Benito Lertxundi omenduz itxi ditu ateak Durangoko Azokak

Kulturazaleentzat egiturazko espazio gehiago behar direla ondorioztatu dute antolatzaileek. Eskerrak eman dizkiete ilarak egin behar izan dituzten bisitariei izan duten jarreragatik, eta irtenbideak aurkitzen saiatuko direla hitz eman dute.

Paulo Ostolaza.
2024ko abenduaren 8a
17:45
Entzun

Durangoko 59. Azoka amaierara iritsi zen atzo, eta oso modu berezi eta ezohikoan esan zuen agur. Benito Lertxundik azaroaren 27an iragarri zuen musika utziko duela, eta, horiek horrela, azokako antolatzaileek hari ezusteko omenalditxoa egitea erabaki dute aurten. Hain zuzen ere, Landakon zeuden musikari, bisitari eta erakusmahaietako kideek Etxahun Irurik idatzi eta Benito Lertxundik ezagutzera eman zuen Oi ama Eskual Herri kantua abestuz bukatu zen, atzo, Durangoko 59. Azoka jendetsua.

Izan ere, jendetza ibili da egunotan Durangon, eta hori bera nabarmendu dute antolatzaileek balorazioa egiteko orduan.

Kulturazaleak kultur sistema osasuntsu baten parte izateko prest daude. Durangoko Azokaren 59. ediziotik ondorio hori atera dute egitasmoaren antolatzaileek. Jendetza ibili da azken lau egunetan Durangon (Bizkaia), eta horregatik uste dute jendeak baduela euskal kulturgintzarekiko interesa. Ohiko hartzaileak gehiago izateko, ordea, egiturazko espazio gehiago behar direla diote, eta euren buruari erronka hori jarri diote azoka antolatzen duten kultur eragile, herri erakunde, komunikabide, sortzaile eta kulturazaleek.

«Euskal kulturaren transmisioan eragitea da azokaren asmo nagusietako bat, eta horretan jarraitzeko erabakia hartuta daukagu», gehitu dute, osteguneko ikasleen eguna eta ostiraleko Gazte Eztanda hizpide hartuta.

Aurten azokan ibili den jendetzaren erakusgarri izan dira Landakoko sarreretan izandako ilarak. Antolatzaileek argitu dute arazo horren jakitun direla, eta badakitela kulturazale askorentzat ez dela bisita «erosoa» izan. Horregatik, eskerrak eman dizkiete erakutsitako jarreragatik, eta hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko direla hitzeman dute.

Neska gazte batzuk Izaro Andresekin, gaur, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gazte batzuk Izaro Andresekin, gaur, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Guneetako aurkezpenetan ere jende andana elkartu delako poza agertu du azokak. «Guneetako egitarauaren irizpideak finkatu izanak euskal kulturgintza bere ertz guztiekin erakusteko bidea eman digu», adierazi dute.

Jarraian, banaka-banaka, gune bakoitzaren balorazioa egin dute. Nagusiki, nabarmendu dute guztietan jendea ibili dela, eta sortzaileen eta bisitarien artean aberatsa izan dela adin zein genero aniztasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.