Kyussek berpiztu du Black Sabbath

Ozzy Osbornek jarri ditu izena eta ikuskizuna eta beste talde batzuek arima eta indarra Azkena Rock jaialdiko estreinako egunean.

Gasteiz
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Azkena Rock jaialdiaren 10. urteurrenaPortaventuran izaten diren antzeko jende ilarengatik gogoratuko da: eskumuturrekoa eskuratzeko, eremura sartzeko, txartelak erosteko… Jaialdiaren atarian ez da inoiz halako jendetzarik ikusi —18.000 aipatu du Last Tourrek—: Ozzy Osborne mediatikoak erakarrita? Rockzaleak inoiz baino goiztiarrago heldu ziren. Hala, 17:30ean, Bizardunak 1.500 lagunen aurrean aritu zen. Iruindarrek, mozkor-akelarrean, jendea dantzan jarri zuten, tartean Megadethen elastikoak jantzita zeramatzatenak. M-15 mugimendukoen eta UPNren kontrako irainak folk erradikal ikuskizun basatiarekin uztartu zituzten, ohi duten moduan. Zuritik beltzera: Eels igo zen agertokira. Mark Oliver Everett jenioaren taldeak harrituta utzi zituen ikusleak. Haizeko instrumentuekin lagunduta, folk formatutik hurbilago, post-rock emanaldi bikaina eskaini zuten, barnerakoia. Black Country Communionek oso harrera ona izan zuen, gunea ia beteta. Ez da gutxiagorako, taldekideak kontuan hartuta: Deep Purple eta Black Sabbatheko kide ohi Glen Hughes; Led Zeppelineko John Bonhamen seme Jason; Dream Theaterreko teklatu jotzaile Derek Sherinian eta Joe Bonamassa gitarra jotzailea. Ikuskizunak ez zuen sorpresa handirik eragin, baina emanaldi txukuna egin zuten, 70eko hamarkadako hard rocka gurera ekarriz. Jendearen onespenarekin, tarteka progresiborantz jo zuten, eta, jakina, Purpleren Burn oparitu zuten.

Hard rockaren gaua

The Cult oso handia zen 80ko eta 90eko hamarkadetan, eta pub-etako soinu banda bat da. Lodiago, baina borrokatzeko gogoz agertu zen Danzig eta Dave Vanianen parera jarri izan duten Ian Astbury abeslari karismatikoa. Mantso hasi baziren ere, azkar hartu zioten neurria guneari, eta emanaldi borobila, rockeroa eman zuten. Nabarmentzekoa Billy Duffy gitarra jotzailearen lana. Astburyrengandik, ordea, ahots indartsuagoa espero daiteke. Hard rockaren esentziari, erritmo biziagoak, punkaren amorru pixka bat eta melodia itsaskorrak gehituta, ikusleak txaloka izan zituzten une oro. Electric eta Sonic temple-ko kantutegiak izan ziren oinarria: Wild Flower, Electric Ocean eta Sweet Soul Sister gisako hit!-ak. Rob Zombiek B serieko filmetako trazan apaindutako agertokian rock industrialaren eremuan White Zombie taldearekin ezagun egin zituen kanta batzuk berriro gogorarrzi ez ezik, bonbo oso bortitz baten inguruan biratutako kantu bortitz baina funts handi gabekoak ere eskaini zituen.

Ozzy Osbourne bizirik dago! Uste baino argalago, eta, ustez, sasoitsuago, musikari gazte eta indartsuez inguratuta. Black Sabbathen eta heavyaren aitak heavy rock klasikoaren labela landu zuen I Don't Know-ekin hasita. Gero etorri zen Suicide solution, eta emozioz bero-bero eginda zeuden lehenengo ilarak mangerarekin busti zituen, baita berak burua ur ontzian sartu ere. Teklatuak Mister Proudly-ren introa jo, eta jendea zorotu. Dark and the Moon azkarragoarekin, gauza bera, eta, azkenean, Black Sabbathen Fairies Wears Good. Horren ostean, gitarra punteatzeak eta bateria solo oso luzeak gehituz joan ziren, emanaldiaren erritmoa makalduz. Bueltan da Ozzy, eta Sabbathen War Pigs; adin guztietako aproposa den Crazy Train —borobilena—; Mama and Coming Home balada eta Paranoid. Kantuen aukeraketa dotorea izan bazen ere, Ozzyren ahotsa ez da beti heltzen. Eta, gaua bukatzeko, Kyuss Lives: John Garcia, Nick Oliveri, Brant Bjork eta Josh Homme ordezkatzen saiatu zen gitarra jotzaile fin bat. Soinu indartsuena lortu zuen taldea izan zen, hasieran ososoinu grabe eta urratuarekin. Trantzean sartzeko bizpahiru kantu ilun jo, eta, indarra handitu ahala, 70eko hamarkadako rock biluzia duen Gardenia biziarekin harrapatu zituzten ikusleak. Erritmo astunak, psikodeliaren mugako giroak, gitarra riff bereizgarriak eta Black Sabbathen arima —orain bai!!— gainean. John Garcia, mikro-hankarekin pibotatzen, gorputzez Gasteizen eta pentsamenduz indioen arimatan, desertuan; Oliveri baxuan ikaragarri; Bjork bateria limurtzen eta gitarra pieza ikaragarri horien riff-ak menderatu nahian. Thumb klasikoak lepo guztiak mugiarazi zituen, baita 2.000 Miles-ek ere. Instrumentazio jostariak, ia jazzean galduta, tarteka flamenkotik hurbil eta indarra puri-purian. 100º eta Green Machinehit!-ak estasia izan ziren; eta jendeak hala oihukatuta, bisa egin behar izan zuten. Itzelak!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.