Txupinazorik gabe, baina ospakizunak Boise hartu du. Jendetza dabil Idahoko hiriburuan azken egunetan, eta, astearte gauean —atzo goizaldean Euskal Herrian— Kepa Junkerak Bilbotik emandako kontzertua hasterako, Basque Block ingurua gainezka zegoen.
Aurreko jaialdietan asteburuan lehertu ohi den jende multzoa lehen egunetik nabari da Boiseko 2015eko Jaialdian. Asko dira Euskal Herritik etorritakoak, zuzenean jaialdira, antolatutako bidaietan, eta beste asko ospakizuna aitzakia hartuta Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldea ere ezagutzeko, bidenabar. Gaurtik aurrera are jende gehiago espero da, besteak beste Kalifornia, Nevada, Utah eta inguruko estatuetako euskal komunitateetatik datozenak, baita urrunagotik ere: New York, Florida edo Argentinako diaspora, esaterako, Boisen dira egunotan.
Aurtengo berrikuntzetako bat erraldoiak dira. Donostiako Irrintzi konpartsako hamabost lagun etorri dira Boisera, eta ikusmina eta harridura sortu dute Ilargi, Eguzki eta Lurra erraldoiek. Juan Mari Zurutuzak dioenez, erraldoiak Ameriketara ekartzea ere ez da lan erraza izan. «Barruko egitura egurrezkoa da, eta ez zegoen originala ekartzerik. Orduan, lagun batek berria egin, figurak zatitu, eta kaxa batean ekarri ditugu, enpresa baten bidez. Astelehenean, hemen berriz muntatzen ibili ginen, eta ikusgarri samarra izan zen». Une batean larri ere ibili dira konpartsakoak, erraldoiak non zeuden ez zekitela. «Los Angelestik Seattlera bidean, bi egun galduta egon dira, baina iritsi dira». Egunero ibiliko dira Boisen, Iruñeko Ortzadar taldeko dantzariekin batera. Orain artekoan, alde handirik ez Euskal Herriarekin: «Jendeak errespetuz begiratzen du, jakin-minez hasieran, umeek beldur pixka batekin, eta, gero, txaloak eta oihuak. Erreakzioak antzekoak dira Euskal Herrian eta hemen».
Grina herri kirolekin
Xabi Payarentzat ez da jaialdian bertsotan egingo duen lehen aldia. Gaur izango da lehen saioa, Sports Night edo kirol gauean. «Itzela da hemen herri kirolek pizten duten grina; benetan barru-barrutik bizi dute», dio Payak. Bat dator Joseba Otaegi aizkolari zizurkildarra. Nevadako Elkon birritan egona da, baina Boise «besteak baino handiagoa» dela dio. «Hemen jende gehiago ikusten da. Harrera ona egiten digute; zaharrek beti galdetzen dizute garai bateko aizkolarien berri. Gu ere harritzen gara zenbat dakiten, eta hango egunerokoaren berri ere badute».
Nerea Ibarzabal markinar gaztearekin ariko da Paya bertsotan. Hunkituta dabil euskal etxean, Ameriketara etorritako senideak ere aurkitu berri. «Oso gustura nabil. Antolatzaileak, bikain. Ameriketan nagoela ere ahaztu dut; Euskal Herrian nagoela ematen du». Kirol gauaren ostean, beste hiru saio izango dituzte asteburuan, bi bertsotan soilik, herri kirolekin batera hirugarrena. «Ingelesez zelan egin prestatzen gabiltza», dio Ibarzabalek. Payak azaldu du zergatik: «Duela bost urte, Iratxe Ibarra eta biok egon ginen, eta, hemen askok euskaraz ez dakitela-eta, erabaki genuen zati bat ingelesez egitea. Harri-jasotzaile eta aizkolariekin batera gaudenean, gauza ikusgarriren bat egiteko asmoa dugu, eta bertso saioak direnean, berriz, didaktikoak izatea, bertso bidez bertsoa zer den ere azaltzea».
Diaspora oso indartsu ikusten du Payak: «Jaialdia diaspora bizirik dagoela erakusten duen kardiograma da, eta esango nuke indartzen dabilela. Agian, bigarren edo hirugarren belaunaldian behera egin zuen, baina orain gorantz doa, Internet eta bestelako tresnek hauspotuta». Eta Euskal Herrian ere zer ikasi badagoela uste du, «identitatea kudeatzerakoan» batez ere: «Hemen euskal izatea hibridoagoa da, likidoagoa, eta aldi berean askoz inklusiboagoa; euskaldunak dira euskaraz dakitenak, dantza egiten dutenak edo hala nahi dutenak, edo ezkonduta daudenak. Euskaldun-amerikar horiek parte etnikoa eta parte zibila zelan uztartzen duten gogoeta eder baterako gaia da».
Ekitaldi ugari
Jaialdiko programarekin batera, beste hainbat ekitaldi ere izango dira hiriko leku askotan: hitzaldiak, dantza, pala txapelketa... Boise State Universityn atzo hasi eta gaur amaituko den Joan-etorri euskal ikasketen egongo da, besteak beste, Albaolako Xabier Agote, San Juan baleontziaren berri ematen. «Hitzaldian proiektua aurkeztuko dugu, eta asteburuan stand bat ere izango dugu erakustazokan. Azken batean, Albaola AEBetan sortu zen, 1997an, Ameriketatik izeneko trainerua eraiki zenean Mainen, Ingalaterra Berrian. Argentinatik Kanadara bitarteko euskaldunak batu zituen proiektua izan zen,eta, traineru hori egin, eta Ameriketako euskaldunek erabaki zuten Euskal Herriari oparitzea», gogora ekarri du Agotek.
Denak ez dira egunotan iritsi Boisera. Judas Arrietak hilabete darama Idaho hiriburuan, euskal komunitateak antolatutako egonaldi artistikoa egiten. Haren emaitza Boiseland izan da, joan den ostiralean ireki zuen erakusketa. Ming estudioan egin du lan, eta hantxe dauzka ikusgai artelanak, Boiseko areto berri eta esanguratsuenetako batean. Arrietak haurtzaroan bizitako komiki eta marrazki bizidunen indio eta bakeroen ekarpena erantsi dio ohiko duen manga munduari, eta euskal komunitateak AEBetan hedatutako iruditerian txertatu du hori guztia. «Kondairazko lekua da Boise, hil aurretik bisitatu behar dituzun horietako bat».
Abuztuaren 22ra arte egongo da ikusgai Arrietaren erakusketa Boisen. Ming aretoa euskal film laburren gune izango da gaur eta bihar, eta hainbat zinemagileren lanak proiektatuko dituzte.
Kulturaren leherketa Boisen
Kepa Junkeraren 'streaming' bidezko emanaldia, Xabi Paya eta Nerea Ibarzabalen bertsoak eta Judas Arrietaren erakusketa batu ditu Boiseko Jaialdiak, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu