Kutxa Kultur Musikaren egonaldietan izango diren artistak hautatu dituzte

Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Convoi eta Idoia Asurmendi izango dira 2020an Donostiako Tabakalerako egoitzan

Egonaldietan parte hartuko duten musikariak. KUTXA KULTUR MUSIKA.
mikel lizarralde
Donostia
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gipuzkoako musika talde eta bakarlariei prestakuntza eta baliabideak ematea du helburu nagusia Kutxa Kultur Musika egitasmoak, eta azkeneko urteetan hainbat proiektuk izan dute aukera urtebetez Tabakalerako egoitzan lan egiteko, prestakuntza tekniko nahiz artistikoa jasotzeko, bai eta kontzertu batzuk emateko ere.

Aurten, 116 proposamen aurkeztu dira deialdira, eta horien artean sei aukeratu ditu epaimahaiak, Pablo Rodriguezek (BMG), Iker Barbarak (Zarata-Mondosonoro aldizkaria), Ekain Perezek (EITB Musika), Sebastian Salaberrik (Dabadaba) eta Beatriz Concepcionek (Oso Poplita-Last Tour) osatutakoak: Siete C, Beste Urtaroak, Indian Feathers, Lemy River, Convoi eta Idoia Asurmendi.

Egoitza programan hautaturiko sei artistek lankidetza hitzarmena egingo dute Kutxa Fundazioarekin, eta egonaldia eskainiko zaie. Lehenik, bilerak egingo dituzte taldeekin bakoitzaren premiak detektatzeko, eta beraien proposamen artistikoaren arabera, proiektua garatuko dute komunikazioan: zuzenekoak, diskografia banaketa, hedabideentzako aurkezpenak... eta aukera emango zaie entseguetarako lokala izan dezaten ere Kutxa Fundazioaren guneetan, Tabakalerako laugarren solairuan.

Egonaldian, prestakuntza emango zaie: musika ekoizpen, autoedizio, taldearen bideragarritasun plan edo sare sozialetako komunikazioari buruzko prestakuntza. Halaber, hainbat kantu grabatzeko aukera ere eskainiko zaie kanpoko estudio profesional batean, edo bideoklip profesionala egiteko aukera.

Kutxa Kultur Plazan kontzertua programatuko dute urteko lehen hiruhilekoan, eta, ondoren, gutxienez beste hiru ekitaldi izango dituzte Katapulta Tour programaren barruan. Hori Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaturiko programa da. Sei emanaldi horiengatik, taldeek 2.400 euro jasoko dute ordainsari. Bideo dokumental bat ere grabatuko da egonaldiari buruz, eta sare sozialetan eta beste plataforma batzuetan taldea aurkeztu eta sustatzeko erabiliko da.

Gainera, aholkularitza profesionala izango dute, besteak beste, honako helburu hauekin: informazioa bidaltzea hedabide, diskoetxe, programatzaile eta jaialdietara; aholkularitza eskaintzea kontratazioaz; argibideak ematea jaialdi, hedabide eta programatzaileekin harremanetan jartzeko; eta sare sozialetako komunikazioari buruzko aholkularitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.