Aurretik ere martxan ziren hainbat joera bizkortu egin zituen, eta haren eragina agerikoa da oraindik ere. Bost urte joan dira Euskal Herrian COVID-19ari aurre egiteko itxialdia ezarri zenetik, eta, efemeride horren aitzakian, pandemiak eta hari aurre egiteko hartutako neurriek kulturgintzan izan duten eraginaz galdetu die BERRIAk zortzi euskal kulturgileri. Denak bat etorri dira pandemiaren eragina oraindik ere igar daitekeela kulturgintzan nahiz eta maskarak ia desagertuak dauden jada. Xalba Ramirez musikariaren, Ane Zuazubiskar bertsolariaren, Yogurinha Borova trabestiaren, Garazi Arrula idazle eta editorearen, Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibaren kudeatzailearen, Olatz de Andres dantzariaren, Ximun Fuchs antzerkigilearen eta Beatriz Herraez Artium museoko zuzendariaren iritziak dira hauek.
«Orain musikariek marketinera bideratzen dute euren lanaren zati handi bat»

Koban taldeko kide zen Xalba Ramirez (Donostia, 1990) pandemia hasi zenean. Elkartzeko zailtasunek, ordea, taldea geldi egotera behartu zuten. Nahiz eta gerora talde hark ez zuen aurrera jarraitu, Ramirezek musikari lotuta jarraitu zuen. 2022an ekin zion Nakar proiektuari, Jone Laspiur, Jokin Azpiazu eta Andoni Olaetxearekin batera. Koronabirusak inguruan izandako eragina bertatik bertara ikusi eta bizi ahal izan du donostiarrak.
Besteak beste, musika taldeen belaunaldi aldaketa azkartu egin zela dio Ramirezek. Aipatu duenez, behin itxialdia amaitu eta berriro kontzertuak emateko aukera izan zenean, talde batzuei ez zitzaien «askorik» interesatzen edukiera mugatuarekin kontzertuak ematea. Beraz, areto asko eta asko talde txikiagoen kontzertuak programatzen hasi ziren. «Chill Mafia, Toc, Ibil Bedi, Tatxers, J Martina... Nahiz eta guztiak pandemiaren aurretik sortu ziren, pandemia osteko garai hartan leku bat topatu ahal izan zuten». Orduan egindakoak bultzada izan ziren horien guztien ibilbidean.
Musikariak uste du birusak joera batzuk azkartu zituela eta beste batzuk aldatu: kontsumoarena, esaterako. «Eskasiaren kultura ekarri zuen pandemiak. Sold out-aren kultura deitzen zaio, baina, berez, eskasiaren kultura da: edukiera mugatzearen ondorioz sarrerak amaitzea, eta sarrerak amaitzearen ondorioz, ikusleari estresa edo behar batzuk sortzea». Behar horiek sare sozialen bitartez sortzen dira askotan, eta euskal taldeak ere horretan hasi direlakoan dago Ramirez.
Musikari izateaz gain, beste arlo batzuetan lan egitea ere eskatzen du joera horrek; adibidez, sare sozialetan eduki sortzaile modura jardutea: «Orain eduki asko sortzen dira promoziorako. Musikariek marketinera bideratzen dute euren lanaren zati handi bat». Bestalde, Ramirezek kezka du areto autogestionatuen inguruan. Haren esanetan, geroz eta gutxiago baitira gaztetxeak eta gisa bereko areto txikiak.
«Iruditzen zait agenda kulturala instituzionalizatu egin dela»

2019an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan «ondo» aritu ondoren, 2020a hasi berritan bolada gozoan zen Ane Zuazubiskar bertsolaria (Arrasate, Gipuzkoa, 1997): «Bertso munduan ni ezagutzeko aitzakia izan zen batzuentzat. Saio pila bat etorri zitzaizkidan». Ibilbide hori, ordea, gelditu egin behar izan zuen itxialdia ezartzearekin batera.
Bertsolaritza ez da Zuazubiskarren ogibidea, eta, arlo ekonomikoari dagokionez behintzat, ez zuen beste kide batzuenen pareko «estuasunik» izan. Gogora ekarri du Bertsozale Elkarteak «azkar» ekin ziola lanari, bertsolarien beharrei erantzuteko asmoz. Hasteko, elkartasun kutxa bat jarri zuten martxan, behar zuten kideentzat. Bestalde, etena ahalik eta laburrena izan zedin ere saiatu ziren, bertso saioak egoerara moldatuz. «Uste dut lidergoa hartu zuela diziplina artistikoari eusteko ahaleginean».
