Zinema

Kumjana Novakovak irabazi du Ikuspuntu jaialdiko sari nagusia

'Silence of Reason' lanarengatik jaso du sail ofizialeko film onenaren saria. Epaimahaiaren esanetan, zuzendariaren lana eta gaiaren tratamendua «apartekoak» dira.

'Silence of Reason' filmaren fotograma bat. BERRIA
'Silence of Reason' filmaren fotograma bat. BERRIA
Amaia Jimenez Larrea.
Iruñea
2024ko martxoaren 16a
21:00
Entzun

Amaitu da Ikuspuntu, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia. XVIII. aldia izan da aurten, eta, antolatzaileen esanetan, «lehenbiziko pertsona, memoria, planeta eria eta generoa» izan dira aurtengoaren muinak. 800 lan aurkeztu ziren jaialdira, eta, epaimahaiaren aukeraketen ostean, sail ofizialean hogei lan aritu dira lehian. Hiru gehiago izan dira sail horretan, baina lehiaketatik kanpo. Horietako bat izan da Oskar Alegriaren Zizindurrunkarratz —Euskal Herriko film bakarra izan da—.

Kumjana Novakovak jaso du film onenaren sari nagusia, Silence of Reason (Arrazoiaren isiltasuna) lanarengatik. 10.000 euro erdietsi ditu hala. Bosnia eta Herzegovinako herri batean girotu du istorioa Novakovak, Bosniako gerraren garaian. Militarrak bertan sartu ostean, herritar guztiak sexuaren arabera banatu zituzten. Militarrek sexualki erasotzen zieten emakumeei, etengabe, «gerrarako sasoi onean egoteko» aitzakia pean. Auzi hori aztertu du zuzendariak, testua, artxiboko irudiak eta musika erabiliz. Epaimahaiaren ustez, «gaur egungo gerretara ere ekar daiteke gaia, ezinbestean».

Filmatzea baino gehiago

Zuzendari onenaren saria Messaline Raverdyk erdietsi du Ôte-toi de mon soleil (Urrundu nire eguzkitik) filmarengatik. Raverdyk Joseph izeneko gizon bat ezagutu zuen, eta haren inguruko film bat egitea erabaki. Protagonistak denetariko objektuak jasotzen ditu kalean, eta etxera eraman. Zuzendariak bere etxea txukuntzen lagunduko dio, eta Josephen bizitzaren pasarteak ezagutzeko baliatu du lana. «Zuzendariak eta protagonistak asko ikasi dute elkarrengandik, modu eskuzabal eta konprometituan», aipatu du epaimahaiak.

Ikusleek ere euren lan gustukoena aukeratu dute, eta, adierazi dutenez, El canto de los años nuevos izan da filmik onena. Alexander Cabeza Triggen lana da. Gomera irlako (Kanaria uharteak) etnografia eta antropologia aztertu nahi izan ditu zuzendariak, «fikziozko dokumental poetiko» bat sortuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.