La Chula Potra rap kantariaren aurka salaketa jarri du Barcinak, «irainengatik»

'La bofetada' kantua da Iruñeko alkatearen kexaren jatorria, baina abeslariak «raparen lizentziak» direla dio

Inigo Astiz
Iruñea
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Kapitalaren andre apaingarria, putarik garestiena», «sorgin gaizto, emakume txarra», «zure umetokia puskatu, haize galanta sartzeko, eta zu dardara batean jartzeko, zu, yuppie lehorrena, eme bilakatzeko». Horiek esaten ditu Julieta Itoiz La Chula Potra rap abeslariak Yolanda Barcina Iruñeko alkateari buruz La bofetada (Zaplaztekoa) abestian. Euskal Jai gaztetxea bota, eta egun gutxira idatzi zuen kantua, 2008an. 2010ean egin zuen bideoa kantarekin, baita Interneten jarri ere. «Irainak» direla eta, musikariaren aurkako kereila aurkeztu du orain Barcinak Nafarroako Auzitegian. «Raparen lizentziak» direla dio Itoizek, eta ez duela salaketa ulertzen.

«Harrituta»baina «lasai» dagoela adierazi du kantariak. «Ez dut ulertzen, hauteskundeen atarian, hainbeste lan duen eta hain boteretsua den emakume batek zergatik jartzen didan salaketa bat niri; ni ez naiz inor». Inguruan duen jendeak ematen dion sostengua da, Itoizek dioenez, bere lasaitasunaren beste oinarria. Salaketak aurrera egitekotan, ekonomikoa izango da zigorra rap abeslariaren ustez, eta aurreratu duenez, lagun arteko kontzertu bat antolatuz egingo dio aurre gastuari. Hori da kereilaren berri jasotzean azaldu duen asmoa. Hilaren 28an joan beharko du Auzitegira.

Barcinari esker ona

«Politikoki erretiroa desiro badiot ere, pertsonalki ez dut haren aurkako ezer», dio Itoizek, eta «esker ona» ere adierazi dio Barcinari. «Nire abestiaren alde publizitatea egiten ari da. Hainbeste denbora pasa da kanta sareratu nuenetik, erdi ahaztuta zegoen, baina orain kereilarekin berriz berpiztu egin da».

2010ean sareratu zuenez geroztik 40.000 bat bisita izan dituen bideoan ere ematen dizkio eskerrak Barcinari, kanta bukatu eta hari zuzentzen dion mezuan: «Mila esker, alkate anderea. Jende guztia ikusten dut orain hitz hauek dantzatzen. Gorrototik jaio ziren arren, maitasunari esker energia positibo bilakatu dira. Eta oso ongi sentitzen naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.