Etenaldia ahalik eta laburrena izatea zen gakoa, baina egoera ez zen erraza: «Gogoratzen dut dolu txiki bat pasatzearen antzekoa izan zela. Mundua geldi, eta zu munduari begira». Bertso eskolak eta saioak online egiten hasi ziren, eta «erabat antinaturala» zela oroitzen du Zuazubiskarrek: «Bertsoa aurrez aurrekoa da: igurtzia behar du, eta elkartzea».
Saioak berriro aurrez aurre egiteko aukera izan zenean, jendea «bertso gosez» zen, baina beldurra ere bazegoen, Zuazubiskarrek kontatu duenez. Beldurra, bai zaleen eta baita bertsolarien artean ere. Adibidez, 2020ko udan bertso saioren batera joateari uko egin behar izan zion, inguruko norbaitek positibo eman eta konfinatuta egon ondoren: «Beldur nintzen norbait kutsatuko ote nuen».
Pandemia hasi zenetik bost urte igaro diren honetan, bertsolariak nabari du ondoriorik bere diziplinan. Horietako bat izan da ibilbide luzea zuten saio batzuk galtzea, herri eta auzo batzuetako festetan eta elkarteetan egindakoak. Zuazubiskarren esanetan, «urterokoak zirelako, eta eutsi egin behar zitzaielako» mantentzen ziren saio horiek koronabirusa agertu aurretik. Geldialdiak kalte egin zien halako emanaldiei, eta horietako batzuk oraindik ez dira berriro abiatu.
Kulturgintzari begira, koronabirusaren aurreko garaiarekin alderatuz, bertsolariak uste du erabat kulturan ari ez den jendearentzat «geroz eta zorrotzagoak» direla betebehar ekonomiko eta administratiboak. «Iruditzen zait agenda kulturala instituzionalizatu egin dela. Uste dut lehendik ere bazegoen joera hori azkartu egin dela».
«Batez ere buruak egin zuen lan handia. Suntsituta bukatu zuen»

Ikuskizunak, emanaldiak, proiektu berriak... Eduardo Gabiñak (Laudio, Araba, 1969) Yogurinha Borovarena egiten du, eta haren agenda goraino zegoen 2020ko martxoan. Beste askok bezala, baina, kolpean geratu behar izan zuen, eta etxean sartu.
Arlo pertsonalari zegokionez, gogoan du «oso txarto» pasatu zuela, antsietatea zela medio. Lan arloan, ordea, sormenez gainezka ibili zen hilabete horietan: «Batez ere buruak egin zuen lan handia. Suntsituta bukatu zuen», gehitu du. Ordura arte gauez lan egiten zuen bakarrik, eta, egoerak behartuta, beste aukera batzuk bilatu behar izan zituen. Bultzada bat eman zion bere produktuak saltzeko online dendari, eta zuzeneko saioak egiten hasi zen Instagramen. Saio horiek ikustearen truke, Bizum bidezko ordainketak eskatzen zizkien ikusleei: «Eszenatoki moduko bat muntatu nuen etxean, oihal eta guzti». Ideia bila aritzen zen etengabe: «Ez 24 orduz, baina bai 21 orduz».
Diru laguntzak ere eskatu behar izan zituen artistak, baina azpimarratu du «eskasak» zirela. Hala ere, egin zuen lanaren ondorioz, aurrera ateratzea lortu zuen. Itxialdiaren ondoren ere eskatu zituen diru laguntzak, eta izena eman zuen kaleko ikuskizunak sustatzeko Bilboko Udalaren deialdian. Joxe Mari Agirretxerekin (Porrotx pailazoa) harremanetan jarri, eta Sei balore, sei kolore proiektua sortu zuten. Bestalde, Eidaberekin prestatu zuen Meri, Mari eta Lari ikuskizuna ere —haurrentzako egin zuen lehena— goitik behera moldatu behar izan zuen, aretoetatik kanpo egin ahal izateko. Gaur egun ez du duela bost urteko jardun bera, osasun arrazoiengatik emanaldi batzuk alde batera utzi ditu eta.
