Kutxa fundazioak plan estrategiko berria du datozen sei urteetarako. 2021ean, erakundeak adierazi zuen eredua aldatzeko asmoa zutela —tartean, Donostiako Miramonen dagoen Eureka zientzia museoa ixtekoa—, eta aldaketa hori gauzatzeko asmoz aurkeztu du gaur plan berria, Donostiako Tabakaleran. Bildutako proiektu esanguratsuenetako bat da Atenea gunea zabaltzea. Tabakaleran bertan irekiko dute, 2026ko bigarren seihilekoan.
Eraikinaren beheko solairuan, lehenean eta laugarrenean egongo diren sei aretoz osatuta egongo da Atenea; guztira 6.300 metro karratu hartuko ditu. Proiektuak hamabost milioi euroko aurrekontua izango du. Iragarri dutenez, erakusketa guneak, «inspirazioko lekuak» eta prestakuntza edo lankidetza esperientziak lantzeko tokiak izango dira, sormena eta ezagutza artistikoa, zientifikoa eta humanistikoa sustatzeko asmoarekin sortuak. «Ekipamendu berritzailea sortzearen aldeko apustua egin dugu, eta gure komunitatearen beharrei erantzuteko konfiguratu», kontatu du Karmele Gomezek, Kutxa Fundazioko berrikuntza arloko zuzendariak. Proiektu aktibo eta dinamikoen alde egingo dute, haren esanetan, «analogikoa eta digitala» uztartuko dituztenak.
«Ezagutza partekatuari irekitako atea izango da Atenea, eta jakin-minaren giltza erabiliko du».ANDER AIZPURUAKutxa fundazioko zuzendari nagusia
Plan estrategikoa hiru urtetik gora iraun duen lan prozesu baten emaitza da, eta fundazioko kideek adierazi dute aro berri bati hasiera emango dion jokaleku berri bat definituko duela. Kutxa fundazioko zuzendari nagusi Ander Aizpuruak azaldu du ezen, gizartea gero eta «globalagoa eta dinamikoagoa» den honetan, erakundearen jarduera eguneratu behar izan dutela, «datozen urteetan Gipuzkoarentzat baliagarriagoa izateko».
Horrenbestez, plan berriak lau helburu nagusi ditu: haur eta gazteengan sustatzea STEAM bokazioak, hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza, artea eta matematika; kultura eta zientzia erabiliz gizartea ahalduntzea; gizartearen eta ingurumenaren aldeko konpromisoa indartzea, eta garapen ekonomiko jasangarria bultzatzen laguntzea. Ildo horretan, «mugarri» izan asmo du Atenea espazioak. Espiritu kritikoa izango duen gizarte baten alde egin nahi du proiektuak. «Ezagutza partekatuari irekitako atea izango da, eta jakin-minaren giltza erabiliko du», esan du Aizpuruak.
Berrikuntzak, laugarren solairuan
Tabakalerako beheko solairuan egongo dira Jakinbidea eta Artebidea aretoak. Lehenengoak «jakin-mina partekatzea» izango du helburu, eta, Gomezek azaldu duenez, «baliabide askoko» elementuak izango ditu, digitaletik harago doazenak. Gazteei zuzenduta egongo da nagusiki, ideiak partekatu, eztabaidatu eta pentsatzeko modua emateko. «Gazteek geruza eta artefaktu anitzeko esperientziak nahi dituzte. Haien ikaskuntza estiloek ikerketa eta parte hartzea eskatzen dituzte, ez errezeta liburuak bezalako formula didaktikoak», gehitu du berrikuntza zuzendariak.
Gaur-gaurkoz, Artegunea da beheko solairuko erakusketa gela, baina 2026tik aurrera Artebidea izena izango du. Orain arte bezala, argazki erakusketetara bideratuko dute, bai eta giza zientziekin zerikusia duten proiektuetarako. Lehen solairuan, berdin-berdin utziko dute Kutxa Kluba aretoa, kontzertuak, arte eszenikoak eta formatu txikiko beste esperientzia batzuk antolatzen jarraitzeko.
«Gazteek geruza eta artefaktu anitzeko esperientziak nahi dituzte. Haien ikaskuntze estiloek ikerketa eta parte hartzea eskatzen dituzte».KARMELE GOMEZKutxa fundazioko berrikuntza arloko zuzendaria
Eraikineko laugarren solairuan Ruiz Balerdi auditorioa eta Camino Doktorea liburutegia mantenduko dira. Baina hiru areto gehituko dizkiote Tabakalerako azken solairuari. Horietako bat Zientziabidea izango da, STEAM ezagutza lantzeko erakusketa gunea. Oraindik espazio horren eredua diseinatzen ari diren arren, Gomezek zera aurreratu du: «Gure asmoa da museo tradizionaletako eredua gainditzea eta ekipamendu berrien sareko ezagutzan murgiltzea, jendea bisitari aktiboa bihurtzea, bisitari pasibo izan beharrean».
Eureka zientzia museoaren etorkizunaren inguruan galdetu diete fundazioko arduradunei, baita ea bertan dauden elementuetako batzuek Zientziabidean lekurik izango ote duten ere. 2026ko lehen seihilekoan ixteko asmoa dute museoa, eta horren ondoren irekiko dute Atenea. Gomezek eta Aizpuruak esan dute oraindik aztertzen ari direla nolakoa izango den Tabakalerako gune berri hori, eta, beraz, ez dakitela Miramongo museoan dauden materialek tokirik izango duten Tabakalerako proiektu berrian.
Zehaztu dutenez, Ezagutza Km0 gunean «Gipuzkoako ezagutzaren eragileekin» eta sektore produktiboarekin egingo dute lan, urtero erronka bati helduta. Erronka horiek 2030 Agendari eta garapen jasangarriko helburu bati lotuta egongo dira aldiro, eta herritarrentzat kezka iturri diren gaiei erreparatuko diete horrela. Hazitegiak sormenezko proiektu bideragarri eta jasangarriak bultzatuko ditu, horiek aurrera eramateko prestakuntza landuz.
Aldaketei erantzun
Ateneako sei guneek bat egiten dute fundazioaren plan estrategikoak aipatzen dituen ardatzekin. Lau ardatz dira, eta horietako bakoitzak hainbat programa garatuko ditu. Esaterako, Gaitasunak piztuz ildoan, zeharkako gaitasunak garatzeko proiektuak egingo dituzte, ikaskuntza aukera berriak sustatzeko. Ardatz horri jarraituz, ekinaldiak egingo dituzte STEAM kontzeptua herritarrei hurbiltzeko. Bigarren ildoak Ezagutza biziz du izena. Gizarte eragile batzuekin egindako lanketen bidez, pentsamendu kritikoa garatzea du helburu. Besteak beste, Jakinbidea, Artebidea, Zientziabidea eta Ezagutza Km0 guneetan landuko dira halakoak.
Konpromisoa bultzatuz ildoan, herritarren eta Gipuzkoako enpresen konpromiso ekosoziala garatuko dute. Azkenik, lurralde historikoko enpresa sarea jasangarri, lehiakor eta berritzailea izatea bermatu nahiko dute Aukerak irekiz-en. Gipuzkoako enpresetan inbertitu, eta mentoretza saioak eta foroak egingo dituzte horretarako.