Kulturaren transmisioa erdigunera

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioari buruzko jardunaldia antolatu dute hainbat eragilek. Urriaren 19an izango da, Azpeitian

Euskal kultur sorkuntzaren transmisiori buruzko jardunaldiaren aurkezpena, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Nagore Arin.
Donostia
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Urteak pasatu ahala, eraldatu egin dira kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak. Kulturgintzaren alorra ez ezik, zurrunbilo horretan sartu dira beste hainbat esparru ere, eta, kulturgintzaren pare, bilakaera nabarmena jasan dute. Sorkuntza testuinguru berriak sortu dira, eta, transmisioaren alorrean ez ezik, bilakaera izan da kulturaren industrian, kultura sorkuntzaren irakasuntzaren eremuan, hezkuntza arautuan, kazetaritzaren parametroetan, kultur kritikaren ekarpenetan eta abarretan ere.

Hain justu, hori guztia ikertu eta euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren egoera aztertzekoasmoz antolatu dute jarduna Udako Euskal Unibertsitateak, Jalgik, Elkar fundazioak, Hik Hasi egitasmoak, Ikas Elkar enpresak eta Azpeitiko Udalak.

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa. Sormenean hezi, kulturan bizi izena jarri diote proiektuari, eta urriaren 19an izango da, Azpeitiko (Gipuzkoa) Basazabal jauregian. Jardunaren helburua da ziklo berri baten hasiera izatea eta, gainera, ziklo horren bitartez euskal kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzea eta sendotzea. Hala, kultur bitartekaritza izango dute hizpide, eta, lehen saio honetan, hezkuntza arautuaren ertzetik aztertuko dute kulturgintzaren eta kultur transmisioaren egoera.

Hezkuntza arautua, baina, ez da transmisioaren begiradapetik aztertzea gustatuko litzaiekeen katebegi bakarra. Ertz askotatik landu nahi dute, eta, jardunaldiz jardunaldi, bitartekaritzaren hainbat eremu jorratuko dituzte. Etorkizunean lantzeko gaiak izango lirateke: transmisioa eta komunikabideak, transmisioa eta hezitzaileen formakuntza, kultur erakundeak, aisialdia, ekoizpena, argitalpena eta beste hainbat. Era horretan, ikusgarri egin nahi dute bitartekaritza horretan lanean ari diren eragileen egoera, baina, batez ere, eragile horiekin batera esparruz esparru kulturgintzaren bitartekaritzaren erronkak zein diren zehaztu.

«Elkargune bat»

Olatz Osa Elkarreko zuzendariak esan duenez, «ardura hartuta eta arduraz» antolatu dute jarduna, guztien artean «elkargune» bat sortzeko asmoz: «Helburua da esperientziak kontatzea, elkar ezagutu eta ikastea, etorkizunera begira aterabideak proposatzea». Horregatik, elkarlana oinarrizkoa izango da ibilbidean: «Guztien arteko artikulazio eta osotasun horretatik etorriko da sendotasun hori. Gure irudiko, ertz batean aurrera eginagatik, besteak ez badu egiten ez goaz inora; eta, benetan sendo aurrera egiteko etatransmisioak aurrera egiteko, ertz guztietatik egin behar da tira, eta ertz guztiak kontuan izanik adostu behar dira irtenbideak».

Elkargune izaera hori indartubehar dela uste du Iratxe Retolaza UEUko Literatura sailburuak ere: «Elkargune bat sortu behar dugu, gogoetarako espazio ere badena eta euskal kultur transmisioaren inguruan diagnosia egitea xede duena». Halaber, esku hartzeak eta etorkizuneko lan ildoak eta aterabideak elkarrekin adostea ezinbesteko pausoa dela esan du. Horretarako, ezinbestekotzat jo ditu komunikazioa eta saretzea: «Inkomunikazio moduko bat egon izan da inertziaz, bakoitza eremu desberdine batean egon delako eta testuinguru jakin hori bizi izan duelako».

Jardunaldian hari mutur anitz garatuko dituzte, guztiak kultur transmisioaren itzulian. Gainera, Euskal Herriko errealitateak ere aztertuko dituzte; izan ere, Retolazaren esanetan, testuingurua aldatu egiten da eremu geografikoa hizpide hartuta: «Iparraldean, adibidez, ez dago curriculumean euskal kultura berariaz lantzeko inolako egitura arauturik, baina badaude egitasmo berritzaile ugari, eta arrakastatsuak dira». Gehitu duenez, curriculumaren arabera, Nafarroan euskal kultura ez da berariaz lantzen, baina, hala eta guztiz ere, curriculumean kultura lantzeko planteamendu sendoagoa dago. Horrenbestez: «Euskaraz ikasten duen edonork, literaturaren bitartez batik bat, badu kulturaren transmisiorako zirrikitu txiki bat». EAEn, aldiz, «euskal kultura zehar lerro gisa onartuta dago, baina ez dago inolako egiturarik», adierazi du. Beraz, «ez dago ez baliabiderik, ez jarraipenik euskal kultura hori zehar lerro moduan garatuko dela bermatzeko. Hala, dei egin diete gaiaren inguruan interesa edo kezka dutenei, baina, bereziki, hezkuntza arloko profesionalei, hezkuntza zein kultur arloko ikertzaileei, kultur sortzaileei eta kultur transmisioan lan egiten duten profesionalei, jardunaldian parte hartzeko eta hausnartzeko.

Transmisioa erdiratu nahi dute; izan ere, Kepa Sarasola UEUko zuzendariaren esanetan, «euskal kultura osasuntsu dago, baina transmisioan arazoak daude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.