Kulturgintzaren garaiko galderei helduko die EKT graduondokoak

Joseba Sarrionandia, Saioa Alkaiza, Usoa Zumeta, Titika Rekalt, Dana Moya, Garazi Arrula eta beste ariko dira hizlari bederatzigarren aldian. Ostegunean itxiko dute izen ematea

Ezkerretik eskuinera eta goitik behera, Joseba Sarrionandia, Usoa Zumeta, Juan Antonio Urbeltz, Saioa Alkaiza, Iker Galartza eta Olatz Arrieta. BERRIA.
itziar ugarte irizar
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Ezagutza bildu, antolatu, eta garaian garaiko galderen inguruan eztabaidatzeko inguru bat sortu. Horixe izan da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) graduondokoaren asmoa sorreratik —2007-2008ko ikasturtean jarri zuten martxan—, eta asmo horrexekin helduko da bederatzigarren aldira aurten. «Aro aldaketa bat bizitzen ari gara, zentzu askotan, baita belaunaldi mailako aldaketa bat ere, eta, gurearen gisako herri batean, ideien transmisioa formalki bermatzea oraindik derrigorrezkoa den jarduera bat da», kokatu du egitasmoa Iñaki Urruzola haren koordinatzaileak. Euskalgintzan eta euskal kulturgintzan horretarako tradizioa ere egon dela aipatu du. «Duela mende bat Eusko Ikaskuntza sortu zenean, esaterako, edo orain, ezagutzaren parnasoan eguneratuak egoteko ahalegina beti egon da, eta, gutxi-asko, EKTk horri erantzun nahi dio».

Mondragon Unibertsitateak eskaintzen du graduondokoa, Eskoriatzako (Gipuzkoa) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Urrian hasi eta maiatzera bitarte, bederatzi asteburu hartuko ditu aurtengoak—hilean bat, salbu eta urtarrilean, bi asteburuz egingo baitute orduan—, eta etzi, ostegunez, itxiko dute izen ematea.

Asteburuz asteburu, hainbat hizlari ariko dira, beraz, kultur komunitate minorizatu bateko parte izateaz, gaurko munduak mahai gainean jartzen dituen erronkez, herri gisa transmititu nahi denaz. «Gizartean eztabaida asko daude zabalik, baina kulturgintza ez da ziurrenik zentraletakoa; pandemiak ere argi utzi du kulturak duen lekua, edo ez-lekua. Baina, aldi berean, jendea tematzen da bere sormen lanean, bere galderetan, bizitzarekin konektatzeko moduetan, ekarpenetan... Belaunaldi bakoitzak egiten du hori. Gure lana galdera, gai, prisma ezberdinak konbinatzen saiatzea da, edizio lan bat egitea horrekin», azaldu du Nekane Goikoetxeak, graduondokoaren koordinatzailea hura ere.

Hala, hileroko topagunean lur hartzeko asteburua izango da lehenengoa. «Nola gaude?» galderari egingo diote tira, Goikoetxeak aurreratu duenez. «Munduko aldaketen aurrean nola gauden aztertuko dugu; berdin balio du galderak herri ikuspegitik eta plano indibidualetik». Aurrejuzguak apartatu eta entzuteko giro bat sortzen saiatzeko egunak ere izango dira aurrenekoak. «Gaurko gizarteak eramaten gaituen like - don't like jarreratik urruti, gorputz sozial bat eraikitzera goaz, bai ikasle taldean eta bai hizlariekin». Jose Angel Irigarai, Karmele Jaio eta Joseba Sarrionandia idazleak ariko dira lehen asteburu horretan. Besteak beste, kulturaz eta politikaz ariko da Irigarai; bere fikziozko pertsonaiek islatzen dituzten kezkak aletzeko eskatu diote Jaiori, eta 1997an argitaratutako Hitzen ondoeza hiztegi literarioa gaurkotuko du Sarrionandiak, EKT 8ko ikasle batekin elkarrizketan.

«Kulturaz pentsatzeko oinarriak»: horiek izango dira hurrengo asteburuetan mamituko dituztenak, izan memoria, izan autoritatea, izan emozioak. «Herri gisa zein emoziok mugitu gaituzten eta horiek nola konfiguratu gaituzten aztertuko dugu. Ane Larrinaga etorriko da horretarako; kultur intelektualen emozionalitatea lantzen ari da azken urteetan, beste batzuekin batera». Beste ideia zentral bat ere nabarmendu du Goikoetxeak: kultura kokatuaren kontzientzia. «Mundu globalizatuan gero eta hobeto ulertzen dugu beste kokapen bat duen pertsonaren unibertsoa, eta hori ere gauza ederra da. Euskal kultura erabat unibertsala da, baina erabat kokatua».

Hori erakusten saiatuko dira Iker Galartzarekin ere, esaterako. Gure Zirkua proiektu arrakastatsuaz aritzeko gonbidatuko dute. Urruzola: «Ezin da ulertu Iker Galartza Tolosarik gabe [Gipuzkoa], inauteririk gabe, Errepublika garaian han aurkeztu ziren antzerki horiek guztiak gabe... Horren guztiaren bila goaz, azpikoaren bila».

Olatz Arrieta kazetariak ere hartuko du parte EKT 9n. Hain erronka handiak dituen mundu baten aurrean ondare kulturalak zein leku bete dezakeen aztertuko dute harekin, eta ildo bertsutik ariko dira Juan Antonio Urbeltz eta Iban Ayesta ere.

Hiria (Onintza Etxebeste, Joseba Agirreazkuenaga, Ismael Manterola) eta itzulpena (Garazi Arrula, Isabel Etxeberria, Dana Moya) izango dira aurtengo beste bi gai nagusi, eta, aurreko aldietan hasitako bidetik, familia transmisioa ere aztertuko dute (Usoa Zumeta). Zenbait saio berezi ere prestatu dituzte: Sarrionandiak, Andoni Egañak eta Saioa Alkaizak osatuko dutena, kasu baterako. «Egañak 6.000 plaza egin ditu 40 urtetan Euskal Herrian, eta Sarrionandiak 40 urtean 600 egun Euskal Herrian. Euren bizipenetatik ariko dira, eta Alkaizak oso bestelako perspektiba batetik jarriko die gero puntua biei».

Hizlarien zerrenda luzean daude, orobat, Haritz Azurmendi, Jurgi Kintana, Agurtzane Intxaurraga, Titika Rekalt, Pako Aristi, Ximun Karrera, Juan Mari Larrarte eta Maria Jesus Aranburu ere.

«Heterodoxian ibiltzeko»

Ikasle bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du graduondokoaren amaieran, baina aurrez ez da edukiak barneratu eta horiek frogatzeko ariketarik egin beharko. «Eskakizuna beste leku batetik dago: ibiltzeko moduetan, izateko moduetan», esan du Goikoetxeak, eta ikasgela «heterodoxian ibiltzen ikasteko gune» bilakatzeko ideia gehitu du Urruzolak. «Bere gertuko komunitatean eragiten duen pertsona anonimoa izan da, normalean, EKTra hurbildu direnen profila. Lezio bat da hori guretzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.