Tela zuriz estalitako gela txiki batean, goitik behera erabat zuriz jantzitako bost dantzari ageri dira agertokian. Eszena hotza eta soila da, aseptikoa. Baina musikak agertokia betetzean, gela hotz horretako giroa erritmo bizi eta etengabeekin piztuz doa. Hala hasten da Oskara, Kukai dantza taldeak sortutako ikuskizun berria. Taldeko zuzendari Jon Maia elkarlanean aritu da Marcos Morau (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1982) La Veronal-eko koreografoarekin, eta bi urtetako lanaren fruitua estreinatuko dute larunbat eta igandean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Bost dantzari jarriko dituzte taula gainean, baina sei izango dira ikuskizuna osatuko duten artistak. Hain zuzen ere, Erramun Martikorena musikariak Kukai dantza taldeko dantzariekin parte hartuko du, eta ez bakarrik abesten; Maiak azaldu duenez, Martikorenak aktore lanak egingo ditu: «Ez dugu banaketarik egiten taula gainean daudenen artean; seiek osatzen dute ikuskizuna. Musika jarriko du Erramunek, eta betiko abestiak eta berriak kantatuko ditu, baina hori baino askoz gehiago izango da: emanaldian rol bat jokatuko du».
Bi irakurketa ditu Oskara ikuskizunak, bi unibertso koreografiko batzen baititu: alde batetik, Euskal Herriko kultura tradizionala du oinarri, eta hor sartzen da Kukairen azken urteetako lana. Bestetik, Morauk nazioarteko dantza garaikidearen lengoaia gehitu dio emanaldiari. Instalazio moduan eratutako obra da, eta, Maiaren esanetan, euskara, kultura, mitoak eta ikonografia tradizionalak egungo kodeekin nahasten ditu: «Ikuskizun unibertsala da: edozein lekutan eskainita ere ikusleek ulertzeko moduan diseinatuta dago; eta, hala ere, elementu guztiek erreferentzia egiten diote euskal kulturari, izenetik hasita. Oskara euskara izendatzeko erabilitako antzinako hitzetako bat da, eta lotura zuzena dauka emanaldiarekin». Hain zuzen, Morauk proposatu zuen ikuskizunaren izena, euskal kulturarekin zuzeneko harremana zuelako: «Duela bi urte ezagutu nuen Jon, eta hark proposatu zidan euskal kulturarekin zerikusia zuen ikuskizun bat sortzea. Aurretik sekula ez dut halakorik egin; munduko herrialde askotan egon naiz, baina kultura jakin baten inguruan sakon lan egiten dudan lehen aldia da».
Valentziako koreografoak bi urte eman ditu euskal kultura ezagutu eta barneratzen, ondoren ikasitako guztiari buelta eman eta gauza berriak sortzeko: «Orain dakidana ikusita, esan daiteke aurretik ez nuela euskal kultura ezagutzen. Asko erakartzen ninduen ezezaguna zitzaidan kultura bat sakon ikertzeak, gero ikasitakoa erabat ahaztu eta hutsetik Oskara eraikitzeko».
Ikusleekin harremanetan
Kultura da ikuskizunaren oinarri nagusia, kontzeptua globalean ulertuta. Morauk gaixorik irudikatu du kultura, eta, ospitaleko gela zuri batean, zuriz jantzitako medikuak hura sendatzeko saiakeran dabiltza. «Urrun suertatzen den espazio bat sortzea nuen buruan, ospitale baten antzeko mundu aseptiko bat, non kultura hauskor aurkezten den. Unibertso horretan, kultura sendatzea izango da ikuskizunaren helburua».
Hala, euskal kulturaren erreferentziak bertan egon arren, ikusleek izango dute zer pentsa, erreferentziak ez baitira betikoak izango: «Euskal kultura osatzen duten elementuak bertan topatuko dituzte ikusleek, eta ziur ezagutuko dituztela. Baina gure lanaren helburu nagusia ikusleak emanaldiaren parte bihurtzea da, eta, beraz, ez diegu dena eginda emango: haiek ere erreferentzia horiekin gogoeta egin beharko dute, orain arte ezagun egiten zitzaiena begi berriekin begiratuz».
Ikuskizunean, hausnartzearekin batera, ikusleek dantzariekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute larunbatean, emanaldiaren ondoren. Hain zuzen, Donostia 2016k antolatu ditu ikusleen eta dantzarien arteko elkarrizketak, Mugalariak programaren barruan. Iker Tolosa D2016ko arduradunetakobaten arabera, Oskara programa horren barruan sortu dute, eta Scene Nationale du Sud-Aquitaineren laguntza jaso du: «Kukairen lana eredugarria izan da; antzokietako ohiko dinamikarekin apurtu, eta ikusleak dantzaren mundura hurbiltzeko lanean ari dira, eskolak emanez eta ikus-entzunezko proiektua eraikiz. Izugarri laguntzen ari dira ekosistema kultural hobea sortzeko».
Donostiako emanaldiekin batera, datozen hilabeteetan hainbat tokitan izango da aukera Oskara ikuskizuna ikusteko. Hala, otsailetik maiatz amaiera arte, Bilbo, Errenteria, Hondarribia, Baiona, Gasteiz eta Iruñea bisitatuko dituzte, eta baita Maastricht (Herbehereak) eta Valladolid ere (Espainia). Maiaren esanetan, mugarri bat jarriko du Oskarak dantza taldean, eta biziki eskertu du Moraurekin lan egitea: «Marcosekin elkarlanean aritzea opari bat izan da, altxor bat. Nazioarteko talde garrantzitsuetan ibilia da, eta gurera etorri da artisau lan paregabea egiteko prest. Kukairentzat, aurtengoa urte berezia izango da, eta ezin hobeto sartuko gara 2017an, gure konpainiaren 15 urteak betetzeko».
Kulturaren sendagaia
'Oskara' ikuskizuna sortu du Kukai dantza taldeak, Marcos Morau koreografoarekin elkarlanean.Asteburuan estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu