzuk geroago, Navarroren senarra Bastidaren lankide bilakatu zen, eta harreman estuagoa izan dute. Navarrok Lur Hiztegi Entziklopedikoan lan egiten zuen, eta Laboa tarteka hara joaten zen bisitan. «Sentsazioa izaten zen gu ginela ospetsuak eta ez bera. Oso pertsona gutxi ezagutu ditut Mikel bezain maitagarriak».
Laboaren umore sena, eskuzabaltasuna eta originaltasuna erakusten duten liburuko pasarteak gustatu zaizkio gehien Navarrori. Liburuan agertzen den bitxikeria bat kontatu du, horren harira. 2000. urtean EHUk urrezko domina eman zion Laboari. Ekitaldiaren ondoren, agintariekin bazkari bat izan zuen Donostiako Gastronomika elkartean. Bada, Laboak handik gertu zegoen beste elkarte gastronomiko batean «bazkari alternatibo» bat antolatu zuen, gertuko eta lagunentzat. Batetik bestera ibili zenbazkalordu osoan.
Laboa artistatik harago, Mikel pertsona gisa
'Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat' liburua kaleratu du Mari Sol Bastida Laboaren alargunak.Orain arte egin den lanik «osatu» eta «sinesgarriena» da, datuekin eta lekukotzekin idatzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu