Kulturatik industriara, artisautza bide

Joxean Muñozek «kulturaren industria propioa lantzeko artisau kontzeptuaren garaikidetasuna» aldarrikatu du Donostiako San Telmo Museoan emandako hitzaldian.

gorka erostarbe leunda
Donostia
2016ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Artisauarena da kontzeptu bat ez duguna behar adina identifikatzen, eta ez duguna behar adina defenditzen eta indarrean jartzen». Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak hala irizten dio; kontuan hartzekoak ez ezik indartzekoak eta baliatzekoak ere badirela artisautzaren atzean gordetzen diren balioak, eta ez soilik kultur ekosistemaren eta kultur industriaren barruan, baizik eta gizartearen beste esparruetan ere bai, baita ekonomia eta haren garapena ardatz modura duten industrietan ere.

Kultur sailburuordea da Joxean Muñoz, baina baita sortzailea ere, «sorkuntza lanetan aritu izan bainaiz nire bizitzan». Atzo, bi ikuspegiak bere eginda mintzatu zen Jakiundek eta Topaketa Donostia 2016k antolaturiko Erronkak izeneko jardunaldietan, Donostiako San Telmo Museoan. Sortzaileak, artisauak eta industriak goiburuko hitzaldia eman zuen. «Garbi dago gaur egungo ekonomiak eta kapitalismo finantzarioak darabilen dinamikak eragotzi egiten duela artisau jarduera, eta ez sustatu. Kontu konplexua da oso, baina sortu behar da halako harrotasun eta defentsa bat kultur artisau jardueraren inguruan».

«Ez naiz artista, sortzailea bai». Bere burua artisautzat dauka batez ere. Hala sentitu izan da idazle, zinemagile eta gidoilari lanetan aritu denean. Eta zer da Muñozentzat artisau izatea? Richard Sennet soziologo estatubatuarrak —filosofia pragmatikoaren eskolakoa da, eta 2008an The Craftsman (Artisaua) liburua plazaratu zuen—definituriko moldean ulertzen du: «Artisautzak lanarekiko inplikazioa eta kalitatearekiko ardura adierazten ditu, biziraute soilaz haratago. Lana, artisauarentzat, helburua da». Eta sorkuntza lanarekiko konpromiso hori barren-barrenetik defendatzen du: «Egun oso dago boladako coach eta aditu ekonomikoen artean dena zenbakitan neurtzeko. Galdetzen dizute: 'Zenbat denbora inbertitu duzu langintza honetan?' Zein etekin atera diozu?'. Eta ez. Kulturaren sorkuntzan gabiltzanok badakigu zer den lan bat bukatu arteko onik ez izatea. Eta nik hori defendatzen dut balio gisa».

Hasieran, idazle edo sortzaile moduan eman behar zuen hitzaldia. Ordea, hiru urtetik gora daramatza Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde lanean, eta aurrez Donostiako Tabakalera kultura garaikideko zentro gisa garatzeko prozesua bideratu zuen urte luzez; beraz, kultur ekipamenduen kudeaketaz eta kultur politiken gobernantzaz ere bildua du eskarmentua. Haren ustez, kulturaren alorrean sarri jarrera «puristak» azaleratzen dira ekonomiaz eta bestelako industriez jardutean. «Sortzaileon mundutik badago mespretxu ideologiko bat merkatuan sartzeko. Oso eskisito jartzen gara, eta probokazio tonuz esango dut oso espainol ere jartzen garela; hau da, zaldunkeria zaharkitu hori ateratzen zaigu, diruaz ez dela hitz egin behar eta abar. Baina kultur esparruan diruaz ere hitz egin behar da; ez diruaz soilik, baina baita hartaz ere».

Kultur industria estrategiko

Kultura sorkuntzan dabilenak sarri diskurtso ez-profesionala darabilela uste du Muñozek, eta hori aldatu beharra dagoela ere bai: «Kultur sorkuntzak ekonomia bat ere badakar berekin; galdetu behar diogu geure buruari ea kultur sorkuntzatik bizi nahi dugun. Baina sortzen duenak, ia ezinbestean, merkatu bati egin beharko dio aurre, eta hor prestatuak egotea komeni zaigu».

Eusko Jaurlaritzako kargudun modura, kultur industriako eragile eta sortzaileen, eta ekonomia industriaren artean komunikazio bideak zabaltzea eta eraikitzea egokitu zaio. Argi du oso litzatekeela interesgarria kultur sorkuntzaren balioak eta artisautzarenak —«eta ez artisautza soilik eskulangintzarekin loturik, baizik eta esparru askotan»— ekonomia jardueretan txertatzea. Eta hor galdera, publikoan zegoen entzulearena, artearen eta unibertsitatearen esparruan dabilenarena: «Diskurtso hau nola ikusten dute beste aldean, industrian?». Eta Muñozen erantzuna, ohiko duen zubilangintzarako joerarekin: «Industriatik, eta lanbide profesionaleko hezkuntza duen jendearengandik, diskurtso oso interesgarriak entzuten ari gara; adi daude, baina oraindik ez dakite irakurtzen kultur eta sorkuntza jendeak eta jarduerak zein balio transmiti ditzaketen. Baina, bestalde, kultura munduko jendea ere oraindik askotan enrokatu egiten da, eta oso jarrera defentsiboak agertzen ditu».

Kultura industria eta sormen industria bereizi egiten ditu Muñozek: «Ondo legoke gaztelaniazko creador eta creativo horiek ondo bereizteko proposamenen bat izango bagenu euskaraz ere, nahasgarria izan baitaiteke». Lehena, zinemarekin, literaturarekin, arte eszenikoekin, dantzarekin, musikarekin lotzen du; bigarrena, modarekin, diseinuarekin, teknologia berriekin. Biak ditu «garrantzizkotzat», baina kultur industria propio bat garatzea «hil edo bizikotzat» du, « jarduera horien bidez geure narratibak osatzeko, geure istorioak geuk kontatzeko eta herri gisa aurrera egiteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.