Tokitan daude Oiartzungo (Gipuzkoa) Intxixu Taldearekin antzerki munduan egindako lehen urratsak. Haien sokatik etorri ziren Maskarada, Sebastopoleko Titiriteroak, Topo eta Glu Glu taldeekin egindako lanak. Baita kontalari jarduna ere. 25 urte bete ditu Joxemari Karrerek (Pasai Donibane, Gipuzkoa, 1963) azken lan horretan. Behin Munduan... (1993) izan zuen lehen ikuskizuna, segidan etorri ziren, besteak beste,Igurtzi nazazu, laztana (1995), Kondoi bakoitzak bere istorioa dauka (1998), Izena duen guztia da (2002) eta Ipuinen Bidaiaria (2009). Urteurrena ikusleekinospatuko du Karrerek gaur, Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen antzokian, 19:00etan hasita.
25 urte egin dituzu kontalari lanean. Espero al zenuen hainbesterako ibilbidea osatzea?
Ez. Normalean ez dut ezer planifikatzen. Boadellak esaten zuen antzerkia egiten zuela lana egitea ez zitzaiolako gustatzen, eta esaldi horrek balio dit niri ere.
Lana bihurtu duzu, hala ere.
Lehen bai, orain baino gehiago. Helduentzako ipuin saiorik ez dago egun, anekdotikoak dira ia-ia. Denean. Aurrekoan Koldo Ameztoik esaten zidan haurrentzat nahi dituztela saio denak Frantzian ere. Alde horretatik, kulturaren infantilizazio bat dago. Kontalaritzan, zer esanik ez. Haurrentzako eskaintzan, betelanerako erabiltzen dira kontalariak, gero eta gehiago. Helduentzako programazioa ez da existitzen ia, eta, haurrenean ere, txikienentzako nahi da: 8-9 urteko haurrentzako lanak ematea gero eta zailagoa da; 5-6 urtetik beherakoentzat nahi dira batez ere.
Koldo Ameztoi aipatu duzu. Behin edo behin esana duzu eragina izan zuela zu kontalari bihurtzeko orduan.
Batez ere, ez nuelako beste inor ezagutzen. Helduentzat eta euskaraz, hura zen erreferentzia.
Ipuin kontalaritzak ez al du irentsi zure antzerkilari jarduna?
Bai, baina kontalaritzak askoz produkzio zailtasun gutxiago ditu antzerkiak baino, askoz moldagarriagoa da azpiegitura eta euskarri aldetik. Horren ifrentzua da antzokietan ez zaituztela programatzen, liburutegira bidaltzen zaituztela. Azkenean, jendeak liburutegiekin eta haurrekin identifikatzen du kontalaritza, eta, aurreiritzi horrekin, ez da joaten helduentzako emanaldi batera. Halaxe heldu gara igandero futbol partida bat ikustera joatea normaltzat jotzera, eta masifikatu gabeko antzerki, musika edo bestelako edozein kultur emanalditara joateko ohitura arrarotzat jotzera. Txiki horien artean, musikari egiten zaio publizite gehien, etarock-and-rollak ere ez du bizitzeko ematen gurean. Pentsa ezazu hortik beherako eremuetan nola gauden.
Nola zaudete?
Laguntzak nori eskatu ere asmatu ezinda. Arte eszenikotzat daukat nik, eta uste dut liburutegietatik eta tabernetatik atera behar dela, liburutegien eta tabernen aurka ezer ez daukadan arren, beti bazterreko dibertimendu gisa identifikatzeko bide ematen duelako. Dibertimendua ondo dago, baina gure lanak badu bestelako baliorik ere. 25 urteotan okerrera egin du egoerak arlo horretan. Inork ez daki oso ondo nola tratatu kontalaritza. Ezta prentsak ere. Sormenaren munduan sartzen da kontalaritza ere, guk ere zerbait proposatzen dugu agertokitik.
Hitz egin dezagun zure proposamenez, bada. Ipuin tradizionalak gaurkotzeko beharra konstante bat izan da zure ibilbidean.
Tradizioa kontu zaharrekin, antzinakoekin lotu ohi da, txarrera hartuta, eta Txoria txori bera ere tradizioa da. Denborak ematen du tradizioa, eta tradizioa ez da gauza geldi bat. Ipuin tradizionalak ere eraldatu egin dira kontalariz kontalari, garaiz garai. Dena moldatzen eta berritzen da. Ezinbestekoa da, ipuinen sinbologia ulertzeko. Gure antzinakoek ere beren bizitza ikuspegitik kontatzen zituzten ipuinak. Oso inportantea da nork eta nola kontatzen duen eta ipuina kontatzeko arrazoia zein den.
Adibidez?
Ruandan, esaterako, ipuin asko goseak lotzen ditu. Emakume ipuin askotan, berriz, biolentzia egoerak daude. Amazoniako indigenen ipuin erotiko bat bada, oso gogorra: mutil batek neska batekin nahi du atera, eta ezetz neskak; mutilak, orduan, lagunekin elkartu, neska hil, erre eta elkarrekin jaten dute. Neska bati irakurri nion ipuin hori. Zein egoeretan eta zergatik kontatzen zioten ere idatzi zuen.
Emazteak hil eta jaten dituzten gizonen ipuinak ez dira Amazonian bakarrik.
Ez, mundu osoan daude. Azkenean, ipuinek arazoak planteatzen dituzte, bai Amazonian bai hemen, eta gogoeta kolektiborako bidea irekitzen. Ipuin tradizionalak zure egungo kezkak plazaratzeko makulu ederra dira. Niri asko interesatzen zait gai bat hartu eta ipuin batetik abiatuta eraikitzen hastea. Emakumeen aurkako tratu txarren inguruko lan bat egiten hasi nintzen, aztertzeko historiako zein momentutan hasi ziren emakumea horrela tratatzen. Mundu osoko kulturetan badelako momentu bat emakume guztiak akabatzen eta jaten hasten direna. Ipuin tradizionalak horren lekuko dira.
Eta gaurkotasun osoa dute.
Pertsonen arteko harremanez ari gara, azken batean. Inuit ipuin batean ere, bere emaztea jan nahi duen gizona agertzen da. Emazte hori abiatzen da ihesean, ezkutatzen da lagun batzuen etxean, eta, halako batean, ezkutalekutik atera eta gizona akabatzen du lantza batekin. Inuitek bukaera hori eman diote ipuin horri; berezitasun hori eman diote.
Amazonian bada beste ipuin bat, zeinetan hilekoa gizonek daukaten, ez emakumeek. Ipuin horretan, emakumeak doaz bainatzera, ondo pasatzera, eta gizonak etxean geratzen dira, itxita, garbitu bitartean. Orduan, nola kontatu behar dira ipuinak?
Nola?
Norbere ikuspegitik, beti. Bizi zaren gizartearen eta dauzkazun kezken arabera. Zer nabarmendu, zer erantsi eta zer kendu, norberak erabakitzen du. Eta zergatik kontatu. Konponbideak baino gehiago, galderak proposatzeko. Hori da arte guztien funtsa, ala? Ipuin tradizionalak herri xehearen kultura ziren. Gero, Perraultek aberatsentzako moldatu eta moraleja bat ezarri zien, aristokraten seme-alabentzako idatzi zuelako. Hark jaso zituen ipuinetan, herri xeheak boterea kritikatzen zuen.
Tabuak ere bazituen. Zeuk zein tabu izan duzu?
Begira, bada ipuin errusiar bat: Nola kendu ipuinzaletasuna.Emakume ipuinzale bati eta bere senarrari buruzkoa da. Gaia interesatzen zait, eta egitura orokorra ere bai, baina amaieran emakumea jipoitu egiten du senarrak zaletasuna kentzeko, eta ez dut asmatu oraindik horri nahi nukeen buelta ematen. Umorearen eta fribolitatearen arteko oreka ezin badut zaindu, nahiago dut ez egin.
Eta zer diozu zuzentasun politikoari buruz?
Emakumeen rola, familia ereduak, ekologia, hizkuntza... gauza asko izan behar dira kontuan egun. Baita kontraesanezkoak suertatzen diren kontuak ere. Oso zaila da hori guztia integratzea, baina interesgarria ere bai, behartzen zaituelako ertz asko kontuan hartzera. Eskema asko puskatzen laguntzen dute ipuinek. Zentzu guztietan, gainera. Lehengoan, ipuin islandiarrak frantsesetik itzultzen ari nintzela, Axularren itzalaren ipuinarekin egin nuen topo. Islandiakoa zen, baina berdina, hitzez hitz ia. Nola heldu den ipuina haraino? Ipuinak hemendik hara edo handik hona bidaiatu ote zuen? Kulturaren eraikuntzaz eta esklusibotasunaz gogoeta egiteko balio dute halakoek.
Eraikuntzarako lehengai zenbait aldatu egin dira.
Joxe Arratibel idazle eta ipuin biltzaileak esana da egungo haurrek ez dutela ezagutzen bere haurtzaroko iluntasun beldurgarria. Eta horrek garrantzi handia dauka mundu magikoan, gauez gertatzen direlako ipuinetako kontu asko. Gauak magikotasun hori galdu du. Ordezkatu beste aukerarik ez du kontalariak. Pentsamendu magiko hori lantzea interesatzen zait niri.
Zer aurkituko du ikusleak gaur Niesseneko emanaldian?
Atzera begirako bat. Hau prestatzeko orain arteko ibilbideari begiratzen hasi, eta eboluzio bat ikusi dut: hasierako ezjakintasun totaletik egungo ezjakintasun kontzienteraino [barreak]; hasierako literaturarekiko liluratik ipuin tradizionaletarako jauzira; eszenarako kontzeptua; kontaketan kantuari pixkanaka ematen joan naizen tokia; zein gai landu ditudan; zein ipuinek iraun duten gehien nirekin... Oso interesgarria izan da niretzat, nire sormen ibilbidea berrikustera ekarri nauelako, gogoeta egitera.
Joxemari Karrere. Kontalaria
«Kulturaren infantilizazio bat dago; kontalaritzan, zer esanik ez»
Mende laurden kontu kontari. Horixe ospatuko du gaur Errenteriako Niessen antzokian, 'The Best of Joxemari Carrere' ikuskizunaren bitartez. 25 urteotako ibilbidea errepasatuko du han, pasarterik maiteenak lagun. Ibilbide horretan ikasitakoaz eta aldatutakoaz mintzo da bezperako elkarrizketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu