Kulturgintza berpizteko pilulak

Hirurehun sortzaile, kudeatzaile, kazetari eta hartzaileren ekarpenak oinarri hartuta, Euskal Herriko kulturgintza bultzatzeko 31 proposamen zehatz egin ditu Guk gEUre Kulturaz plataformak

Guk gEUre Kulturaz plataformako elkarteetako kideek aurkeztu zituzten neurriak, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko otsailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Nahi dugu parte hartu kultur politikan, bai eta kulturarako estrategikoa zer den erabakitzen den foroetan ere. Eta nahi ditugu foro zabalak, guztiok parte har dezagun». Kulturgintza arriskuan igarri, eta kulturgintza osoari ireki zion atea iaz Guk gEUre Kulturaz plataformak. Kultur esparru osoa kontuan hartzen zuten bi saio antolatu zituzten Durangoko San Agustin gunean (Bizkaia), eta hirurehun pertsona baino gehiagoren ekarpenak bildu. Berdin sortzaile, programatzaile, kudeatzaile, hartzaile, kazetari ala profesional izan. Ekarpen haiek guztiak jaso, antolatu, xehe-xehe egin, eta 31 neurri proposatzen dituen dokumentu bat kaleratu dute: Premiazko neurrien egitasmoa. 31 pilula: hedabideetan euskal kultur ekoizpenentzako kuotak ezartzea, BEZari aurre egiteko hobariak ezartzea, herriz herri kultur bilguneak sortzea... Gizarte osoari egin diote kulturgintzaren norakoan eztabaidatzeko gonbita, baina aipamen zehatza ere egin dute. Kulturaren Euskal Kontseiluari helaraziko diote testua, zeina etzi bilduko den.

«Horixe falta zaio kulturgintzari: babesa». Plataformako kideen hitzetan, kezka nagusi hori bildu dute Durangon egindako saioetan, eta, horregatik, babes beharra da beren testuan gehien errepikatzen den ideia ere. Artikulazioa eta ikusgarritasuna bultzatzeko proposamenak ere badaude tartean, baina babesa da neurri gehienen izenburuan ageri dena. Babes ekonomikorako proposamenak, babes juridikorakoak, ekoizpen eta zerbitzuen babeserakoak eta sorkuntza babestekoak. Guztiek dute norabide bera, halere. «Epe ertain eta luzean kulturaren ekosistemaren endekatze progresiboari aurre egitea dute xede».

Geuk plataformako kideen hitzetan, oso proposamen zehatzak dira batzuk, baina eztabaidara irekita daude. «Hau ez da ezeren aurkako aldarri bat, baizik eta geure ekarpena eta gure jarrera adierazten duen dokumentu bat. Gu prest gaude honetan guztian ardurak hartzeko, eta prest gaude ekarpenak egin eta gure esperientziaren berri emateko, era eraikitzaile batean». Horregatik bidaliko diote proposamena Kulturaren Euskal Kontseiluari. Baina ez hari bakarrik. Azaldu dutenez, Gasteizko Legebiltzarrari, aldundiei, Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta kulturgintzarekin lotura duten beste erakunde eta elkarteei ere helaraziko diete proposamena.

Kulturgintzaren erronkak

Kulturgintzaren erronkak ere zerrendatu dituzte dokumentuan. Besteak beste, kulturgintzan teknologia berriek dakartzaten aldaketetara moldatzeko laguntzak lortzea, hezkuntza eta kulturaren arteko harremanak sustatzea, sakabanatuta dauden sektoreak artikulatzea eta kulturgintzari atxikitako enplegua sustatzea dira bertan aipatzen direnetariko batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.