Gaur egun antolaturik direnak aski ez, eta beste musika jaialdi bat antolatu dute Euskal Herrian: Boga Boga. Donostian eginen dute, eta iraileko bigarren asteburuan izanen du lehenbiziko aldia. Antolatzaileen esanetan, Donostiak aspaldi behar zuen hiriak «bertako DNA duen musika independente jaialdi bat» hartzea atzera ere, eta premia horri erantzunen dio festibalak. Gin Musikak eta Dabadaba aretoak antolatu dute, eta 25 kontzertu iragarri dituzte guztira.
Zehazki, Ondarreta hondartzan, Miramar jauregian, Txillida Lekun eta Tabakaleran emanen dituzte kontzertuak. Artistak hauek arituko dira oholtza gainetan: Julieta Venegas, La Femme, Belako, Panda Bear & Sonic Boom, Anari, Pongo, Joe Crepusculo, Amantes Del Futuro, Verde Prato, Simona, Margarita Quebrada, J Martina, Hofe x 4:40, Vatocholo, Irenegarry, Dharmacide, Lukiek, Brava, Bariri, Tayhana, Alvva, Invt, Malakias, Hamaika eta Piel Mixta.
Boga Bogak bere webgunean zehaztu du artista bakoitza zer egunetan ariko den. Kontzertu batzuk doakoak dira, baina beste batzuetarako beharrezkoa da sarrera erostea; bihartik aurrera erosten ahalko dira.