«Euskal kulturgintzaren hauskortasuna egiturazkoa da, eta ageriago geratu da»

«Ziurgabetasuna». Hori izan zen nagusi Garazi Arrula (Tafalla, Nafarroa, 1987) Txalaparta argitaletxeko editorearen inguruan pandemia hasi berritan: «Egokitu behar, eta ez genekien nola». Argitaletxerako edizio lanak etxetik egin behar izan zituen, eta zaila egin zitzaion etengabe bere lana eta gainerako kideena nola bideratu asmatzea.
Itxialdi garaian —eta baita ondoren ere— aisialdirako aukerak murriztu egin zirenez, jendeak berriro heldu zien alde batera utzita zeuzkan zaletasunei. Horietako bat izan zen irakurketa. «Hasieran kontrakoa pentsatu bazitekeen ere, egia da salmentak ondo joan zirela. Okerragoa izango zela zirudien», aipatu du.
Irakurtzen bezala, asko eta asko idazten ere hasi ziren. Editoreak azaldu duenez, aspaldiko oharrak garatzeko eta ideia berriei heltzeko aprobetxatu zuten batzuek pandemian. Nahiz eta horren eraginez proposamen berriak jaso zituzten argitaletxean, batzuek ez zuten biderik egin.
Durangoko Azoka izan ohi da euskal literaturaren arloko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat, bai idazleentzat, bai argitaletxeentzat. 2020an, ordea, ez zen erakusmahairik izan Landako gunean, eta salmentak online egin behar izan ziren. Arrula: «Saiatu ziren horri nolabait eusten, eta eskertzekoa da».
2020a salmenta urte «ona» izan zen, editorearentzat. Eta, 2021ean ere, gutxi gorabehera mantendu egin ziren datu horiek. «Gero ez du segida hori izan. Azken hamar urteetako datuak ikusita, guk behintzat, salbuespen modura tratatzen dugu 2020a». Arrulak ez daki pandemia izan den arrazoi nagusia, baina kontatu du azken urteetan bai paperak bai irakurketa datuek beherantz egin dutela, hala euskal literaturan nola besteetan. «Oro har hizkuntza gutxitu guztietan».
Editorearen ustez, koronabirusak ez zion mesederik egin euskal kulturgintzari, eta nabarmendu egin zituen haren ahuldadeetako batzuk: «Euskal kulturgintzaren hauskortasuna egiturazkoa da, eta aurretik ere bazegoen. Kontua da ageriago geratu dela». Haren ustez, hauskortasuna egiturazkoa den eran, erantzunak ere hala izan beharko luke.
«Sumatzen dut indibidualismo handia dagoela. Konpromisoa falta da»

Urtean berrehun ekitalditik gora antolatu ohi zituzten Azpeitian (Gipuzkoa), eta ia bat bera ere egin ezinda geratu ziren egun batetik bestera. Beste askorentzat bezala, kolpe gogorra izan zen pandemia Kulturaz kooperatibako kideentzat. Kultura sustatzea dute helburu, eta sormena eta transmisioa bultzatzen dituzte. Xabier Aranbarri (Azpeitia, Gipuzkoa, 1970) da bertako koordinatzailea, eta kooperatibako kide eta langileek hilabete horietan egindako lana azpimarratu nahi izan du: «Badu militantzia puntu bat ere».
Etxean geratzeko agindua bazegoen ere, Kulturaz-ek lanean jarraitu zuen, eta hainbat eragilerekin harremanetan egon ziren garai hartan ere, aurreragorako proiektuak sortu ahal izateko. Horietako bat izan zen Naiz Kontzertuak egitasmoa —Naiz hedabidearekin elkarlanean sortutakoa—. Behin itxialdia bukatuta, kontzertuak antolatu zituzten berrogei bat ikuslerekin, eta streaming bidez ikusgai jarri. «Horrek aukera eman zigun ikusteko gauzak antolatu zitezkeela nahiz eta mugak izan».
Kutsatzerik ez izateko neurriei jarraituz, kontzertuak San Agustin kulturgunetik Soreasu antzokira lekualdatu behar izan zituzten. Jendeak eserita egon behar zuen ekitaldi guztietan, distantzia gorde, eta maskara jarrita eduki. Hala ere, 2020 hartan ehun jardueratik gora antolatu ahal izan zituztela oroitu du Aranbarrik. Gehitu du urteen poderioz kultur ekitaldiak aurrera atera direla «modu batera edo bestera».
Hala ere, Kulturaz-ek igarri du atzerapausorik. Lehen, sormena eta belaunaldien arteko transmisioa bultzatzeko hogei bat proiektu antolatzen zituzten urtean, eta pandemian, berriz, sei izan ziren. Gainera, jendearen inplikazioa apaldu egin dela ikusi du kooperatibaren kudeatzaileak: «Sumatzen dut indibidualismo handia dagoela. Konpromiso falta dago». Jendeak beste interes batzuk dituela uste du Aranbarrik, alde batera uzten duela «parte hartzea», eta «dinamiketan sartzea» ere bai. Fenomeno hori aurretik ere bazegoen arren, pandemiak azkartu egin du, haren iritziz.
«Jada ahul zegoen dantzaren mundua: prekaritatean eta ezjakintasunean bizi ginen aurretik ere»

Olatz de Andres dantzari eta irakaslearentzat (Donostia, 1976) mugarri bat izan zen itxialdia: «Nire lana aldatu zuen». Master bat egin berria zuen, eta hari zegokion tesia idazteko aukera izan zuen. Ofizioaren inguruan hausnarketa eginarazi zion horrek: «Dantza sorkuntzaren esparruan, orain gehiago pentsatzen dut nola egon. Gehiago ohartzen naiz sistema nola babestu behar den merkatuaren presiotik». Geroztik, denboraren bueltan eraiki ditu bere proiektuetako asko.
Hala ere, nahiz eta egiten duenaz kontzienteago den, ez da erraza: «Mugimendua azkarra da oraindik ere, eta korronteak eraman egiten zaitu askotan».
Itxialdia bere jardunari buelta bat emateko baliatu bazuen ere, laguntza behar izan zuen diru sarrerak jasotzeko. Langile autonomoentzako diru laguntza eman zioten, eta, aipatu badu ere ez zuela askorako balio izan, gehitu du kide batzuk okerrago zeudela: ez zituztenez deialdietako baldintza minimoak betetzen, «korapilatsua» izan zen egoera haientzat.
Ikuskizunak eta dantza klaseak berriro hasi ziren, «poliki-poliki», pandemia baretu ahala. Kideen aldartea «oso apal» nabaritu zuen dantzariak, ordea: «Ilusioa eta borondatea dira gure lanbidearen motorra, eta pandemiak bete-betean jo zituen biak». De Andresek esan du moldatzera ohituta daudela dantzaren arloan, eta, horregatik, diziplina egoerara egokitzea lortu zutela.
Egokitzapenak egokitzapen, uste du lehendik ere bazegoela arazorik: «Jada ahul zegoen dantzaren mundua: prekaritatean eta ezjakintasunean bizi ginen aurretik ere». Dantza konpainien egiturak mantentzeko baliabide gehiagoren beharra dagoela ikusi du dantzariak, eta uste du ekoizpenetarako diru laguntzak gailentzen direla. «Geroz eta produkzio gehiago egiten dira, baina geroz eta bizialdi laburragoa dute».
«Pandemiak euskarazko emanaldien beherakada azeleratu du, eta egoera katastrofikoa da»

Idazketari bultzada «sakonagoa» emateko aukera izan zuen Ximun Fuchs antzerkigileak (Larzabale, Nafarroa Beherea, 1974) itxialdian. Oroitzen du proiektu batekin baino gehiagorekin zebilela 2020an —Zaldi urdina eta Amua antzezlanetan, ikastetxeetan hezkuntza artistikoa ematen...—. Garai hartan, familiarekin egoteko aukera ere izan zuen, eta bereziki eskertzen du hori.
Bai pandemiak bai itxialdiak lana «beste molde batera» egiteko bidea eman zion berari, baita bere lantaldeari ere: «Batez ere etorkizunera begira». Gainera, Euskal Herriko administrazio «guztiekin» lan egiten du Axut konpainiaren bitartez —«Frantziakoarekin, EAEkoarekin, Nafarroakoarekin, Akitaniakoarekin...»—, eta, osasun krisiaz geroztik, administrazio horiekin lan egiteko modua ere aldatu behar izan du: «Efizientziaren izenean, aldaketak izan dira sisteman, baita kulturaren inguruko ikuspuntuan ere».
Eszenatokietara itzultzeko aukera izan zuen garaia «euforikoa» izan zela aipatu du. Haren esanetan, jendeak bazuen antzokietara bueltatzeko gogoa, eta horren ondorio izan zen aretoak beteta ikustea. Hala ere, euforia hori ez zen iraunkorra izan, ikusleen kopuruak behera egin baitzuen: «Jendeak nahiago zuen beste aisialdi mota bat: festak, kontzertuak...».
Beherakadarik nabarmenena Ipar Euskal Herrian nabaritu du Fuchsek: kalkulatu duenez, %30 jaitsi dira euskarazko emanaldiak. «Horren eragile nagusia ez da pandemia izan, baina prozesua azeleratu du. Egoera zinez katastrofikoa da». Antzerkigileak azaldu duenez, erakundeek hartutako erabakiak ez dira euskal kulturarentzako egokienak, ez baita pentsatzen kultura herrira nola eraman. Gaur egun, kulturgintza aisialdira, industriara eta kontsumismora bideratu da gehiago: «Horrek odolustu egiten du gure pentsaera, eta elbarritu emozional bilakatzen gaitu».
Badira, halere, horren kontra egunez egun lan egiten duten eragile eta talde txikiak, eta Fuchsen ustez, hein handi batean haiei esker hauspotzen da euskal kultura. Harentzat, libertimenduak dira adibideetako bat: «arnasgune bat dira». Hala ere, erakundeek lan gehiago egin beharko lukete arlo horretan: «Ardura politikoa da denean euskal kultura sostengatzea».
«Artista gehienek zailtasun gehigarriak izan zituzten, ekonomikoki bereziki, ez baitzuten behar besteko estaldurarik izan»

Pandemia hasi zenean, urte eta erdi pasatxo zeraman Beatriz Herraezek (Gasteiz, 1974) Gasteizko Artium museoko zuzendari —2018ko abenduan hartu zuen kargua—. Erakusketa batzuk inauguratu berriak zituzten, baina batez ere, mostrak prestatzen harrapatu zituen birusak. Itxialdiak iraun bitartean, museoa itxita egon zen, baina lana ez zen amaitu: «Sare bat sortzen aritu ginen jarduerak beste bide batzuetatik antolatzeko eta artistekin genuen komunikazioari eusteko».
Sare horren adibide da, esaterako, AMA aldizkaria, bai eta aldizkariaren online bertsioa ere (AMAonline). Museoaren publikoarengandik gertuago egotea zen aldizkari horren funtzioa, eta, gaur egun ere, aurrera jarraitzen du proiektuak. Bestalde, June Crespo, Moyra Davey eta Katinka Bock artistekin «etengabeko harremana» izan zutela oroitzen du Herraezek, egoerak hobera egindakoan haien erakusketak baldintza berrietara moldatzeko. «Egoera delikatuan ziren. Beste eragile batzuentzat bezala, bolada konplikatua izan baitzen haientzat ere».
«Motela». Halakoa izan zen normaltasunerako itzulera Artiumeko zuzendariarentzat. Itxialdiaren aurretik zeuden erakusketak berriro ireki, eta ekintzak antolatzen hasi ziren, neurri guztiak betez. Museoan sumatu zuten jendeak gune itxietara joateko konfiantza falta zuela —«normaltasuna gailentzen zenean etorri nahi zuten»—, baina artea kontsumitzeko gogoa zuela.
Orain, bost urte pasatu diren honetan, Herraezek uste du egoera lehengora itzuli dela, haiei dagokienez behintzat, bai bisitariei eta bai museoaren dinamikei erreparatuta. Hala ere, ez ditu ahaztu artistek garai hartan izan zituzten zailtasunak: «Artista gehienek zailtasun gehigarriak izan zituzten, ekonomikoki bereziki, ez baitzuten behar besteko estaldura izan». Bestalde, Eusko Jaurlaritzak sortutako Bilduma Partekatua programa azpimarratu nahi izan du, zeinari esker aktibo diren artisten lanak eskuratzen diren: «Garai zail haietan, laguntza garrantzitsua izan zen». Gaur egun ere martxan dago proiektua.