Kulunka, Mar-Mar, Harrobia, Larrua, Kukai, Maria Goirizelaia, Natalia Huarte eta Adriana Bilbao, Max sarietarako hautagai

Arte eszenikoen Max sarien arduradunek hogei kategorietako finalisten berri eman dute. Kulunkaren 'Forever' lanak jaso du izendapen gehien: lau. Uztailaren 1ean banatuko dituzte sariak, Tenerifen.

Max sarietarako izendapen gehien jaso duen lana da Kulunka konpainiaren 'Forever'. KULUNKA
Max sarietarako izendapen gehien jaso duen lana da Kulunka konpainiaren 'Forever'. KULUNKA
edurne begiristain
2024ko maiatzaren 20a
15:37
Entzun

Euskal Herriko zortzi artista eta konpainia izendatu dituzte SGAE fundazioak antolatutako Espainiako Arte Eszenikoen 27. Max sarietarako. 71 finalista hautatu dituzte, hogei kategoriatan banatuta, eta datorren uztailaren 1ean emango dituzte sariak, Tenerifen (Espainia).

Kulunka konpainiak eskuratu du izendapen gehien, Forever lanari esker; lau denera. Antzerki ikuskizunik onenaren kategorian ez ezik, beste hirutan ere izendatua dago: egilerik onenaren sarirako hautagai dira Iñaki Rikarte, Garbiñe Insausti, Edu Carcamo eta Jose Dault; zuzendaritzarik onenaren sarirako izendatua dago Rikarte, eta eszena diseinurik onenaren atalean ere izendatu dituzte Ikerne Gimenez eta Javier Ruiz de Alegria.

Larrua konpainia ere izendatu dute, La casa vacia obrarengatik; bi kategoriatan, hain zuzen: dantza ikuskizunik onenaren sarirako, eta Miguel Cobo, berriz, musika konposiziorik onenaren sarirako hautagaia da. Maria Goirizelaia antzerkigileak ere bi izendapen izan ditu: eszena zuzendaritzarik onenarena eta antzerki egilerik onenarena, biak ere Nevenka obragatik. Adriana Bilbao konpainiak ere bi izendapen izan ditu, Zarra ikuskizunarengatik: dantza ikuskizunik onenarena eta ekoizpenik onenarena.

Horiekin batera, Natalia Huarte emakumezko aktorerik onenaren sarirako hautagaia da, Psicosis 4.48 lanarengatik. Mar-Mar konpainia haur eta gazteen ikuskizunik onenaren sarirako izendatu dute, Arrainak bihotzean ikuskizunagatik. Harrobia Dantza Bertikala konpainiaren Geure(r)a lana, berriz, kaleko ikuskizunik onenaren atalean izendatu dute, eta Kukai dantza konpainiako Jon Maia eta Andres Marin gizonezko interpreterik onenaren atalean izendatu dituzte, Yarin obrarengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.