Arbelari begira

Kulturaz eta demokraziaz

Beñat Gaztelumendi.
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Izan zitekeen bere hitzen sakontasuna, edo bere ironia, edo herritarrengana iristeko zeukan gaitasuna. Baina ez. «Balio demokratikoa» omen da Xabier Leteren bertute nagusia Blanca Urgellen ustez. Beharbada euskal kulturak beti frogatu behar duelako ez dela biolentoa, ez dela frentista. Kultura den edo ez, hori bigarren mailan gelditzen da.

Sua piztu du «Kulturen Aldeko Herritartasun Hitzarmena» delakoak. Agian, ez dakigulako zein kulturaren aldekoa den. Eta asteazkenean Xabier Montoiak Euskal Hiria «sutan» jarri zuen berriro ere. Euskal Hiri «demokratikoa», Euskal Hiri «etikoa», Euskal Hiri «unibertsala» eta ederra kale-itsuz josia dagoelako. Eta azpian ezkutatzen duen biolentzia estaltzeko pantaila bat besterik ez delako.

«Kulturaren Euskal Kontseilu»-ko kide da Joxerra Garzia. «Kulturaren Euskal Kontseilua». Badirudi kulturaren barruan uharte bat dela gurea, Kultura (horrela, maiuskulaz) dagoela alde batean eta horren barruan kulturaren euskal adarra dagoela (horrela, minuskulaz). Eta azken urteotan euskal kulturgintzan egin dena errepasatzen ari zela, kategoria izateari utzi behar diogula esan zigun, unibertso bihurtzeko. Ezin garela besteek egiten dutena kopiatzen aritu, besteek egiten dutenaren zati izan. Unibertsal izatea ez baita munduan egiten dena hona ekartzea bakarrik. Egiten dugunean sakondu behar dugu, egiten dugunaz harro sentitu, egiten dugunean sinetsi. Eta horrekin mundura irten. Nahiz eta «demokraziaren», «bizikidetzaren» eta «etikaren» hiri honetan ikusezinak garela iruditu askotan. X. Rubert de Ventós-en aipu bat ere ekarri zigun ikasgelara: «norberaren izatea munduan argitzen ez jakitea, horixe da, eta horixe baino ez, arlotekeria; inoren esku uztea beti gauzak nola interpretatu behar diren, zer hartu behar den formatzat eta zer hondotzat, eta hala esanahi erantsien ikonosferan galtzea».

Euskalgintzan eta kulturgintzan egin dena bi lubakitatik egin da Joxerra Garziaren ustez. Alde batean gizartea egon da eta instituzioak bestean. Eta bien artean eraikitako zubiak protagonismo-nahiak eraitsi ditu. Baina Xabier Leteren bertute handiena «balio demokratikoa» omen den garaiotan, hiritarrak sare sozialik gabe imajinatzen diren garaiotan, elkartu egin behar dugulakoan dago. Euskal kulturgintzaren alde lan egiteko prest gaudenon artean etorkizunerako irizpideak, helburuak eta ekintza-lerroak adostu behar ditugula. Baina, poemak dioen bezala, «atzeko atea ixten harrapatzen gaituzte beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.