Kulunka konpainiaren 'Solitudes', Max sarietako antzerki lanik onena

Ertza talderentzat izan da kaleko ikuskizunik onenaren saria. Borja Ortiz de Gondrak irabazi du antzerkigilerik onenaren saria, 'Los Gondra'-rekin

Kulunka konpainiako kideak, astelehenean, antzerki lanik onenaren saria jaso zutenean. JOSÉ MANUEL VIDAL / EFE.
mikel lizarralde
2018ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Iaz bezala, aurten ere euskal dantza eta antzerki konpainiak protagonista izan dira Max sarien banaketan, eta astelehen gauean Sevillan (Espainia) egindako ekitaldian hainbat sari eskuratu zituzten. Hernaniko Kulunka taldeak bi sari eskuratu zituen Solitudes obrari esker, antzerki ikuskizunik onenaren saria eta ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onenarena; eta Ertza taldeak, bestalde, kaleko ikuskizunik onenaren saria eskuratu zuen.

Solitudes Kulunka konpainiaren bigarren obra da —aurretik André eta Dorine estreinatu zuen—, eta aurrenekoa bezala, hitzik gabe eta maskarak erabilita dago antzeztua. Umorea erabiliz, bakardadearen eta familiakideen arteko komunikazioaz egiten du gogoeta, gauza xumeak besterik nahi ez dituen aitona baten ikuspegitik. Iñaki Rikartek zuzendu du Rikartek berak, Jose Daultek, Garbiñe Insaustik, Edu Carcamok eta Rolando San Martinek idatzitako istorioa, eta Daultek, Insaustik eta Carcamok egin dituzte aktore lanak.

Antzerki ikuskizunik onenarenaz gain, ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onenarena ere jaso du konpainiak, Luis Miguel Cobo konpositoreak hain zuzen ere.

Kaleko ikuskizunik onenaren saria, berriz, Asier Zabaletak gidatzen duen Ertza konpainiarentzat izan da, Meeting Point obragatik. Lan horrek bi gazte brasildarren historia kontatzen du, zeinak haur zirela heldu ziren Euskal Herrira, eta han ezagutu zuten Ertza konpainia. Ez da obra hau saritzen duten aurreneko aldia, Leioako Umore Azokanere kaleko ikuskizunik onena izendatu baitzuten joan den urtean.

Borja Ortiz de Gondrak (Bilbo, 1965), bestalde, antzerkigilerik onenaren saria eskuratu du Los Gondra antzezlanarekin. Madrilgo Valle Inclan antzokian ikusi ahal izan da lana azken hilabete honetan.

Daniel Abreu garaile

Gainerako sariei dagokienez, garaile garbi bat izan da Max sarietan. Daniel Abreu dantzari eta koreografo kanariarrak hiru sari jaso zituen astelehen gaueko ekitaldian, hirurak La desnudez lanagatik: gizonezko dantza interpreterik onena, dantza ikuskizunik onena eta koreografiarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.