Gasteizko eta Arabako askotariko kultur eragileek osatzen dute Kultura Bizia elkartea: kontzertu sustatzaileek, aretoek, soinu enpresek, antzerki taldeek, jaialdien antolatzaileek... Guztira, 35 eragile inguru dira, baina «ateak zabalik» dituzte parte hartu nahi dutenentzat. Javier Sagastume (Gasteiz, 1974) da presidentea. Gaur zabalduko dute Iradier Arenako gunea, La Excavadora eta Crim taldeen emanaldiekin.
Sektorea biziberritzeko mugarri bat izango da?
Hala espero dugu, eta ideia horrekin jarri dugu martxan egitasmoa. Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz: musikariak, teknikariak, sustatzaileak, era guztietako langileak... Eta, noski, publikoari zuzeneko musika eskaini nahi diogu. Eta, ikusten ari garenez, jendea egarriz dago, oso gogotsu.
Premia badu sektoreak arnasa apur bat hartzeko. Musikaren industriako eragile askoren egoera oso larria baita.
Bai, noski. Ehunka langilek lana galdu dute. Egoera kritikoa da. Taldeak geldirik daude, eta horien menpe bizi diren langile askok ez dute lanik, eta, ondorioz, ezta diru iturririk ere. Gurpila berriz martxan jartzea da gure helburua, eta zuzeneko ikuskizunen sektoreari burua zulotik ateratzen laguntzea. Ez diogu geure buruari lorerik bota nahi, baina oxala beste leku batzuetan halako egitasmoak martxan jarriko balira.
Azken urtean, musikariek saioak bikoiztu dituzte, formatu akustikora egokitu… Egun dauden baldintzekin beharrezkoa da formatu hau berreskuratzea?
Bai, erabat. Kontzertu akustikoak ere programatuko ditugu, eta saio bikoitzak ere egin beharko ditugu, 600 lagunentzako izango baita gehienez ere emanaldi bakoitza. Baina taldeek behar dute berriz ere oholtza gainera igo eta ohiko formatu batera itzuli, askok ezin baitute formatu akustikora egokitu beren musika. Horregatik, horrelako espazioak beharrezkoak dira, bai taldeentzat, bai kontzertu areto eta sustatzaileentzat.
Iazko udaren ostean hasi zineten hainbat eragile hitz egiten. Zerk bultzatu zintuzten batu eta egitasmo hau proposatzera?
Kontzertuak edo ekitaldi handiak programatzeko leku bat behar genuen. Hutsune hori zegoela ikusten genuen, eta urrian aurkeztu genien proposamena erakundeei. Ondo iruditu zitzaien, eta berehala hasi ginen lanean, beste eragile batzuk ere batzeko asmoz. Hasieratik argi genuen sektore osora zabaldu behar genuela egitasmoa, eta hala egin dugu. Plataforma bat sortzea zen gure asmoa, baina lege kontuengatik eratu genuen elkartea.
Zein da elkartearen funtzionamendua?
Bazkide bakoitzak sustatzaile gisa lan egiten du. Hau da, proposamenak egiten dizkio talde eragile bati. Alokairu bat ordaindu beharko du, eta, horren ordainetan, sarreren eta tabernako kontsumizioen bitartez lortutako zati bat izango da bazkidearentzat. Etengabe kontuak egiten ari gara ahalik eta errentagarriena izan dadin. Bazkide ez direnek ere antolatu ahal izango dituzte emanaldiak, halere. Bazkideek, ordea, erraztasun batzuk dituzte.
Kontzertu gutxi batzuk baino ez dira iragarri. Zein da zailtasuna?
Tira, elkartea osatu eta egitasmoa martxan jarri aurretik ezin genuen ezer programatzen hasi; beraz, ofizialki aurkeztu denean hasi gara guztia antolatzen. Egia da kontzertu gutxi batzuk iragarri ditugula oraingoz, baina ez dadila inor kezkatu, datozen egunetan ezagutaraziko baititugu beste asko. Bi agertoki izango direnez, askotariko ekitaldiak izango dira, gainera.
Uda betea izango da, beraz.
Hala espero dugu. Helburua da guneari ahalik eta erabilera handiena ematea. Egitasmoaren arrakasta faktore askok baldintzatuko dute, noski. Eta ikusiko dugu udan zein den egoera: jairik ez da egongo aurten ere; beraz, abuztua ere ez da ohikoa izango.
600 lagunentzako tokia izango da oraingoz. Kopuru hori handitzeko aukera ikusten duzue?
Unean uneko egoeraren arabera ari gara lanean, baina jende gehiago sartzeko aukerari eusten diogu oraindik, bai. Dena den, irudipena daukat aulkiekin izango garela uda guztian, eta baldintza horretan oso zaila da edukiera askoz gehiago handitzea. Baina ikusiko dugu; baikorrak gara.
Administrazioaren parte hartzea ezinbestekoa izan da.
Zalantzarik gabe. Erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza ezinbestekoa izan da. Egitasmo honek bi zutabe ditu: kultur eragileak eta administrazioa. Bestela, ezinezkoa litzateke halakorik antolatzea.
Irail bukaerara arte izango dira kultur ekitaldiak Iradier Arenan. Eta gero, zer? Hasi zarete horretan pentsatzen?
Elkarteari eutsiko diogu, baina ez dakit nola eta zertarako. Kultura Bizia proiektu honetarako eratu da, baina ez dugu aterik itxi etorkizunera begira. Agian bitartekari lanak egin ditzakegu erakundeekin? Ez dakit. Oraindik badugu denbora pentsatzeko.
Javier Sagastume. Kultura Bizia elkarteko presidentea
«Kulturaren sektoreko profesionalak lanean jarri nahi ditugu berriz»
Kultura Bizia egitasmoa gaur jarriko da martxan, Gasteizko Iradier Arenan. Urrira arte, 600 lagunentzako kontzertuak eta kultur ekitaldiak izango dira. Kulturaren «gurpila martxan jartzea» da antolatzaileen helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu