Azkaraterekin batera, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kultura diputatuak izan dira aurkezpenean: Josune Ariztondo eta Maria Jesus Aranburu. Lorena Lopez de Lacalle, Arabako kultura dipututatua, ez da azaldu prentsaurrekoan, «agenda arazoak» zirela eta. Guztiek «aurrerapausotzat» jo dute KEPek kulturaren sektorea kudeatzeko bide berriak zabaldu izana. Ariztondok «kultur politikagintzarako plan estrategiko nazionalaren beharra» azpimarratu du. Azkaratek, berriz, administrazio publikoen eta euskal kulturako eragile adierazgarrienen arteko «elkarlana» goraipatu du: «Plan irekia eta malgua izan da, baita erabakiak hartzerakoan ere».
Sailburuak esker ona azaldu die «proiektuan buru-belarri aritu diren politikari, teknikari eta kultura eragileei». Izan ere, Eusko Jaurlaritzako sailek, foru aldundiek eta udalek elkarrekin garatu dute KEP. Azkaratek prozesuan «zailtasunak» izan dituztela aitortu du, batez ere «neurri ekonomiko eta fiskalak» eskatzen zituzten arloetan. Hala ere, agiria indarrean dagoenetik Kulturaren Euskal Behatokia, Kulturaren Euskal Batzordearen egitura operatiboa eta Etxepare Euskal Institutuak sortu dituztela gogorarazi du sailburuak. Arteen eta Kultur Industrien Euskal Institutuaren proiektua, ordea, «onartzeke» geratu da.
Egitasmoak «lehentasunezko bost helburu» izan ditu: egitura solidoek eutsitako sorkuntza eta ekizpena lehenestea, kultur integraziorako ahalegina egitea, nortasuna indartzea, modernizazioa eta kanpo proiekzioa. Horren inguruan, Kulturaren Euskal Batzordeak hamar ardatz estrategikotako 120 ekintza jorratu ditu eskulangintzaren, antzerkiaren, dantzaren, ikusizko arteen, literaturaren, ikus-entzunezkoen, ondarearen, liburutegien, agiritegien, museoen, musikaren eta lurralde garapenaren arloetan.
Sailburuak mahai gainean jarri ditu ardatz estrategikoen dekalogoa eta haien betetze maila: Kulturaren Euskal Sistema eraikitzea erakundeak, baliabideak eta eragileak elkartuta eta lurraldeen arteko kultura sarea osatuta (%95,8); Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kulturaren bilakaeraren informaziorako eta jarraipenerako sistema bat ezartzea eta sektoreko plan estrategikoak eta egoeraren azterketak egitea (%100); kultura gordetzeko, ikertzeko, sortzeko, ekoizteko, merkaturatzeko eta hedatzeko politika berriak aplikatzea (%50); kulturaren ondarea eta haren balio katea dinamitzatzea (%79,8); ikusizko arteak eta arte eszenikoak bultzatzea (%94,8); kultura industriak bultzatzea (%83); kulturaren arloan euskararen erabilera bultzatzea (%100); ezagutzaren gizartearen esparruan kultura bultzatzea gizarte kohesioko ardatz gisa (%76,8); sorkuntzan eta ekoizpenean teknologia eta adierazpide berriak berreskuratzeko (%87,2) eta egoki erabiltzeko bultzatzea eta euskal kultura nazioartean ezagutaraztea (%87,5).
II. KEP martxan
KEPa gauzatzeak 11.591.000 euroko inbertsioa ekarri du dagoeneko. Datuen arabera, planaren bitarteko ekonomikoak %60 hazi dira agiria onartu zutenetik. Izan ere, aurrekontua ia bost aldiz handiagoa da 2009an 2004arekin alderatuta. KEParen hasierako inbertsioa 776.000 eurokoa izan zen eta urtero %46 hazi da batez beste. Hala, 2009an 3.599.000 euroko inbertsioa egin asmo du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak. Martxan da, beraz, II. KEP garatzeko proposamena: «Kulturaren Euskal Batzordearen osoko bilkurak lan dokumentu bezala erabiliko du momentuz», argitu du Azkaratek.
Sailburuak «azken urte eta erdian» egindako lorpenekin alderatu ditu 2006ko egoeraren diagnostikoaren emaitzak. Izan ere, urte horretan, planaren %58,42 bete zen. «Beharrezko eginkizunen definizioa egin genuen, ekintza guztiek ez dutelako eragin berbera». Horrela, proiektua sendotzeko «ekintza eragile edo traktoreak» aukeratu zituzten. «Eginkizun horiek betetzeak fruituak eman ditu».
Ariztondok KEParen «iraunkortasuna eta sinesgarritasuna» goraipatu ditu, proiektuarekin aurrera egiteko bidea zabaldu duelako. Aranburuk, berriz, kultura «nortasunaren adierazgarritzat» jo du egitasmoa. Diputatuak aurreratu duenez, planak egitura sendoa emango die aurrerantzean landu beharreko egitasmoei.
3,6 milioi euro
2009KO INBERTSIOAAurrekontua. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 3.599.000 euro jarriko ditu 2009an Kulturaren Euskal Planaren garapenean sakontzeko. Aurrekontua 2004an onartutakoa baino ia bost aldiz handiagoa izango da aurten.