LABO XL2 jaialdiak arte eszenikoetako hamaika proposamen bilduko ditu

Urriaren 22tik 24ra, askotariko emanaldiak hartuko ditu Donostiako Tabakalera zentroko Kutxa Kultur guneak; tartean, hainbat estreinaldi

Jaialdiaren antolatzaileek eta babesleetako batzuek atzo aukeztu zuten aurtengoa, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Erredakzioa
Donostia
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Duela hiru urte ekin zion bere bideari LABO proiektuak. Sorkuntza prozesuak ezagutaraztea,ikuskizunak plazaratzea eta publikoa arte eszenikoen mundura hurbiltzea izan ditu helburu hastapenetatik egitasmoak, eta ibilitako bidearen «emaitza naturala» izan zen iaz LABO XL jaialdia lehen aldiz antolatzea, sustatzaileek azaldu dutenez. Pandemiak kultur mundua astindu duen honetan, aurrera egitea erabaki, eta arte eszeniko performatibo eta esperimentalen festibalaren bigarren aldia egingo dutela iragarri zuten atzo. Hilaren 22, 23 eta 24an izango da, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan eta Ruiz Balerdi aretoan. Eta askotariko proposamenak bistaratuko dituzte aurten ere.

Jaialdiak «etxeko talentua indartu» nahi duela azaldu dute, baita euskarazko ikuskizunak eta jarduerak babestu eta emakume sortzaileei ahotsa eman ere. Egitarau zabala prestatu dute horretarako. Eta, besteak beste, Nerea Arriola, Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga, Andrea Quintana eta Alberto Cortes artisten saioak bildu dituzte egitarauan, dantza, perfomancea eta teatro fisikoa erakutsiko dituztenak. Horietariko batzuk, gainera, estreinaldiak izango dira.

Lehen egunean, goizeko inaugurazio ekitaldiaren ondotik, Ruben Albeldaren Egur basoa obra ikusi ahal izango da, eta jardunaldi profesionalak egingo dituzte jarraian. Arratsaldean, berriz, Nerea Arriolak Eta gero zer? pieza estreinatuko du, eta, ondoren, Andrea Quintanak Lo raro es que bailar sea raro izenekoa.

Hurrengo eguna hasteko, tailer bat emango dute Lacorte Filmsek eta NODEk. Eta beste bi ikuskizun izango dira arratsaldean: Nerea Gurrutxagaren eta Oihana Vesgaren Leiho zikin, zeru garbi, eta Emilio Manzanoren Proyecto Pueblo_Pubertad. Azken egunean, hilaren 24an, Oihane Varelak gidatutako mugimendu tailerra izango da goizean, eta emanaldi bi iluntzean: Koldo Arostegiren Bobo, eta Alberto Cortes eta Rosa Romeroren La Teoria de la pelvis.

Jardunaldi profesionaletan eta mugimendu tailerrean parte hartzea doakoa izango dela azaldu dute antolatzaileek. Ikuskizunetarako sarrerak, berriz, salgai jarri dituzte jada www.labo.eus webgunean. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Kutxa fundazioaren eta Dantzagunearen babesa du, besteak beste, aurtengo jaialdiak.

Arteak babesteko garaia

Pandemiaren eraginez garai zailak izan arren, ez dela gelditzeko garaia esan dute antolatzaileek. «Laguntzeko, eusteko eta babesteko garaia da. LABO XL2 edizio ezberdina izango da, baina LABO izango da». Hartu beharreko osasun neurrien araberako jaialdia prestatu dute, baina ziur dira ez duela bere «esentzia» galduko.

Bide beretik, «itxaropenerako deia» egin nahi izan dute aurtengo kolore berdeko kartelarekin. Izan ere, jaialdia «sortzaileen artea eta talentua ikusarazteko erakusleiho» bihurtzea nahi dutela adierazi dute, «oraindik ere beren lanak erakutsi nahi eta behar baitituzte. Orain, inoiz baino gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.