Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. IRITZIA

Kutxa magikoa

Jon Maia Soria.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bizitza oso bateko, hilabeteetako, asteetako, azken egunetako, bost minutu lehenagora arteko prestakuntzaren lurpeko erreka azaleratzera doa, tunel batetik, erdiko korridoretik, BECen itsasoratzera. «Goazen, animo!», esaten du norbaitek, eta taldea abiatu egiten da.

Badatoz, esan genuen besteok. Eta lehenengo zutiketa egin genuen eserlekuetan ginen guztiok. Jende arteko behe laino zaratatsuan, iritsi zara eszenatokira. Bularra estu, adrenalina goian, kontzentrazioari eutsi nahirik. Ondo zaudela sinistu nahi duzu, baina oraindik ez dakizu. Nire eguna izango da.

BEC. Finalaren eguna, lehena bezala, azkena bezala bizi duzu. Ez dakizulako inoiz itzuliko zaren. Hori idatzi nuen Barakaldora bidean. Hori da egon naizen finaletan, gehiago gutxiago, izan dudan sentipenik behinena. Ez dakizu inoiz berriz itzuliko zaren. Dena eman nahi duzu.

Saioa hasi da. Agurretatik, aurpegiera bakoitzak, dar-dar bakoitzak, jarrera bakoitzak esaten zidan zerbait nire lagunez. Nor dagoen bete-betean saioan sartua, nor ez. Nor eroso, nor barne borrokan. Elkar gehiegi ezagutzen dugu eta pantailak handiak dira. Urduritu egiten nintzen.

BEC erresonantzia kutxa bat da. Keinu bakoitzarena, bertso bakoitzarena, mezu bakoitzarena, bertsolari bakoitzarena eta han bildutako kolektiboarena. Han botatakoa betirako gera daiteke. Bertsolaritzari eta egun hori jarraitzen dutenen unibertso imaginarioari egindako ekarpenak dira. Errekarri horiek hor geratuko dira, baita erkinak ere. Esan nahi dugunaren eta esatera iristen garenaren arteko borroka-eremuan jaio dira guztiak. Urkullu umearen gerorako mendekua edo erdaraz egiten duten ikastolako irakasleen gela hori. Izar gorri hautsia, eztulka ari den argindar faktura, jatetxeko ex-ak, etxera itzuli den alaba yonkia. Hor geratuko dira kutxa magikoari esker. Eta hitz, objektu eta pertsonaia errimatu horiek beste final batzuetan sortutakoekin eta sortuko direnekin bat egingo dute bertsolaritzaren memoria historikoan. Atzo, Maialenen anti-heroi guztiak sartu ziren mundu horretara.

Han bertsotan egitea soilik han bertsotan egitearen parekoa da. Eta esan dezadan, plaza hori ez da BEC alokatuta lortzen. Elkartearen garaipena da, transmisioarena. Herrigintzarena. Bertsolariontzat, erronka bat izateaz gain, opari bat da, sari bat, eta aukera bat. Final bakoitzaren atzean bertsolari bakoitzaren urtetako bizipena dago, zalantzak, erorketak, itzulerak, barne orekak, bilaketak, zauriak, pozak eta gehienontzat, haurtzaroa eta gaztaroa.

300.000 tele-ikusle baino gehiago bildu ziren atzo bertsoak entzutera, XXI. mendeko Europako zoko honetan. Egia da, baina ez da errealitatea. Erresonantzia kutxa bat da BEC. Errealitatea, eta ederra baita ere, datorren asteburua da, eta Euskal Herri guztian arituko diren bertsolari guztiak.

Igandean Maialen Lujanbiok irabazi zuen. Bere hitzei segika, bat-batekotasunean esploratu gabeko lurraldeetara eraman gintuen. Atzo esan nion. Maialen, duela 300 urte jaio izan bazina, erre egingo zintuzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.