Kulturazaleak nola sortu

Gotzon Barandiaran euskal kulturgintzaren erronkez aritu da Kultur Ola jardunaldietan. Uste du ez dela kulturazale aski, eta «ekosistema gisa» erantzutea proposatu du

Gotzon Barandiaran idazlea, atzo, Kultur Ola jardunaldietan. ENDIKA PORTILLO/ FOKU.
edurne begiristain
Gasteiz
2023ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
«Zer da estrategikoa euskarazko kulturgintzarentzat? Zein da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia?». Galderoi erantzuteko gonbita egin die Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragileak (Larrabetzu, Bizkaia, 1974) hitzaldia entzutera joan direnei. «Hartu tarte bat, eta idatz ezazue», eskatu die. Segundo batzuen buruan berriro hartu du hitza, eta galdera gehiagorekin erantzun dio itaunari: «Nork daki zer den euskarazko kulturgintza? Zer lortu behar dugu hemendik hogei urtera? Ez dakigu, ez baitugu inoiz adostu».

Euskal kulturaren transmisioaren inguruko kezkei eta erronkei buruz egin du gogoeta Barandiaranek Gasteizen, Geu elkarteak antolatutako Kultur Ola jardunaldietan. Euskaltzaindiaren egoitzan egin dituzte topaketak, eta, Barandiaranekin batera, Alaitz Amundarain irakasleak eta Josune Velez de Mendizabal aktoreak parte hartu dute. Kulturazaleak behar ditugu izenburu iradokitzailea aukeratu du Barandiaranek bere hitzaldirako. Hori baita, finean, hasieran bota duen itaunaren erantzuna, esan duenez: «Kulturazaleak sortzea da euskarazko kulturgintzaren erronka nagusia». Egun ez baitaude «aski», haren ustez.

Baina, nola lortu kulturazaleak? Datozen urteotan kulturgintzaren transmisiorako estrategikoak izango diren neurriak eta erabakiak hartzen hasteko, bide bat zabaltzeko proposamena jarri du mahai gainean. Hasteko eta behin, euskalgintzak eta kulturgintzak bat eginda jardun behar dutela azpimarratu du. Euskal kulturgintza osasuntsu egongo bada, euskarak osasuntsu egon behar duelako: «Guk urteak eman ditugu euskalgintza eta kulturgintza bereizten, baina ezin da halakorik egin: euskara normalizatu ezean, ezin dugu kulturgintza normalizatu». Eta erronka horri lotuta aipatu du beste bat: euskal kulturgintzaren transmisioa bermatu behar da.

Gaur egun euskaldunek ingelesezko, frantsesezko eta gaztelerazko edukiak jasotzen dituzte «etengabe eta inolako ahaleginik egin gabe», baina euskal kulturgintzari buruzko erreferentzia oso gutxi dituzte,edo «ia bat ere ez». «Euskaldunak nahiago du kultura beste hizkuntza batzuetan kontsumitu eta bizi, euskal sortzaileak eta haien lanak ezezagunak baitira gehiengoarentzat», ohartarazi du.

Eta ohartarazpen bat egin du Barandiaranek: euskal kulturgintzaren transmisioa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez-arautuan, ezta etxean edo familian ere. Egoera aldatzeko hainbat ideia zerrendatu ditu. Adibidez, proposatu du euskal kulturgintzaren transmisioa ikastetxeen lan ildo bilakatzea eta irakasle guztiak kulturgintzaren eragile bihurtzea. «Hasteko eta bat, ezinbestekoa da irakasle guztiak egoeraren larritasunaz ohartzea, ondoren irakasle guztiak eragile bihur daitezen».

Ekosistema bat osatu

Euskaldunak euren kulturaraerakartzeko, lau aldagai kontuan hartu beharko liratekeela iritzi dio Barandiaranek. Bat, sormena: «Pertsonaren garapen integralerako ezinbesteko bitartekoa da, bai hezkuntza arautuan eta bai ez-arautuan». Bi, plazak: «Euskal Herriko plaza fisiko eta birtualetan hemengo kulturgintzak izan behar du nagusi». Hiru, komunikazioa:«Euskarazko hedabideekin batera lan egin behar dugu etengabe». Lau, transmisioa: «Euskal kulturgintzaren transmisioa bermatu behar da bai etxean, bai hezkuntza arautuan eta ez-arautuan».

Lau erronka nagusi horiei «ekosistema gisa» erantzutea proposatu du Barandiaranek. Euskal kulturgintzaren ekosistema nortzuek osatu beharko luketen zerrendatu du gero:sortzaileek; antolatzaileek —herri mugimenduak eta erakunde publikoek—; hezitzaileek; komunikabideek; zale «aktiboek»; etabaita kulturarekiko «herritar pasiboek» ere, hots, bila joan gabe ere kultura espainiarrari, frantsesari eta anglosaxoiari buruzko edukiak jasotzen dituztenek.

Erronka hainbestekoa izanda, hari heltzea ez da samurra, baina egiteko modukoa dela adierazi du Barandiaranek. Nola? «Denon artean adostuta». Izan ere, zera uste du: euskal kulturgintzak kulturazaleak sortu nahi baditu, eragile denek batuta aritu behar dutela. «Dena dugu irabazteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.