Kupelak bertsoekin osatutako disko bat argitaratu du

Lazkaotxiki, Manuel Lasarte eta Andoni Egañaren bertsoak bildu ditu taldeak, besteak beste

Berastegi, Anjel Larrañaga eta Xabier Zabale, Donostian. GARI GARAIALDE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Duela 40 bat urte herrietako txapelketetan kantatutako bertsoak buruan bueltaka ibili ditu Anjel Larrañagak, eta Xabier Zabalerekin batera, hitzei berriz ere ahotsa eta musika ipini dizkie Kupela taldeak Gailurrak ikutuz disko berrian. Diskoa ekoizteko orduan, Juan Ezenarro Berastegi pandero jotzaileak Jexux Epelderekin tartekatu du lana, eta Arkaitz Minerrek jo ditu mandolina eta gitarra.

«Kupela betikoa da, baina aukeratutako sagarrek material ezin hobea daukate». Hitz horiekin, Larrañagak laudatu egin ditu diskoan bildutako bertsoak eta bertsolariak: «Garai hartan jendearen belarrira asko iritsi ziren bertsoak aukeratu ditugu. Aspalditik egin nahi nuen kapritxoa da diskoa, ni neu taulan nintzela entzundako bertso ahaztezinak bildu ditugulako». Abeslari eta pandero jotzaileak abesten ditu bertsoak, eta berak egindakoak ere gehitu ditu: «Gaiak benetakoak ziren orduan, bihurriak, dibertigarriak. Gai bakarrarekin egiten ziren zortziko txikiak, bat-batean; orain, ezinezkoa dirudi halakorik egitea».

Hamabi bertso jaso dituzte diskoan, eta Larrañagaren bertsoekin batera, bertan bildu dituzte Lazkaotxiki, Jon Lopategi, Jose Joakin Mitxelena, Manuel Lasarte, Jose Luis Gorrotxategi, Sebastian Lizaso eta Anton Mari Eizmendi Loidisaletxe zaharraren zuzenekoak. Denetan ahotsa Larrañagak jarri du, baina Andoni Egañarekin batera kantatu du Saizarko festa bertsoa: «Gainontzeko bertsoak aspaldikoak dira, baina zentzuzkoa da Egañak harekin batera egindakoan parte hartzea». Lazkaotxikiren Ispilue bertsoak ematen dio hasiera bildumari. Larrañagak bereziki gogoan dauka bertso hori, eta nola ispilu zahar batekin urteetan jendearen gogoan izan den bertsoa atera zuen: «Bertsolariak kantatu ahala, letra grabatua gelditu zitzaidan».

Aurreko lanetan, Kupelak erromeria giroa erabili du, erritmo dantzagarriekin. Oraingoan baina, doinu «entzungarriagoak» erabili dituzte Zabaleren esanetan: «Bertsoen jatorrizko doinuak erabili ditugu, eta doinu berriekin uztartu. Soinua nahiko aldatu da, ez da betikoa; mandolina, biolina eta gitarra erabili ditugu. Horrekin batera, perkusioa gutxitu dugu, bertsoei grazia kentzen zielako. Emaitza ona atera zaigu. Ondo nahastu dira doinuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.