Lehen artista zerrenda luze bat emanez hasi du Bilboko BBK Live jaialdiak 2025eko ekitaldirako bidea. Antolatzaileek gaur iragarri dute Kylie Minogue, Pulp, Raye, Bad Gyal, Michael Kiwanuka eta Nathy Peluso izango direla festibalaren izen handienetako batzuk. Horiekin batera, Bilboko jaialdian izango diren beste hamaika bakarlari eta artistaren berri ere eman dute. Haien artean dira, besteak beste, Amaia, Amyl and The Sniffers, The Blessed Madonna, Ca7riel & Paco Amoroso, Carolina Durante, Japanese Breakfast, Judeline, L'Imperatrice, Orbital, Alice Phoebe Lou, Jessica Pratt, eta Makaya McCraven.
Euskal Herriko ordezkaritzari dagokionez, oraingoz jaialdiak jakinarazi du Mirua taldea izango dela bertan, eta baita Hofe x 4:40 eta Tatta & Denso ere.
Jaialdirako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, osteguna, aurreko urteetan BBK Liven izan direnentzat, eta 12tik aurrera, berriz, publiko guztiarentzat izango dira eskuragarri.